Asko idatzi da Estatu Batuen eta Txinaren arteko gatazkari buruz. Txina potentzia ekonomiko oso handia bihurtzen ari da eta Estatu Batuei itzala egiten hasi da, teknologikoki aurre hartzera helduz. 5G teknologia, adibidez, egoera honen erakuslea da, Huawei enpresak 5G-aren hedapenean abantaila handia hartu du eta badirudi hori ez dela oso gogokoa Etxe Zurian. Egia esanda, gatazka honen alde ekonomikoari buruz asko hitz egin da, hau da, zeinek galduko duen diru eta botere gehien. Pertsonalki, informatikaria eta software libre zalea naizenez, beste ikuspuntu bat ere landu nahiko nuke: mugikorretan dagoen kontrolarekin apurtzeko aukerari buruz, alegia. 

Estatu Batuak Txinako enpresei mugak ezartzen hasi da, eta guztien artean ezagunena Huaweiren kasua izan da. Huaweiri Estatu Batuetako enpresen produktuak erabiltzea galarazi diote, besteen artean Google-ek eskaintzen dituen zerbitzuak. Askok uste dute honek hondamendia ekarriko duela, Google Play, Youtube edo Android gabeko mugikorrik ez direlako salduko.

Huaweiri Estatu Batuetako enpresen produktuak erabiltzea galarazi diote, besteen artean Google-ek eskaintzen dituen zerbitzuak. Txioka nazazu!

Egoera honek agerian utzi du gehiegizko dependentzia teknologikoak arazo larriak ekar ditzakeela, nahiz eta Huawei bezalako multinazionala izan. Munduan saltzen diren mugikorren artean, Huawei da 2. saltzailerik handiena, baina egoera honen aurrean galerak izango dituela iragarri du. Nire ustez, agerian gelditu da mugikorren munduan monopolio bat existitzen dela, eta ez dut uste inor harrituko dudanik honako adierazpenarekin. Mugikorrak saltzen dituzten enpresa asko badaude ere, denek sistema eragile berdina erabiltzen dute: Google Android. Bai, egia da, Iphone telefonoek beste sistema bat dute, Ios, baina lehengo munduko patriken %90ean Google-en kontrolpean dagoen Android topatuko dugu. 

Android bera kode irekia da, edonork har dezake eta bere gainean sistema osoa eraiki.  Enpresa pilo batek lan handia egiten dute honen alde, beraz zein da arazoa? Android software librea bada zergatik esan monopolio bat dagoela? Bueno, oinarrian kode irekia bada ere, bere gainean software pribatiboko geruza bat baino gehiago daude, guri buruzko informazioa jaso eta bidaltzen duena, eta hor dago gakoa: nahiz eta kodea irekia izan guri espioitza egiteko erabiltzen bada, ez gaude aurrerapauso handirik ematen.

Google oso ondo aprobetxatu da software libreak eskaintzen dituen tresnetaz eta horregatik Google Android izan da mugikorretan gailendu den sistema, Windows Phone edo Samsungeko Tizonen gainetik. 

Agerian gelditu da mugikorren munduan monopolio bat existitzen dela, eta ez dut uste inor harrituko dudanik honako adierazpenarekin. Mugikorrak saltzen dituzten enpresa asko badaude ere, denek sistema eragile berdina erabiltzen dute:… Txioka nazazu!

Historia pixka bat…

Zuen baimenarekin denboran atzeraka joango gara, 2005. urtera, Google-ek Android.inc enpresa erosi zuen urtera. Garai horietan, telefono mugikorrek ez zuten Internet. Txikiak ziren, tapadunak, eta tolestuta sartzen genituen poltsikoetan (bueno, denak ez, nokiako telefono asko ez,  baina bueno). Urte horretako mugikorrik salduena Motorola Razr izan zen, nire adinekoak garenok oso ondo gogoratuko duguna, tapadun mugikorrik handiena eta finena baitzen. Telefono hauekin, orokorrean deiak jaso, egin, SMSak bidali eta zortea zutenek agian jokuren batera jolasten zuten. Enpresa bakoitzak bere sistema, aplikazio eta kargadore propioak zituen, beraz Nokia mugikorra zuenak ezin zuen Motorolako kargadore bat edo aplikazio bat erabili eta alderantziz. Ez zegoen estandarrik eta 4-5 kargadorerekin ibili behar ginen, bakoitza bere gailurako. 

