Artikulu hau Veronika Vilgis, Dataprovider.com enpresako Datuen Estrategiaren arduradunak idatzi du eta Dataprovider.com erakundeak argitaratu du 2023ko otsailaren 9an. Jatorrizko ingelesezko bertsioa ondoko estekan irakur daiteke: https://labur.eus/qsAXb

Webguneren bat baduzu, seguruenik ostatatze-enpresa bati ordaintzen ariko zara, zure weba Interneten ostatatzeko zerbitzuak eta teknologiak izan ditzazun. Ostatatze-zerbitzua erabiltzen duzunean, zure web-ostatatzearen hornitzaileak emango dizu webguneari lotutako fitxategi eta datu guztiak gordetzeko beharrezko lekua.

Hemen, Dataprovider.com-en, webgune bakoitzaren ostatatze-hornitzailea zein den jasotzen dugu, eta, beraz, enpresa garrantzitsuenak zeintzuk diren jakin dezakegu. Urteak daramatzagu hau egiten, hortaz, jakitun gara web-ostatatzearen sektorearen bilakaeraz. Gure datuen arabera, duela lau urte, GoDaddyk munduko webgune guztien %18 inguru hartzen zuen, Amazonek %5eko eta 1&1 Internet SEk %4ko kuota zuten hurrenez hurren. Asko aldatu da ordutik: ostatatzearen merkatuan, gero eta gehiago nagusitzen ari dira Amazon eta Google, erraldoi teknologiko gisa ezagunak. Joan den hilean, munduko webguneen %17aren ostatatzea Googlen esku zegoen. Amazon %14aren jabe zen eta Cloudflare, aldiz, %7arena.

“Duela lau urte, GoDaddyk munduko webgune guztien %18 inguru hartzen zuen, Amazonek %5eko eta 1&1 Internet SEk %4ko merkatu-kuota zuten hurrenez hurren. Joan den hilean, munduko webguneen %17aren ostatatzea Googlen esku zegoen. Amazon… Click To Tweet

Halere, Cloudflare ez da ostatatze enpresa bat bere horretan. Web-orrialdeak cachean biltegiratzen dituzte, webgunea azkarrago kargatu dadin. Cloudflarek nola lan egiten duen eta Cloudflareren atzean zerbitzari errealak nola detekta daitezkeen azaltzen dugu artikulu honetan. Analisi honetan, “kanpotik” ikus daitekeenera mugatu gara: webgune baten front-enda aztertu dugu, zehazki. Beraz, Cloudflare ere kontuan hartu dugu. Halaber, Amazonek eta Googlek ere datu-base ugari dituzte, baina informazio hori ez da aintzat eduki.

Amazon AWS izan zen hodeiko konputazioaren lehen erraldoia. Andrew Jassyk, une hartako Amazoneko pertsonal-buruak adierazi zuenez, ustekabean eta hainbat proiektu bateratzeko beharrarengatik hasi ziren ostatatzearen munduan lehen urratsak ematen: “Mundu guztia ari zen bakarkako proiektuetarako baliabideak sortzen, eskala-ekonomian edo berrerabileran pentsatu gabe”. Denborarekin, lehenik eta behin, etxe barruko arazoa konpondu zuten, estandarizazio-protokoloak erabiliz eta zerbitzu gisa ostatatzea eskainiz. Gero, soluzio hori saltzeko ideia sortu zen, bere osotasunean erabiltzen ez ziren datu-zentroak monetizatzeko.

“Amazonek, Googlek eta Cloudflarek, elkarrekin, web-ostatatze zerbitzuak eskaintzen dizkiete mundu osoko webguneen laurdenari.” Click To Tweet

Dena dela, alde handia dago lurralde batetik bestera. Lehen aipatutako hiru enpresa horiek bereganatzen dute Ipar Amerikako webguneen %38a, Hego Amerikako %26a, Ozeaniako %21a eta Europako eta Asiako %15a. Egungo merkatu-kuota enpresaren eta lurraldearen arabera banakatuta ikusteko, bota begirada bat beheko irudiari. Amazonek, Googlerekin eta Cloudflarerekin alderatuta, kuotarik handiena du lurralde guztietan, Ozeanian izan ezik (Australia, Zeelanda Berria). Bertan Google da nagusi. Enpresa estatubatuar horien merkatu-kuota orokorra baxuagoa da Europan, neurri batean, Europar Batasuneko GDPRarengatik; izan ere, GDPRak erabiltzaileen datuen babes-maila handiagoa eskatzen du Estatu Batuetako legeriak baino. Ondorioz, datuen pribatutasunaren Europako araudira batzen diren enpresak beren datuak Europar Batasunean daudela ziurtatu behar dute.

Ez da harritzekoa, ia mundu osoan, enpresa teknologiko handiek hainbat segmentu menderatu dituztela. Oso zaila da online lan egitea Apple, Meta, Google, Microsoft edo Amazon enpresaren zerbitzu bat bera ere erabili gabe. Web-ostatatzearen kasuan, ez da hain erraza enpresa handi horien produktu edo zerbitzu bat erabiltzen ari zarela jabetzea. Hala ere, zerbitzu digital gehienak, nola edo hala, Amazonen hodeiko konputazio-zerbitzuaren mende daude.

Gainera, zerbitzu digitalak Gobernuen webguneen parte izan ohi dira. Horietako batzuei erreparatzen badiegu, .gov domeinua ostatatze-izenean identifikatuz, zenbait herrialdeetako 56.000 webgune inguru antzeman ditugu. India, AEB, Txina, Vietnam, Brasil eta beste hainbat aurki daitezke, adibidiez. Gobernuen webguneen ostatatzearen hornitzaile nagusien artean daude Cloudflare (%6,7), Amazon (%6,1) eta Microsoft (%5,7).

Cloudflarek duela gutxi AEBetako Zibersegurtasun eta Azpiegituren Segurtasun Agentziaren kontratua lortu du, erregistro eta domeinu-izenen sistema (DNS) zerbitzu baimenduak .gov goi-mailako domeinuari eskaintzeko. Verisign ordezkatu du, .gov domeinuaren erregistroak kudeatzen zituena. Akordio honen helburua Gobernuen orrialdeei eginiko erasoak murriztea bada ere, neurri horrek polemika sortu du. Gezurra dirudien arren, Cloudflarek hainbat elkarte terroristari zerbitzua eman die.

Atzera begiratzen badugu, ondoriozta dezakegu Cloudflare, Amazon eta Googlerekin batera, munduko merkatu-kuota handitzen ari dela web-ostatatzearen sektorean, webaren zati handiak kontrolatzeko ahalmena handituz eta lehia ekonomikoa oztopatuz.