Bideo-jokoen industria etengabeko aurrerapenetan murgilduta bizi da. Ordenagailuen zein kontsolen belaunaldi berriak hemen ditugu, baina gaur egun jokatzea ahalbidetzen duten aukeretako batzuk baino ez dira. Teknologia berriez baliatuta garatzaileak zaletasun honetan gozatzen aritzeko gero eta alternatiba gehiago eskaintzen ari dira.
Streaming zerbitzuak gutako askoren aisialdirako ezinbesteko tresnan bilakatu dira azken urteotan. Filmak, telesailak zein musika digitalki kontsumitzeko biderik erabiliena dira gaur egun; horren atzean industria horien zatitxoak bereganatzen hasi diren enpresa eta zerbitzuk desberdinak ditugu. Netflix, Disney+, Spotify eta beste hainbatek mundu osoko etxebizitzetara iritsi dira.
Bideo-jokoek, bestalde, horiek erreproduzitzeko bereziki sortutako plataforma eta tresnetan bizirauten jarraitzen dute, batez ere bideo-jokozaleen publikorik sutsuena osatzen duten zaleen artean. Kontsolak eta ordenagailuak nahitaezkoak dira bai AAA mailako joko erraldoietara zein estudio txikiek eratutako lan txikietara jokatzeko. Mugikorretako jokoen merkatuak gero eta txoko handiagoa izatea lortu duen arren, horren zorrotza ez den publiko orokorrago bati zuzenduta dago.
Halere, azken urteetan bideo-jokoaren industriak streaming edo hodei bidezko zerbitzuekin lehen saiakera serioak egiten ikusi izan dugu. Lehen proiektu xumea 2000. urteko E3an ikusi genuen: G-Cluster enpresak G-Screen izeneko zerbitzua aurkeztu zuen bertan. “Kalitate handiko jokoak pantaila txikietara eramateko” promesa egin zuen enpresak: hoteletan, aireportuetan edota kafetegietan kokatutako sarbideen bitartez Wi-Fi teknologia erabiltzen zuten ordenagailuek edo enpresak garatutako gailu bereziek garaiko joko handietara jokatzeko aukera edukiko zuten zerbitzu honen bitartez.
Arduradunek agintzen zutenez, “jokalarien lan gustokoenak beraien eskuetara eramango zituzten zuzenean”. G-Screenek ez zuen arrakasta handirik izan, baina hainbat urtez jarraitu zuten martxan Konamiren Pro Evolution Soccer bezalako lanak eskainita zerbitzuaren baitan.
Izen handirik lortu gabe G-Clusterren proiektuak hodei bidezko bideo-jokoen hastapenak ezarri zituen. Streaming zerbitzuak benetan abiarazi zituzten bi ekimenak urte berean hasi zuten ibilbide hori, 2010ean hain zuzen ere. OnLive eta Gaikai zerbitzuek jokoak Internet bidez gozatzea ahalbidetu zuten era guztietako gailuetan.
OnLivek Windowsen funtzionatzeaz gain aparatu propioa eduki zuen, OnLive Game System deitutakoa. 5 Mbit/s-ko abiadurarekin Assassin’s Creed II, Batman Arkham Asylum, Dirt 3 edota Unreal Tournament 3 bezalako jokoetara aritzeko aukera eskaintzen zuen.
Gaikaik ere antzeko eskaintza izan zuen, kasu honetan nabigatzailetik jokatzeko: Facebook eta Youtube bidez euskarria eskaintzeaz gain EAren Origin plataformako edo Ubisoften Ubishop saltokiko produktuetara jokatzeko erabili zitekeen. Zerbitzua Mass Effect 2, The Sims 3 eta Dead Space 2 bezalako jokoekin estreinatu zen ofizialki 2011n.