Ez ginen 24 orduz internetera konektatuta egoten (nahiz eta askok kontrakoa nahi izan), ez zegoelako aukerarik, kalean geundenean wifia bilatu behar genuen portatilak konektatu ahal izateko. Facebook eta sare sozialak oraindik ez  ziren existitzen, eta Google informatikako enpresa bat zen. Egoera honetan, Android.inc-ek linuxen oinarritutako sistema eragile bat sortu zuen, hurrengo belaunaldiko mugikorretan pentsatuz. Google-ek Android.inc erosi zuen, mugikorren munduan sartzeko asmoz. Handik urtebetera beste enpresa batzuekin batera Open Handset Alliance sortu zuen mugikorretan estandare libreak hedatzeko, eta horrekin batera Android exekutatzen zuen lehen mugikorra aurkeztu zen. Handik urte gutxi batzuetara merkatuan zeuden beste sistemak desagertu ziren (nork du Blackberry bat gaur egun?) eta Ios izan ezik, Android  izan da gaur egun erabiltzen dugun sistema bakarra. 

Nork dauka galtzeko gehien?

Honek Huaweiren kasura eramaten nau berriz. Estatu Batuek Huawei zerrenda beltzean gehitu dute, eta ezingo du Google, Intel edo antzeko produkturik erabili. Android gabeko mugikorrak saltzen hasi beharko da, baina zer topatuko dugu bere ordez? Aspaldi hitz egiten zen Huawei lizentzia irekitan oinarritzen zen sistema alternatibo bat sortzen ari zela, nahiz eta oso sekretupean eraman. Azken hilabetetako gertaerekin batera gero eta gehiago hitz egin da gai honi buruz, Huawei berak konfirmatu duen arte. Androiden konpetentzia zuzena izango litzateke sistema berri hau, eta Huaweiren tamainako multinazional bat izango du atzetik, horrek dakarren indarrarekin. Bi sistema egongo liratezke, erabiltzailearen ikuspuntutik oso antzekoak izango liratezkeenak, antzeko aplikazioekin baina ezberdintasun nabarmen batekin: lehen Estatu Batuetara bidaltzen zuten informazio guztia orain beste toki batera bidaliko da.

Aspaldi hitz egiten zen Huawei lizentzia irekitan oinarritzen zen sistema alternatibo bat sortzen ari zela, nahiz eta oso sekretupean eraman. Azken hilabetetako gertaerekin batera gero eta gehiago hitz egin da gai honi buruz, Huawei berak konfirmatu… Txioka nazazu!

Badirudi gatazka honen galtzaile bakarra Huawei dela, baina Google-ek ere informazio asko dauka galtzeko. Google-ek zerbitzuak eskaini ahal izateko gure eguneroko bizitzari buruzko informazioa etengabe jaso eta prozesatu behar du. Bat-batean mundu mailan mugikor gehien saltzen duen bigarren enpresak ez badio inolako informaziorik bidaltzen, bere zerbitzuen kalitatea jaitsiko litzateke. Adibidez, trafiko arazoak detekta ditzake mugikor asko errepidean geldirik daudenean. Txinatik datorren informazio guztia Google-en esku egon ordez, Huaweiren esku badago, Google-ek galerak izango ditu.

Europa erdian gelditu da, eta ez dauka inolako arazorik Huawei gailuak erosteko, oso gutxi dauka galtzeko, eta asko irabazteko. Google-entzat hondamendia litzateke Europako mugikorren ehuneko handi baten informazioa bat-batean beste toki batera bidaltzea, gaur egun duen hegemonia apurtuz eta datuen negozioa zati gehiagotan banatuz.    

