Arlo digitalean mundu hobeago baten bila militatzen dugunok (aurreko artikulu batean nioenez, software librea, burujabetza teknologikoa, deszentralizazioa, euskara, formatu eta protokolo estandar eta irekiak, monopoliorik eza, pribatutasuna eta adierazpen askatasuna bezalako baloreen alde), Linux eta software librea izan dugu bandera-ontzi urte askoan zehar, mahaigaineko ordenagailu arruntak –edo, asko jota, ordenagailu eramangarriak– baitziren ezagutu eta erabiltzen genituen gailu digital ohikoenak eta ia bakarrak, eta horietan nagusi ziren sistema eragile zein software pribatibo erdaldunentzat alternatiba justuago eta euskarazkoak izateko modu ia bakarra baitzen. Gaur egun, asko hedatu zaigu gudu-zelaia, eta web zerbitzu, plataforma, sare sozial eta komunikaziorako tresnetan ere jarria dugu fokua.

Alabaina, ezin dugu bazter utzi esku artean egunero ditugun gailu digitalen sistema eragile, programa eta aplikazioen borroka-eremua. Eta eremu hori ere asko zabaldu da azken urteotan. Alde batetik, ordenagailuen arloa (zerbitzari, mahaigaineko zein eramangarri) nahikoa irabazia dagoela esan daiteke: zerbitzarien arloan software librea da erabateko nagusi, eta erabiltzaileon ordenagailuetan, nagusi izatetik urrun egonik ere, software librea oso erraz baliatzeko aukera behintzat badago. Baina bestetik, ordenagailu tradizionalak izan gabe finean ordenagailuak diren gailu digital ezberdin asko darabilzkigu gaur egun gure eguneroko bizitzetan, eta horietan hasieran aipatutako printzipioak bermatuko dituzten –eta, bereziki, euskaraz egongo diren!– sistema alternatiboen eskuragarritasunaren aldeko lana ezinbestekoa da.

Zalantzarik ez dago gaurko egunean zabalduen dagoen gailu digitala telefono mugikor edo smartphone nonahikoa dela. Gailu horietan (eta, hedaduraz, baita ere tablet-etan, sistema bera erabiltzen baitute) egoera gazi-gozoa da euskarari dagokionez. Android sistema eragilea dutenetan euskaraz jartzeko aukera badago duela urte batzuetatik hona. Apple-ren gailuetan ez, baina behintzat nahi duenak badu telefonoa edo tableta euskaraz izateko aukera. Beste kontu bat da zein jende gutxik konfiguratzen dituen euskaraz… Telefonoetan sistema librea izatearen inguruan, erraza ez da, baina aukera badago. Baina ordenagailu, telefono eta tabletez aparte, gailu digital ezberdin asko daude, gero eta gehiago erabiltzen direnak, uste ditugunak baino gehiago: telebistak, kotxeak, bozgorailu adimendunak, erlojuak, gailu domotikoak, bideo-kontsolak… Artikulu sorta honetan, saiatuko gara azaltzen gailu horietan zein aukera dauden euskarari edo alternatiba libreei dagokienez, telebistetatik hasita. Baina aurrez dihoa abisua agian ez dela behar bezain sakon eta konpletoa izango ezta guztiz zehatza ere: gailu ezberdin asko aipatzen dira, horietako asko eduki ere ez dauzkat edo bakarra… eta horiek horrela, sarean ikertuz aurkitutako informazioa dakart, jaso moduan. Oker botatakoak zuzendu edo falta direnak osa ditzakezu iruzkinen bitartez, irakurle.

Smart TV edo telebista adimendunak

Gaur egun telebistak Smart TV edo telebista adimendun motakoak izan ohi dira, hau da, ez dira telebista ikusteko soilik. Smartphone-en antzera, sistema eragile bat daukate, telebista ikusteko antena sarrera izateaz gain Internetera ere konektatzen dira eta hainbat app dakartzate instalatuta eta berriak ere instalatu daitezke, adibidez Youtube-ko bideoak ikusteko, VOD plataformetako edukia ikusteko (Netfilx, Disney+…), sare sozialetan aritzeko eta abar. Gainera, kanpo-biltegiratzeetan (kanpoko disko gogorra, pendrive-a, SD txartela…) gordetako eduki multimedia ikustea ere ahalbidetzen dute eta edukia grabatzea ere bai normalean. Wikipediako artikulu honetan ikus daitezke zeintzuk diren telebistek instalatuta dakartzaten sistema eragile erabilienak.