Beraz, zer da hodei bidezko jokoa? Modu azkar batean azalduta, hodei bidez jokatzerakoan bideo-jokoak ez dira gure PC, kontsola edo mugikorretan exekutatuko. Erabilitako zerbitzuaren egoitzetako zerbitzariek abiarazten dute jokoa, eta hortik seinalea gure gailuetara bidaltzen dute, guk geuk jokatzeko. Mugitutako informazio kopuruarengatik abiadura handiko sarea edukitzea ezinbestekoa da: guri jokoaren irudia eta soinua bidaltzeaz gain, guk zanpatutako kontrolak bidali behar ditugu bueltan. Horrek konexio egonkorra eta bizkorra eskatzen du, bestela irudia galdu edo emandako aginteak atzerapenarekin exekutatuko baitira.
Izandako arrakastaren ondorioz bideo-jokoen munduko enpresa garrantzitsuenetako baten begirada erakarri zuten bi zerbitzu hauek. Sonyk PlayStationeko jokoetarako teknologia hau nahi zuen, eta 2012an Gaikai erosi ondoren, 2015ean OnLiven patenteak erosi eta zerbitzua bertan behera geratu zen. Teknologia horiei esker jaio zen gure zerrendan aztertuko dugun lehen streaming zerbitzua: PSNow.
PSNow (PlayStation 5, PlayStation 4, PC)
Prezioa: 9,99 euro hilero, 24,99 euro hiruhilabetero eta 59,99 euro urte osorako.
Katalogoa: sakatu hemen.
Sonyren zerbitzua 2014an jaio zen AEBetan, eta urtebete beranduago iritsi zen Europara. PlayStation 5ean eta 4an erabili daiteke gaur egun. Horietan PS2, PS3 eta PS4ko jokoen zerrenda zabal batera jokatu daiteke bai hodei bidez zein jokoak kontsolan deskargatuta; guztira 800 obra baino gehiago biltzen ditu zerbitzuak, Sonyren lan ezagunak, third party garatzaileek egindako jokoak zein indie estudioen lanak aurkituz bertan. Hilabetero produktu berriak gaineratzen dituzte.
Sonyren kontsoletan erabiltzeaz gain, PCrako programa ere dauka PS Now-k. Bertan bideo-jokoen zerrenda urriagoa aurkituko dugu, baina noizean behin Spider-Man, Uncharted 4 eta Bloodborne bezalako obrak gehitu izan dituzte. Hori bai, PCan jokatzeko agintea ezinbestekoa da: Sonyren DualShock 3, DualShock 4 eta DualSense aginteekin batera XInput erabiltzen duen edozein aginte erabili daiteke, Xboxekoa adibidez. Azken hauek erabilita akatsekin topo egin dezakegula nabarmendu beharra dago. DualShock 4aren ukipen pantaila botoi bezala erabiltzeko programa bereziak erabili behar dira, bestela ezingo dugu aurrera egin joko batzuetan. Errendimenduari dagokionez 1080p-ko bereizmenera iristen da PS Now; segundoko irudien tasa jokoaren araberakoa da, 60 fps-tara arte helduta.
PlayStation kontsola bat baldin baduzu, hau da erabili dezakezun hodei bidezko zerbitzu bakarra. PS Now-k ondo funtzionatzen du, eta horrez gain produktuen katalogo benetan zabala eskaintzen du. Orokorrean, arraroa izango da jokatu nahi duzun lan hori ez aurkitzea. PCko kasuan Sonyren jokoetara legalki jokatzeko bidea da, eta PlayStation 4ko lanen kasuan, modu bakarra. Halere PCkoak adi ibili behar dira, zerrendako jokoak agertu eta desagertuz doaz-eta.
Xbox Game Pass (Android; Xbox Series, Xbox One, PC, iOS*)
Prezioa: 12,99 euro hilero.
Katalogoa: sakatu hemen.
Project Xcloud edo Xbox Cloud Gaming deitutakoarekin Microsoftek bere markako bideo-jokoak plataformen ekosistema zabal batera eraman nahi ditu. Microsoft Azure teknologiaz baliatuta 2019an beta moduan hasi zuen bere ibilbidea Xcloudek, eta joan den urte bukaeran Xbox Game Pass Ultimate harpidetza zerbitzuaren baitan sartu zuten streaming zerbitzua.
