Edozein esparrutan software librearen erabileraren aldekoa izango naiz, beti, baina edozein esparruk baino garrantzia gehiago duen esparru bat egotekotan, hezkuntza da, zalantza izpirik gabe. Gaur hezkuntza sisteman lan egiten duzuenontzat idatzi dut bidalketa hau; eskoletan, akademian, institutuan edota unibertsitatean bertan lan egiten duzuenenontzat, hain zuzen ere. Badira hamaikatxo arrazoi hezkuntza zentroetan software librea sustatzeko.

Oraingoan, bidalketaren izenburuan aurreratu dudan bezala, software librearen aldeko zortzi argumentu nagusirekin bete dut motxila:

  1. Elkarlana sustatzen du: Garapen eta erreminta desberdinak elkar banatzeko aukera ematen du. Ez bakarrik ikasleen artean, baita ikastetxe eta irakasleen artean ere (zortzigarren puntuan gehiago garatuko dut).
  2. Autonomia bermatzen du: Zentroetako ekipo informatikoak askatasun osoz kudeatzeko aukera eskaintzen du, zaharkitze programatuaren kontra jokatzen duen softwarea da.
  3. Kostuak murrizten ditu: Softwarea kopiatzeko eta banatzeko aukera ematen du (gehienetan doanik).
  4. Ikasteko grina sustatzen du: Softwarea nola dabilen ikusteko aukerak, ikasteko aukera ere eskaintzen du, defacto. Horrek ikasleen jakin-nahia piztu dezake.
  5. Sorkuntza eta berrikuntza sustatzen ditu: Programa eta garapen desberdinak sortzeko eta elkarbanatzeko aukera ematen du (zortzigarren puntuan gehiago garatuko dut).
  6. Ikasleak gizarte digitalean txertatzen ditu: Erremintak aukeratzeko, eta garatzeko, aukera eskaintzen du. Zentroaren behar izanen arabera aukeratzea ahalbideratzen du.
  7. Ikasle solidario eta independenteak sortzen ditu: Jakintza teknologikoak besteekin elkarbanatzeko askatasuna eta konpromisoa bermatzen du.

Eta zortzigarrenaren momentua heldu da. Egia esan zortzigarrenaren inguruan berba egiteko idatzi dut blog bidalketa hau. Bai, sarrera luzea izan da, barka nazazue; baina zerbait berria kontatu nahi dizuet, eta erakutsi nahi dizuedana erabil dezazuen, lehenik eta behin, konbentzitu behar zaituztedala erakutsi dit marketinak. Eta kasu honetan, irakurleak zuok zaretenez, ea lortzerik dudan.

8. Software bilduma 2017

Software bilduma Bilboko Harrobia ikastolak aspaldi kudeatzen duen proiektua da, hasiera batean izena “Software librearen bilduma” bazen ere. Bertan, Euskal Herriko eskoletan erabilgarria izango den eta software librea lehenesten duen katalogo bat aurkituko duzue, Windows, GNU/Linux eta Android sistema eragileentzat. Hamaikatxo aplikazio batu dituzte Harrobia ikastolako “Mikroinformatika, sistemak eta sareak”-eko 2. mailako ikasleek 2017ko bertsio honetan.

swlibrea_euskara

Utzidazue eskoletan erabilgarriak izango dituzuen, eta bilduma honetan aurkituko dituzuen, bost programa libre aipatzen:

  1. FreeMind: Adimen mapak egiteko erabilgarria izango duzuen softwarea da. Aplikazio honekin ikasleak ikasgai desberdinen buru mapak egiteko aukera izango du. Irakasleok zuon aldetik, klaseak prestatzeko egiten dituzuen eskemak egiteko laguntza izango duzue.
  2. Tuxguitar: Musika gelan erabilgarria izango duzuen aplikazioa da. “Guitar” izena badu ere, partiturak kudeatu edo sortzeko garatu zen.
  3. Scratch: Informatika gelan erabili dezakezue. Programa honekin, ikasle gazteenak ere programatzaile lanak egiteko estrukturak ulertuko ditu.
  4. Inkscape: Eskulan tailerretan erabiltzeko moduko softwarea da. Bai, badakit, eskolan egin genuen makramea oso ondo zegoela, baina barruan bizirik geneukan artista garatzeko aukera eskaintzen digun irudi bektorialak sortzeko software hau gustura erabili izango genukeen.
  5. Ubuntu: Ikasleek eskolan Windows erabiltzen badute, etxean eta etorkizuneko lanean ere Windows instalatuta izatera behartzen ditugu. Esklaboak sortzen ditugu. Goazen ba multinazionalen esklaboak askatzera. Ubuntu GNU/Linux sistema eragilea erabilita; eskolan, unibertsitatean edo lanean egin beharreko lan guztiak egiteko aukera zabalduko zaie. Probatu, ez zarete damutuko.

Hau guztia eta askoz gehiago aurkituko duzue Software bilduman, hemen uzten dizuet zerrenda osoa.

Hemendik aurrera ezin esan software librea euskaraz aurkitzea lan saila denik, bilduma honetan aurkituko duzuen software libre guztia euskaraz baitago (badu gaztelaniazko softwarea biltzen duen atal bat ere). Eta bai, irakasle guztiek ez zarete informatikariak eta ez duzue zertan software katalogo hau erabiltzen jakin behar. Izan ere, erabiltzen ez badakizue, zer egin dezakezuen galdetzen egongo zarete zuon buruei, ba lasai, badut galdera horrentzat ere erantzuna. Jarraitu irakurtzen, bukatzear gaude.

Esan bezala, proiektu hau Harrobia ikastolak kudeatzen du, eta haiekin harremanetan jartzea besterik ez daukazue zuon zentroetan (edo Harrobiako klaseetan) ordubeteko iraupena duen tailer praktiko bat koordinatzeko. Horretarako, Harrobia ikastolaren webgunean aurkituko duzuen kontaktua erabili edo jbilbao@harrobia.net helbidera idatzi behar duzue, Joseba ezagututa gustu handiz erantzungo ditu zuon eskaera guztiak. Eta hori gutxi balitz (tele tiendako bibotedun gizon horietako bat ematen dut), gogoratu “Software bilduma 2017” jardunaldia erabat doakoa dela, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen baitu. Bide batez, jardunaldiaren bukaeran, tailerrean parte hartu duen ikasle orok “Software bilduma 2017” aplikazioko ale bana doan jasoko du USB baten.

Eta guzti hau musu-truk, nolakoak diren software librearen aldeko aktibistak.

(Artikulu hau idazteagatik ez dut Harrobia ikastolaren zentimorik jaso, lasai geratu ;-))