Marka batzuk beraien sistema eragile propioak dituzte, beraiek mantentzen dituztenak, adibidez LG-k webOS, Samsung-ek Tizen, Huawei-k HarmonyOS edo Panasonic-ek My Home Screen. Huawei-rena izan ezik, denak ere Linux-en oinarrituta omen daude eta software librea omen dira (ez da erraza sistema eragile bat zerotik garatzea eta ohikoa da software libre batean oinarrituta egotea), eta teorian beste markek ere erabili ditzaketen arren, momentuz ez da horrelakorik gertatu. Ez dut inon informaziorik aurkitu ea euskaraz ere badabiltzan edo ez, eta libre direnetan ere ez dakit zenbateraino eragin daitekeen konpainia horiengan itzulpenak eskatuz edo bidaliz. Baina My Home Screen ez soilik Linux-en baizik eta hasiera batean telefonoetarako pentsatutako Firefox OS-n oinarrituta dago eta hura badakit esperientziagatik (Firefox OS-dun hainbat telefono izan nituen garai batean) erabat euskaratuta zegoela, beraz honek euskaraz egoteko aukera gehiago lituzke.

Beste marka ia guztiek beste batzuek garatu eta mantentzen dituzten sistema eragileak dauzkate. Roku enpresaren Roku TV daukaten modeloak dituzte, besteren artean, TCL, Sharp, Sanyo edo Hitachi bezalako markek. Amazon-en Fire TV daukaten modeloak dituzte, besteren artean, Westinghouse, Grundig eta Toshibak. Eta, azkenik, Google-ren Android TV daukate marka gehienek (modelo batzuk Roku edo Fire TV-rekin dituzten zenbait marka barne): Asus, Benq, Blaupunkt, Epson, Grundig, JBL, LG, Motorola, Nokia, Panasonic, Philips, RCA, Sanyo, Sharp, Sony, TCL, Technicolor, Toshiba, Westinghouse, Xiaomi, ZTE… Roku TV eta Fire TV ez dirudi euskaraz dabiltzanik; aldiz, Android TV bai. Nik Euskaltel-en deskodetzailea dut, Android TV duena, eta euskarazko aukera dauka, beraz pentsatzekoa da sistema eragile hori duten telebista guztiek ere (esan bezala, marka gehienenak) euskaraz jartzeko aukera egongo dela.

Telebistetara konektatzeko deskodetzaile, TV box eta stick-ak

Smart TV bat izan gabe ere posible da gaur egun horien funtzionalitateak (telebista, VOD plataformak, Interneteko edo norberaren biltegiratze-gailuetako ikus-entzunezko edukia… ikusi, app-ak, grabazioa…) –edo horietako gehienak bederen– baliatzea telebista normal batean edo monitore sinple batean, horietara konektatuta funtzionalitate horiek eskainiko dizkiguten gailuen bidez.

Gailu horiek mota ezberdinetakoak izan daitezke. Batetik, deskodetzaileak ditugu, normalean telefono konpainiek edo antzekoek eskaintzen dituztenak –Euskaltel-ek adibidez– telebista kanalen eskaintzaren batekin (irekiak zein ordainpeko batzuk), eta gaur egun bestelako app-ak instalatzen ere uzten dutenak. Bestetik, multimedia erreproduzigailu digitalak edo TV box-ak daude. Hauek deskodetzaileen antzekoak dira finean baina antena sarrera edo kable seinale sintonizagailurik gabe, beraz telebistako kanalak ohiko eran ikusteko ez dute balio (bai ikus daitezke Internet konexioa baliatuta, euren webguneetatik edo app propioetatik). Erreproduzigailu hauetako batzuk ez dute Interneteko konexiorik eta soilik gure biltegiratze-gailuetan gordetako edukia ikusteko balio dute.

Formari dagokionez, gailu hauek kutxa itxurakoak izan ohi dira gehienetan. Deskodetzaileen kasuan, bozgorailu adimendun itxurakoak ere izan ohi dira. Eta kasuren batzuetan, pendrive sinple baten modukoak baina HDMI konexioarekin, eta stick deritze.

Gailu hauetan gehien erabiltzen diren sistema eragileak lehen aipatu ditugun “generikoak” izan ohi dira, hau da, Roku (Roku enpresak berak egiten dituen multimedia erreproduzigailuetan), Fire TV (Amazonek egiten dituen gailu eta stick-etan) eta Android TV (beste marka askotan), eta horiez gain tvOS (Apple-ren Apple TV gailuetan).

Gailu hauetako euskarazko aukeren inguruan, Smart TV gailuen inguruan esan dugunaren gauza bera esan dezakegu, hau da, Roku TV eta Fire TV-dunek ez dirudiela dutenik eta Android TV-dunek bai, eta Apple TV-ri dagokionez, argi dago ezetz (jakina da Apple-k duen euskararekiko herra).

Egin zure telebista libre eta euskalduna!