Esperientziak erakutsi du sistema baten arrakasta eta exekuta ditzakeen aplikazio kopurua guztiz uztartuta daudela. Erabiltzaileen behar eta gogoak asetzeko gai diren aplikazio nahiko ez badago, sistemak ez du arrakastarik izango. Alde honetan, Android-ek oso ondo jokatu ditu bere kartak, opensource den ingurunea sortuz, jendeak bere proiektuak egin ahal ditzan, baita onura ekonomikoa atera ere. Era honetan, 2000 aplikazio baino gehiago existitzen dira Google Playn eta Huaweik arrakasta izan nahi badu, bateragarritasuna bilatu beharko du.

Esperientziak erakutsi du sistema baten arrakasta eta exekuta ditzakeen aplikazio kopurua guztiz uztartuta daudela. Erabiltzaileen behar eta gogoak asetzeko gai diren aplikazio nahiko ez badago, sistemak ez du arrakastarik izango. Txioka nazazu!

Aplikazioak garatzen dituztenentzat, ez du arazo handirik suposatzen bi sistemetarako aplikazioak egitea bateragarritasunak benetan funtzionatzen badu, ondo eginda badago. Garatzaileek aplikazioa egin ondoren, bi biltegitara bidal dezakete logikoa denez: aplikazioa ahalik eta erabiltzaile gehienek erabiltzea nahi dute, eta zein sistematan exekutatzen den bost axola zaie. 

Nire ustez, erabiltzaileek aukera gehiago edukiko baditugu zerbait irabazi dugu: Sistema ezberdinen artean hautatzeko aukera izango dugu, baina horrek ez gaitu orain dela 10 urteko egoerara eramango, denak bateraezinak zirela beraien artean; kasu honetan programa berdinak erabili ahalko genituzke, eta sistemak hobekuntzak gehitu beharko dituzte beraien artean ezberdintzeko. Holako egoera batean erabiltzaileok aukera gehiago izango ditugu. 

Bi enpresen artean zeinek galtzen edo irabazten duen hitz egin dugu, baina oraindik ez gara sartu niretzat garrantzi handia duen gai batean: enpresa multinazional hauek erabiltzaileen datuekin zer egiten duten. Horregatik gai hau alde batera utzi eta gatazkaren beste arrazoietariko bati buruz hitz egingo dugu. Argi geratzen da nire ustez erabiltzaileen kontrola eta datu bilketa dela benetako arazoa, edo orokorrago esanda, hegemonia teknologikoa da gatazkaren gakoa. Estatu Batuek Txinako garapenei mugak jarri nahi dizkio, kontrola mantentzeko asmoz; baina bere ekintzen ondoren agian kontrakoa lortzen du, milioika pertsonen datuak galduz. Beste alde batetik, badirudi guda komertzial honek Huaweiren prioridadeak aldatu dituela. Aspaldi zeraman sistema berri bat egiten, baina azken hilabeteetan garapena asko azkartu da. Nire ustez erlazio zuzena dago gatazka eta sistema berriaren publikazioa azkartzearen artean. Google-ekiko gehiegizko menpekotasunetik askatzeko beharra garrantzia irabazten joan da aurten.

Ez gaitezen engainatu: Huawei edo Google garatzen dituzten sistemak ziur espioitza egiteko tresnak izango dituztela.  Linux bezalako sistema askeak erabiltzen badituzte ez da gure mesedetarako, ekonomikoki merkeago ateratzen zaielako baizik. Beraz, hemendik urte pare batera  gure informazio guztia Estatu Batuetara bidali ordez hautatu ahalko dugu ze enpresa/estatuk espiatuko gaituen: Estatu Batuak, Txina ala beste bat. Ez dirudi panorama ederra, egia esanda. 

Estatu Batuek Huawei  espioitza egiteaz salatu dute, 5G sarea erabiliz gure etxeetan sartuko zirela esanez. Esan bai, baina frogarik aurkeztu ez. Froga guztiak Estatu Batuen kontra izan dira, publikoki agerian geratu baita Estatu Batuetako segurtasun agentziek edozein Android mugikorretan sartzeko aukera dutela. Nor da espioitza egiten duena? Eta nire ustez garrantzitsuagoa: zer egin egoera hau ekiditeko? Alternatibak existitzen dira? Bai, existitzen dira eta horren inguruan osteguneko artikuluan hitz egingo dugu lasai eta sakon.