Gaur egun Android sistema eragilea erabiltzen duten gailuetan soilik jokatu daiteke hodei bidez; 720p-ko bereizmena eta 60 irudi segundoko tasa eskaintzen ditu. Etorkizunean Xbox kontsoletan, PCan zein iOS gailuetan ahalbidetuko dute. Beraz, oraingoz Xbox Game Pass aplikazioa jaitsita Android mugikor eta tableten bidez obren zerrenda zabal batera jokatzeko aukera eskaintzen du harpidetzak.
Euskarria daukaten aginteak erabilita 100 joko baino gehiago izango ditugu eskura, edonon jokatzeko. Ukipen-pantailako kontrolak erabili daitezke gainera, baina joko zehatz batzuetan soilik. Microsoften Xbox Game Studios osatzen duten garatzaileen lan mordoa aurkituko ditugu hemen: Halo: The Master Chief Collection edota Forza Horizon 4 adibidez, baina baita beste estudioek egindako lanak ere: Celeste, Skyrim, Dragon Quest XI eta gehiagotara jokatu dezakezu zure mugikorretik.
Xbox Cloud Gaming PCra eta iOSera udaberri honetan iristea aurreikusten dute arduradunek. Ordenagailuen kasuan Xbox Game Pass programatik funtzionatuko du, eta iOS gailuetan nabigatzaile bidez egin beharko dute Applek ezarritako mugen ondorioz.
Xbox kontsolek ere zerbitzu berbera jasotzeko lanean ari direla adierazi du Phil Spencer Xboxek arduradun nagusiak. Halere, aurretik beste plataformetarako lanean ari dira.
Beste zerbitzuekin alderatuz garestiagoa da Xbox Cloud Gaming, baina hori Xbox Game Pass Ultimaten barruan egotearen aitzakia da. Hodei bidez jokatzeaz gain bideo-jokoak Xbox kontsoletarako zein PCrako jaisteko aukera ematen du zerbitzuak, hilabetero berriztatzen doan zerbitzu interesgarria eskainita.
Google Stadia (PC, Android, iOS, Chromecast Ultra)
Prezioa: 9,99 euro hilero (Stadia Pro).
Katalogoa: sakatu hemen.
Google 2019an sartu zen hodei bidezko bideo-jokoen industrian. Google Stadia zerbitzuarekin egin zuen: streaming bidez jokatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu sistema honek. Chrome nabigatzailearekin PCtik jokatzeaz gain, Androiderako aplikazioa erabili daiteke sistema eragile honen gailuetan, eta Safari nabigatzailea iOS gailuetan. Horiekin batera HDMI sarrera duten telebistetan ere jokatu daiteke Stadiarekin Chromecast Ultra gailuari esker.
Plataforma guzti horietara konektatu daitekeen hardware propioa ere du Googlen zerbitzuak: Stadia agintea. Modu horretara kontsolarik ez daukaten erabiltzaileei markatik irten gabe aginte bat eskuratzeko bidea eskaintzen die Googlek. Izan ere PlayStation, Xbox edota Android zein iOSekin erabili daitezkeen aginte orokorrak arazorik gabe funtzionatzen dute Stadiarekin.
Zerbitzu honek modu berezi batean funtzionatzen du. Harpidetu eta jokoen katalogo bat izan beharrean, Stadiarekin erabiltzeko jokoak banaka erosi behar dira. Hori bai, hilean ez da inolako harpidetzarik ordaindu behar. 1080p-ko bereizmenera jokatu daiteke, eta 60 irudi segundoko tasara hori ahalbidetzen duten jokoetan.
Halere, ordainpeko sistema daukate Googlekoek: Stadia Pro. Kasu honetan ere jokoak banaka erosi beharra dago, baina harpidedunek beherapenak izaten dituzte. Horrez gain hilero hainbat joko jasotzen dituzte epe mugatu baterako. Gehienezko bereizmenak gora egiten du: 4Ktara jokatu daiteke, eta HDRa erabiltzeko aukera dago.