Ordenagailu baten kasuan oso erraza da ekarri ohi duen sistema eragile pribatiboa kentzea eta Linux jartzea, eta apur bat bilatuta Linux aurreinstalatuta dakarten ordenagailuak ere eros daitezke. Telefono mugikorren kasuan zailagoa da, baina modelo batzuei instala dakieke sistema libre bat, eta sistema libreekin datozen telefonoak eskuratu ditzakegu. Baina artikuluan aipatutako bi gailu motetan –telebista adimendunetan zein telebistetara konektatzeko deskodetzaile, box eta stick-etan–, aldiz, ez da batere erraza sistema eragile ezberdin libre bat instalatzea. Sarean asko bilatuta ere ez da ia aurkitzen hori egiteko modurik.

Beharrik ere ez, ordea, guk geuk muntatu baitezakegu erraz-erraz gure deskodetzaile edo multimedia erreproduzigailu digitalaren ordezkoa, ordenagailu batekin eta horrelakoak egiteko dauden sistema eragile eta software aukera euskarazko eta libre ugarien artean guk nahi duguna jarrita, eta sudur puntan jartzen zaiguna instalatu eta egiteko askatasun osoarekin. Horrelako gailuei HTPC edo Home Theater PC deritze.

Hardwarearentzat, oso aproposa izan daiteke Raspberry Pi bezalako ordenagailu txiki eta merke bat. Baina kasu horretan, multimedia edukia gordetzeko kanpoko disko bat beharrezkoa izan daiteke. Horrez gain, CD-DVD erreproduzigailua edo telebistako antena-seinalearen sintonizagailua ere behar badugu, ordenagailu klasikoago bat izan daiteke egokiagoa.

Sistema eragile gisa, edozein Linux jar diezaiokegu, eta gero telebista adimendunen edo multimedia erreproduzigailu digitalen funtzionalitateak eskaintzen dituen software libre bat instalatu. Horrelako software asko daude, eta denek gauza ugari egitea ahalbidetzen dute: euskarri fisikoetan (CD, DVD, USB, SD txartela…) dugun edukia erreproduzitu, online-ko telebista kateak ikusi, saioak grabatu, Interneteko edukiak ikusi, webean eta sare sozialetan aritu… Software horietako batzuk zerbitzari/bezero moduan ere funtzionatu dezakete, hau da, etxeko ordenagailuetako bat zerbitzaria izan daiteke eta edukia eta hardware berezitua (antena sintonizagailua, DVDa…) berak izan, eta etxeko beste gela batzuetan edo telefono mugikorretan sare lokalaren bidez horrekin komunikatuta gauzak erreproduzitu. Beste batzuek antena sintonizagailuak baliatuta telebista ikusi eta grabatzeko aukera ere ematen dute.

Horrelako softwareetan ezagunena Kodi izango da ziurrenik, plugin ekosistema oso aberats bat duena. Baina beste asko ere badaude: MythTV, Jellyfin, SageTV, MediaPortal… Ez dugu zertan bakarra instalatu, nahi ditugunak izan ditzakegu, eta baita bestelako softwarea ere: Euskal Encodings, Zer Non Ikusi, nabigatzaileak, bideo-jokoak, Popcorn Time, VOD plataformen app-ak…

Gauzak areago errazteko, badaude zenbait Linux banaketa zuzenean HTPC erabilera izateko, hau da, sistema eragilean aurrez instalatuta dakarte aipatu dugun softwareetako bat eta gailua piztean zuzenean abiarazten dute. Honelakoen adibideak dira Mythbuntu edo LinHes (MythTV dakartenak), LibreElec edo GeeXBox (Kodi dakartenak), edo OSMC.

Beraz, benetan gure telebistan alternatiba libre bat izan nahi badugu, nahi duguna instalatu eta egiten uzten diguna eta euskaraz ibiliko dena, onena gure HTPC-a muntatzea da. Erabaki beharko dugu nolako hardwarea nahi dugun (Raspberry Pi batekin nahiko dugun edo behar dugun disko gogorra, DVD erreproduzigailua, antena-sintonizagailua…), nolako sistema nahi dugun (eduki lokala eta Internetekoarekin nahikoa den edo telebista klasikoa ere ikusi nahi dugun, pantaila bakarrerako nahi dugun edo etxeko guztietarako eta telefono mugikorretarako ere bai…), zein software sistema den egokiena guretzat, zuzenean erabiliko dugun HTPC banaketa bat edo guk instalatuko dugun Linux bat eta nahi dugun softwarea… Gero, instalatu eta disfrutatzera, libre eta euskaraz! Nik urteak dira Mythbuntu-dun ordenagailu bat dudana telebistaren azpian, eta ezin pozikago nago.