Interneteko mundu zoro honek zerbait erakutsi badit, sareko bizitza aldakorra dela izan da. Ezin zara ezertara ohitu, dena aldatzen da, dena eraldatzen da, eta gutxien espero duzunean gertatzen da gainera.

Duela 20 urte, Interneten hastapenetan, multimedia edukiak kontsumitzeko mila buelta eman behar ziren. Ez zegoen aplikazio ofizialik, eta birus eta bideo ezegokien artean nabigatu behar izaten genuen eduki zehatz bat gutxieneko kalitatean eskuratu ahal izateko.

Ondoren etorri ziren YouTube edo Megaupload bezalako atariak, P2P aplikazioen erregetza alboratzen lagungarriak izan zirenak. Bata itxi egin zuten, eta besteak copyright salaketak medio, edukia ezabatzeari ekin zion. Aldaketaren txandan.

Fase berri bat hasi zen orduan Netflix, HBO Max, Prime Vide, Disney+, Filmin, Nahieran, Movistar eta gainontzekoen iritsierarekin. Hauek, haien aurrekariak bezalaxe edukiak noiznahi kontsumitzeko aukera eskaintzen zuten. Hori bai, lehen ez bezala, harpidetza baten truke, gehienak. Guztiz justua eta etikoa.

Baina hilabetero diru hori kobratzen duten enpresak jakitun dira erabiltzaileok ez gaudela prezio garesti bat ordaintzeko prest. Egia da harpidetzei esker sarean modu irregularrean elkarbanatzen ziren edukien kontsumoa asko jaitsi zela, eta hori, prezio justu bati esker izan da.

Eta horri gainera harpidetzak elkarbanatzeko aukera eskaini ezkero, zer esanik ez! Eurak izan dira, gainera, hau sustatu dutenak. 5 profil, 2 edo 3 gailu aldi berean eduki ezberdinak erreproduzitzeko gaitasuna duten harpidetzak sortu… Estrategia berbera erabili dute eduki multimediak eskaintzen dituzten atari guztiek: “Izan zaitez legala kontsumitzaile, eta guk ordainetan prezio murritz bat eskainiko dizugu”.

Dirudienez, kontsumitzaileentzat onuragarriak izan diren erabaki horiek ez dira guztiz errentagarriak izan enpresentzat. Netflix izan da aurrerapausoa eman duena lehena. Bi aukera berri eskainiko baititu 2023 urtean sartzearekin batera. Lehenik iragarkiak eskainiko dituen harpidetza bat sortuko du (eduki gutxiagorekin, eta bereizmen handia erabili gabe), prezio baxuago batean. Besteak etxe berean bizi ez diren pertsonei eta harpidetzak elkarbanatzen dituztenei tarifak igoko dizkie profil bakoitzarengatik. Internetera konektatzeko erabiltzen dugun IP-a izango omen da gakoa etxebizitza ezberdinetako pertsonak harpidetzak elkarbanatzen ari diren jakiteko. Honek gainera VPN sistemen erabiltzaileei eragingo die, eta aurrerantzean, zailagoa izango da plataforma hauek atzerrian dituzten katalogoak kontsumitzeko.

Netflix izan da aurrea hartu duena, baina besteak atzetik etorriko direla ere aurreikusi daiteke. Jendea atari hauetatik aldendu edo hauetara erakarriko dituen ez dago garbi. Aurreikuspenak egitea zaila da, baina garbi dago aldaketa baten aurrean gaudela.

Edukiak kontsumitzen jarraituko dugu, gero eta kalitate hobean eta nahieran. Nola, eta zein plataformetan egingo dugun…. Hori beste gai bat da. Esan bezala 20 urteetan aldaketa asko ikusi ditugu, eta beste 20 urte baino lehen aldaketak ikusiko ditugu ere. Esan bezala 2023. urtean sartzearekin batera lehena. Noizko hurrengoa?