Katalogoari dagokionez Stadiak ez dauka joko esklusiborik, baina dena dela 100 lan baino gehiagoz osatutako askotariko jokoen zerrenda aurkituko dugu bertan. Cyberpunk 2077ra jokatu daiteke zerbitzuarekin, baita Red Dead Redemption 2, Assassin’s Credd Valhalla, Hitman 3 edota Watch Dogs: Legion moduko AAA obretara ere.
GeForce Now (PC, Android, iOS, macOS, LG webOS, Nvidia Shield)
Prezioa: 0,00 euro hilero (ezaugarri mugatuekin), 5,49 euro hilero*.
Katalogoa: sakatu hemen.
Orain sei urte abiarazi zuen Nvidiak bere GeForce Now zerbitzua beta fasean. Hasiera batean Nvidia Shield kontsolan erabili zitekeen soilik: streamingera zuzendutako gailua zen, bai etxeko PC batetik hasitako jokoen emisioa jasota zein GeForce Nowekin hodei bidez jokatzeko. Zerbitzu hau PCra iritsi zen 2017an eta Androidera 2019an, baina betatik joan den urtean irten zen behin betiko bertsioarekin.
GeForce Nowk oso modu berezi batean funtzionatzen du: katalogo propioa eskaini beharrean, beste plataforma digitaletan erositako jokoetara hodeitik jokatzeko aukera eskaintzen du. Hau da, Nowetik Steam, Epic Games Store, GOG edota Ubisoft Connect plataformetako erabiltzaile kontua lotu eta bertako joko batzuetara edonon jokatu daiteke. Jokoen zerrenda asko murriztu da zerbitzua betatik irten zenetik, garatzaile eta enpresa askoren esanetan Nvidiak adostutako akordioa apurtu egin zuelako behin betiko bertsioa argitaratzerakoan. Azaldu dutenez, beraien jokoak GeForce Nown jokatu ahal izatea beta bertsiorako soilik adostu zuten, eta Nvidia ez zen haiekin harremanetan jarri behin betiko fasea hasterakoan: Activision, Bethesda eta 2K bezalako enpresek beraien jokoak zerbitzutik ezabatzea erabaki zuten.
Hala eta guztiz ere jokoen zerrenda erraldoia eskaintzen du zerbitzuak; . Cyberpunk 2077, Hollow Knight, Counter-Strike, League of Legends eta askoz gehiago daude bertan, garatzaile handi zein txikiek sortutako obra berri eta zaharrak.
Jokatzeko bi aukera daude GeForce Nowen. Une honetan doako harpidetza eskaintzen dute: ezer ordaindu gabe edozein jokotara aritu daitezke erabiltzaileak. Hori bai, hainbat muga ditu harpidetza honek. Hasteko, jokatu nahi dugunean doako erabiltzaileen kopuru handi bat badago, ilaran itxarotea tokatuko zaigu zerbitzarietan tokia egin arte. Gainera, saio bakoitzak ordubeteko iraupena izango du gehienez: hori igarota zerbitzaritik kanporatuko gaituzte.
Founders deitutako harpidetzak, bestalde, 5,49 euroko prezioa dauka. Horrekin ilaran aurrera egingo dugu, eta saioaren gehieneko iraupena sei ordutara luzatuko da. Horrez gain ray tracinga erabili dezaketen jokoetan hori aktibatuta jokatuko dugu. Bereizmenari dagokionez, 1080p-tara funtzionatzen du zerbitzuak 60fps-tako tasara.
Amazon Luna (PC, Amazon Fire TV, Android, iOS)
Prezioa: 5,99 dolar hilero (AEBetan bakarrik oraingoz).
Europan estreinatu ez den arren, Amazonek joan den urtean abiarazitako zerbitzua gogotsu dator ekosistema honetan bere lekutxoa lortzeko. Amazon Lunak une honetan AEBetan bakarrik funtzionatzen du; PC, Mac, Android, iOS eta Fire TV plataformetatik jokatzea ahalbidetzen du Jeff Bezosen enpresako streaming zerbitzuak.
