2023 honetan, GNU proiektuak 40 urte beteko ditu, eta une egokia izan daiteke GNU eta Linuxen arteko desberdintasuna zein den azaltzeko eta, bide batez, gogora ekartzeko, baita neure buruari ere, zergaitik den garrantzitsua “GNU/Linux” esatea (eta idaztea).
Azken finean, hori baita sistema eragileari erreferentzia egiteko modurik egokiena.
Zer da GNU proiektua?
GNU proiektua (GNU ‘s Not Unix), 1983an Richard Stallman aktibista eta programatzaileak sortutako ekimena da. Besteak beste, softwarearen arloan, pertsonen arteko elkarlana sustatzen duena. GNU proiektuaren helburu nagusia sistema eragile erabat askea garatzea da, Unixen antzekoa, baina software pribatiboarekin batera joan ohi diren jabetza intelektualaren murrizketarik gabekoa.
GNU proiektua funtsezkoa izan da software librearen mugimendua sustatzeko eta garatzeko, eta berebiziko eragina izan du software libreko lizentzien sorreran, hala nola GNUren Lizentzia Publiko Orokorrean (GPL).
Zer da Linux proiektua?
Linux proiektua GNU/Linux sistema eragilearen nukleoa (kernel) garatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den proiektua da. Linux kernela GNU/Linuxen oinarritutako sistema eragileen funtsezko zati bat da, eta ordenagailu baten hardwarearen eta erabiltzaile-mailako softwarearen arteko komunikazioa kudeatzen duen osagaia da.
Linux nukleoa Linus Torvaldsek sortu zuen 1991 urtean, eta urteetan zehar, mundu osoko milaka programatzailek garatu eta hobetu dute, lankidetzako garapen-eredu baten bidez. Nukleo hau bere egonkortasunagatik, segurtasunagatik eta eraginkortasunagatik da ezaguna, eta sistema askotan erabiltzen da, hala nola zerbitzarietan, gailu mugikorretan eta sistema integratuetan.
Zergatik da garrantzitsua “GNU/Linux” esatea eta ez bakarrik “Linux”?
Linux kernela funtsezko zatia da (baina ez nahikoa), sistema eragile oso bat izateko. Sistema eragile funtzional bat sortzeko, beharrezkoa da Linux kernela GNU proiektuaren eta software libreko beste proiektu batzuen garapenekin eta softwareekin konbinatzea. Edo beste modu batera esanda, Linux kernela GNU proiektuaren aplikazioekin eta software libreko beste osagai batzuekin konbinatzen denean, “GNU/Linux” sistema eragilea eratzen da.
Ondorioz, sistema eragilea bere osotasunean aipatu nahi badugu, ezinbestekoa da “GNU/Linux” gisa egitea.
Hona hemen arrazoi batzuk:
- Ekarpenak behar bezala identifikatzea: “GNU/Linux” esateak GNU proiektuak software librearen ekosistemari egiten dizkion ekarpen esanguratsuak aintzat hartzen ditu.
- Software librearen etika eta filosofia: Richard Stallmanek, GNU proiektuaren sortzaileak, softwarearen baitan, erabiltzaileen askatasunen eta etikaren garrantzia azpimarratu izan du. “GNU/Linux” esatea GNU proiektuak sustatzen dituen software librearen filosofia eta balio etikoak nabarmentzeko modu bat da, erabiltzaileek softwarea erabili, aztertu, aldatu eta banatzeko dituzten eskubideak barne.
- Sistema eragilearen osotasuna: Ikusi dugunez, sistema eragile oso bat hainbat zatik osatzen dute, ez nukleoak bakarrik.
- Software lizentziak: Software lizentziak garrantzitsuak dira. “GNU/Linux” izendatzeak lagun dezake gogorarazten lizentziak ekuazioaren zati integrala direla.
- Komunitatearekiko errespetua: Inplikatutako guztien ekarpenak bereiztea eta aitortzea, sistema eragilearen garapenean parte hartzen duten pertsona guztien ahaleginak kontutan hartzen ditu.
Azkenik, irakurle maiteok, software librearen printzipioak defendatzen dituen komunitate zirraragarri honekin bat egiteko gonbidapena luzatzen dizuet. Software Librearen Fundazioak (FSF) bazkide bihurtzeko eta softwarearen oinarrizko askatasunak sustatzen eta babesten aktiboki parte hartzeko bidea eskaintzen baitu. Software librearen komunitatearekin bat egitean, burujabetza teknologikoa eta munduko elkarlan ariketarik handienetakoa babesteaz gain, teknologian etikarekin eta askatasunarekin konprometitutako pertsonen sare global baten parte ere izango zara.
Elkarrekin, mundu digital inklusiboagoa, gardenagoa eta guztiontzako eskuragarriagoa eraiki dezakegu.