Aurrekoan, fedibertso euskalduna osatzen duten nasetan ibilaldi labur bat egin genuen, eta pentsatu dut agian interesgarria izango litzatekeela gaurko honetan Abaraskak ekosistema federatu honen barruan sortzen ari den hurrengo geldialdi berriaz idaztea. Gustuko al duzu literatura? Bada, segi artikulu hau irakurtzen.
Software garatzaile batzuek BookWyrm izeneko software bat sortu zuten eta fedibertsoan integratu zuten. Software honen lizentzia librea denez, ez zen denbora asko igaro lehen BookWyrm zerbitzariak martxan jarri ziren arte. Instantzia horietan literatura maite dugun zenbait euskaldun elkartu gara, nork bere gustukoenean, hain zuzen ere, horixe bermatzen baitu fedibertsoak, pertsona bakoitzak nahi duen instantzia hauta dezakeela, bere interesen arabera eta elkar eragiten. Baina, seguruenik, software honek euskal fedibertsoko irakurleen komunitatean sortu duen interesak emango digu instantzia propio bat sortzeko aitzakia, ezta?
Bada, Abaraskak laster BookWyrm-en instantzia bat martxan jartzea erabaki du Interneteko euskal komunitatearentzat. Horretarako, Mastodon erabili dute izen-proposamenak jasotzeko. Eta proposamen benetan interesgarriak jaso dira. Ondoren, izen guztiak formulario batean sartu zituzten, eta astebeteko epea utzi dute bakoitzak bere gogokoenak bozka zitzan. Sentitzen dut, baina artikulu hau idazten ari naizenean, oraindik 24 ordu falta dira bozketa ixteko, beraz ezin jakin zein izango den instatziaren behin-betiko izena. Nolanahi ere, proiektuak izena duenean, iruzkin batean utziko dizuet.
Gainera, izen-proposamenak jasotzen eta inkesta egiten eman dugun denboran, proba instantzia bat ere sortu dugu administrazioa aztertzeko eta softwareak etorkizuneko komunitatea moderatzeko eskaintzen dizkigun aukerak ikusteko. Pribatutasun-politika eta instantziaren jokabide-kodea ere adostu ditugu. Eta dena prest daukagu denbora gutxi barru jauzi egiteko.
Lehen paragrafoan galdetu bezala: Gustuko al duzu literatura?
Literatura gustuko duen pertsona bazara, Abaraskak bere Mastodon profiletik eman ditzakeen albisteei adi egotea gomendatzen dizut. Eta instantzian izena ematea erabakitzen baduzu, jokabide-kodea eta pribatutasun-politika irakurtzea, gure balio eta printzipioekin bat egiten duzun jakiteko.
Aipatzekoa da, instantzia euskaraz biziko bada ere, beste hizkuntza batzuetako irakurgaiak onartuko direla, betiere iruzkinak eta balorazioak euskaraz egiten badira. Bukatzeko, bigarren aipamen bat. Abaraskak egiten duen lana gustuko baduzu, baloratu ezazu ekarpen bat egitea: moderazioan lagundu, egindako lanak hedatzen lagundu, itzulpenekin lagundu… zure lankidetza ez da zertan dirura mugatu behar.
Abaraskak egiten duen lana gustuko baduzu, baloratu ezazu ekarpen bat egitea: moderazioan lagundu, egindako lanak hedatzen lagundu, itzulpenekin lagundu... zure lankidetza ez da zertan dirura mugatu behar. Click To TweetEuskaldunon Internet ez da Netflix-era mugatzen, beraz, segi dezagun txikitik eragiten.