Azken garaian gero eta ohikoagoa da metodo biometrikoak aipatuta ikustea, baita halako metodoak erabili behar izatea edo erabili nahi izatea. Wikipedian hala definitzen dira:

Identifikatzaile biometrikoak gizabanakoak etiketatzeko eta deskribatzeko erabiltzen diren ezaugarri bereizgarri eta neurgarriak dira. Erabilienen artean daude hatz-markak, ahotsaren ezaugarriak, aurpegiaren formak, begiaren irisa, eskuaren geometria, belarrien forma, esku-ahurraren markak, eskuzko idazkera edo sinadura eta DNA.

Sistema biometrikoekin gertatzen ari denak atentzioa deitzen dit, zeren kontrajarritako bi “bezero” motari begira ezartzen edo “saltzen” ari dira. Alde batetik, aberatsei zuzendutako gehigarri moduan saltzen dira, horrela autoa martxan jartzeko, telefonoa aktibatzeko edo bankuko kontuak erabiltzeko sistema biometrikoak eskaintzen zaizkie kuota gehigarri baten truke, edo goi gamako modelo bat erosiz gero, beti halako “elite” baten partaide bihurtzeko kutsuarekin. Langileei eta prestazio sozialen jasotzaileei, berriz, gero eta gehiago behartzen zaie halako sistemak erabiltzera, batzuetan erosotasunarengatik (norena?) eta beste batzuetan, esaten ez bada ere, ohiko metodoekin (ez biometrikoak) iruzurra egin dezaketelakoan. Erabiltzaile arruntok nola harrapatuko gaituzte? Elite garela sinestaraziz edo behartuta?

Egia esan, estatuak, eta bereziki poliziak, gure datu biometriko garrantzitsu bi izan ohi ditu: hatz-markak eta argazkia, derrigorrez eman behar izan ditugunak nortasun agiria edo pasaportea eskuratu ahal izateko. Diktaduraren garaian hatz-markak nortasun agirian bertan agertzen ziren, eta egia esan askok lotsa pasa dugu agiria erakustean, datu biometriko horiek hain agerian agertzeak pertsona susmagarri bihurtzen gintuelako beste herrialdeetan (edo hala uste genuen). Gaur egun, datu biometriko hori ez da agertzen agirian bertan, seguruena behar ez dutelako, biltegiratuta dutena eskuragarri baitute komunikazio-sarearen bitartez.

Eragozpenak

Biometrian oinarritutako sistemen aurka agertzeko ditudan argudioei ekin baino lehen, gogora ditzagun identifikazio-prozesu digitaletan kontuan hartzeko faktoreak. Lau dira faktore nagusiak: erosotasuna, eraginkortasuna, pribatutasuna eta onargarritasuna. Pribatutasuna da biometriaren alde ahulena, datua behin emanez gero betiko ematen delako; beraz, arreta handia izan behar da datuen biltegiratzearekin, eta oso ondo pentsatu nori emango diogun (gerta daiteke haiei ere gure datuak lapurtzea). Lapurtutako edo gaizki erabilitako datu biometriko horietatik hainbat informazio garrantzitsu inferi daiteke gainera: sexu edo adinetik gaixotasunetara (adibidez, hatz-aztarnen patroi batzuk gaixotasun kromosomikoekin lot daitezke eta jokabidean oinarritutako sistema biometriko gehienak gaixotasun neurologikoekin).

Segurtasun fisikotik (etxeak, banketxeak…) badakigu metodo gehienetan erosotasuna eta eraginkortasuna ez datozela bat, horrexegatik segurtasun-estrategiak normalean korapilatsu samarrak izaten dira. Metodo biometrikoekin pentsarazi nahi digute biak batera lor daitezkeela. Erosotasuna da metodo biometriko askoren ageriko ezaugarria (hatzamarra jartzea hatz-marken irakurgailuan, aurpegia erakustea kameraren aurrean, mikrofonoari zerbait esatea), Baina Igor Leturiak blog honetako artikuluan ondo azaldu duenez, metodo hauek arazo larriak dituzte eraginkortasunaren aldetik. Bost ezaugarri aipa daitezke eraginkortasuna kolokan jartze aldera: fidagarritasuna, lapurtzeko aukera, ordezkotasuna, aniztasuna eta kalteak. 

Fidagarritasuna metodoaren araberakoa da, baina sinpleenak eta erosoenak (aurpegia eta ahotsa) ez dira fidagarriak, eta ohikoak dira positibo eta negatibo faltsuak. Gainera, argazkietan arrazaren araberako alborapena gertatzen da. 

Lapurtzeko arriskua ez zaigu iruditzen hain handia hasiera batean, baina ondo pentsatuta, ahotsa grabatzea edo aurpegiari argazkia egitea birus askok egiten dute. Hatz-markak lapurtzea zailagoa da, baina dispositiboak ugalduz gero ez dirudi hain arraroa izango denik. Eta lapurtzen badigute ez dago ordezkatzerik, datu biometrikoen ezaugarria hori baita. Hau ahulezia handiena da. Are gehiago, pasahitzekin-eta gomendatzen digute gako desberdinak erabiltzea zerbitzu desberdinetarako, baina biometrikoekin aniztasun hori ezinezkoa da. 

Onargarritasuna da orain arte aipatu ez dugun faktorea. Erosoak ez diren metodoak ez ohi dira onartzen (DNA esaterako), baina erosoak izanda batzuek estigmatizazio soziala dakarte edo kontrol-soziala (Txina jarri ohi da horren paradigma gisa) bultza dezakete. 

Laburbilduz, identifikazio-sistema biometrikoen aurka eragozpenak daude lau ezaugarri nagusietatik hirutan: pribatutasuna, eraginkortasuna eta onargarritasuna. Hiruretako bakoitzagatik baztertu beharko lirateke, baina hiruak kontuan hartuta are gehiago. Gainera, aipatutako ezaugarrietan aipatzen ez den faktore bat ere kontuan hartu behar da, gerta daiteke biometriaz babesten ari garena baino garestiagoa/larriagoa izatea horrek sortzen duen arriskua. Adibidez, 2005ean, Malaysian, auto lapur batzuek hatza moztu zioten gizon bati S-class Mercedes bat lapurtzen saiatzeko.

Legedia 

Aurrekoaren aurrean, amaitu baino lehen, erakunde publikoek duten jarrera aztertu nahi dut, azaletik ez bada ere. Esan bezala, garai batean estatuak ziren halako datuak biltzeko baimena zuten bakarrak, baina gero eta enpresa gehiago ari dira horretan. Datu pertsonalen babes eta tratamenduari buruz aritzen den Espainiako 7/2021 legeak babes berezia aurreikusten du datu hauetarako baina, hala ere, erabilpenerako aukera zabal samarra uzten du. Banketxeek, adibidez, ezin dituzte erabiltzaileak behartu, baina baimena emanez gero, aukera daukate. Lanbidek, dirudienez, behartu ditzake.

Zelatatze masiboaren aldetik, administrazioak gero eta gehiago ari dira egiten, aurpegien ezagutzaren bidez batez ere, bideokamerak nonahi jarrita. AEBko San Francisco hiriak beste norabide bat hartu du eta erabilera horiek debekatu ditu nolabait. Gasteizen, berriz, tematuta daude gero eta kamera gehiago jartzen.