10 megabit segunduko gutxieneko abiadurarekin jokatu daitekeen arren, 35 megabit segunduko konexioarekin 4K-ko bereizmenean aritzeko aukera eskaintzen du Lunak. 5,99 dolarretako prezioarekin 100 bideo-joko baino gehiagotara aritu ahalko gara. Gainera, aldi berean bi gailu desberdin erabilita jokatzea ahalbidetzen dute.
Berezitasun bezala Lunak kanalen bidez funtzionatzen du. Oinarrizko harpidetzak dakartzan jokoetara aritzeaz gain Ubisoft+ moduko kanalak aurkituko ditugu bertan: gehiago ordainduta garatzailearen lanen zerrenda izango dugu eskura. Etorkizunean kanal gehiago eskaintzea aurreikusten dute.
Amazonen beste zerbitzu batekin ezaugarri bereziak izango ditu Lunak: Twitcherako euskarria izango du. Ikusten ari garen zuzenekoan zerbitzuak eskaintzen duen bideo-joko batera jokatzen ari badira, klik batekin horretara jokatzen hasi gaitezke.
Stadiak egin bezala, Lunak bere aginte propioa dauka. Halere beste aginteengandik desberdintzen duen ezaugarria konektatzeko modua da: bluetooth bidez egin beharrean Wi-Fiarekin erabiltzen da Lunaren agintea. Era horretara bluetooth bidezko aginteek duten 17 eta 30 milisegundoko atzerapena ekiditu egiten du. PlayStation zein Xboxeko aginteak ere erabili daitezke Amazonen zerbitzuan.
Eta Switchean, zer?
Nintendo Switchek streaming harpidetzarik ez duen arren, joko batzuetara hodei bidez jokatu daiteke kontsola hibridoan. Horren helburua gailuak mugitu ezin ditzakeen jokoak ahalbidetzea da. Orain arte Japonian ikusi izan ditugu: Resident Evil 7 edo Assassin’s Creed Odyssey eShop japoniarrean estreinatu ziren Cloud Version azpitituluarekin.
Orain gutxi, baina, nazioartera ere iritsi dira modu berean funtzionatzen duten jokoak. Remedy Entertainmentek garatutako Control, esate baterako, pasa den urrian estreinatu zen Control Ultimate Edition: Cloud Version izenarekin. Joan den astean Hitman 3 estreinatu zen plataforma guztietan, eta Switchean hodei bidezko jokoarekin egin zuen.
Ikusteko dago beraz Nintendok bere kontsolak exekutatu ezin dituen jokoak streaming bidez argitaratzen jarraituko duen ala ez. Oin arte The Witcher 3 edota Doom Eternal bezalako atal grafiko izugarriak dituzten jokoen portak ikusi ditugu Switchean, baina belaunaldi berria hasita, N Handiak AAA joko berrienekin jarraitzeko streamingari eutsi beharko dio.
Ondorioak: zein hautatu.
Aipatutako streaming zerbitzuen artean aukeratzea erabiltzailearen beharrizanen araberakoa da. Bakoitzak bere katalogo desberdina izateaz gain plataforma desberdinetan funtzionatzen du, beraz norberak hautatu behar du zein den aproposena. Android gailuekin jokatu nahi dutenentzat Xbox Game Pass, Stadia eta GeForce Now zerbitzu apartak izango dira, baina Androidez gain PlayStation kontsola batean ere aritu nahi badira, agian PS Now erakargarriagoa izan daiteke.
Dena dela, zerbitzu guztien errendimendua bikaina da, betiere sareko konexio bizkorra eta egonkorra daukazun bitartean. Horrela ez bada, ez da gomendagarria hodei bidezko jokoarekin saiatzea.
Etengabe hazten doan sektorea da hau, beraz datozen urteetan are alternatiba eta hobekuntza esanguratsu gehiago ikusiko ditugu. PC eta kontsolek datozen urteetan nagusitasuna mantentzen jarraituko duten arren ikusteko dago bideo-jokoen industriak etorkizun hurbilean jasango dituen aldaketak zer nolakoak izango diren.