Ordenagailuez eta telefono mugikorrez haragoko gailu digitaletan zein alternatiba libre edo euskarazko ditugun aztertzeko artikulu sailari jarraipena emanez, aurreko artikuluan sarrera eta telebistak landu ondoren, gaurkoan erlojuak izango ditugu mintzagai.

Eskumuturreko erloju berriak

Eskumuturreko erlojuen munduan aldaketa handia eman da azken urteotan. Duela gutxi arte, soinean eramateko erlojuen artean orratz-erloju analogikoak izan dira nagusi. Digitalak zirenak ere oso sinpleak izan ohi ziren: LCD pantaila zuten eta orduaz gain, egutegia, kronometroa alarma eta horrelako funtzioak besterik ez zituzten. Baina smartphoneak hedatzearekin bat, horiek ordua ere ematen dutenez, erlojuen erabilera ere behera joan da. Orduan sortu dituzte smartwatch edo erloju adimendun deritzenak. Smartphoneen antzera, app-ak instala dakieke, zenbait sentsore ere badituzte eta konektibitatea dute. Ez konektibitate erabatekoa hala ere, normalean telefono mugikorrarekin konektatzen dira eta elkarren osagarri dira: erlojuan abisuak agertzen zaizkigu eta gauza batzuk ikus edo egin ditzakegu telefonoa sakelatik atera beharrik gabe, baina hortik harago gauza gehiago edo aurreratuagoak egiteko telefonora jo behar da.

Horrez gain, beste erloju mota bat ere zabaldu da azkenaldian, activity tracker, fitness tracker edota smartband direlakoak (euskarara jarduera-monitorizatzaile edo banda adimendun gisa itzul genezakeenak) hain zuzen. Kirolarekin eta sasoi onean egotearekin lotutako metrikak eta jarduerak monitorizatzeari eta jarraipena egiteari zuzenduta daude. Ordua erakusteaz gain, oro har, urratsak, distantzia, bihotz-maiztasuna, loa, kaloriak eta horrelakoak erakutsi eta gordetzen dituzte, epe luzerako gordetzeko beste gailu batera pasatu daitezkeenak. Ezin zaie app-ik instalatu, diseinu sinpleagoa izaten dute eta konektibitatea ere oso murritza izan ohi da, baina trukean bateriak gehiago irauten du.

Smartwatch edo erloju adimendunak

Smartwatch-etan marka batzuek beraien sistema eragile propioak dituzte (Apple-k WatchOS, Fitbit-ek Fitbit OS, Garmin-ek GarminOS, Samsung-ek Tizen…). Horrez gain, zenbait markak (Google, Samsung, Fossil, Xiaomi, LG…) Google-ren Wear OS darabilte. Normalean sistema eragileak gutxieneko app kopuru batekin etorri ohi dira, eta horietaz gain aparte instalatu daitezkeen app eskaintza asko alda daiteke batetik bestera: marka bakarrarenak eta ez oso popularrak diren sistema eragileentzat app gutxiago egongo dira normalean.

Aurreinstalatutako app-ak sistema eragilea datorren hizkuntza guztietan ibiliko dira. Guk dakigula, euskaraz dagoen sistema eragile hauetako bakarra Wear OS da, eta beraz bere aurreinstalatutako app-ak ere bai.

Tizen eta Wear OS software librea dira. Hala ere, biak marka batenak dira eta beraiek gidatzen dute sistema eragilearen eboluzioa. Wear OS-ren kasuan, gainera, atzean Google egonik, Android-ek dauzkan arazo berak ditu, hau da, beraien zerbitzuetara lotzen gaituztela, gure datuen pribatutasuna…

Baina badaude sistema eragile libre eta kolaboratibo batzuk batzuk smartwatch-etan instalatzeko. AsteroidOS izango da ziurrenik horietatik garatuena eta erloju gehienetan instalatu daitekeena. Horrez gain, postmarketOS ere badago, berez batez ere telefonoetarako dena, baina bestelako gailu batzuetan ere jar daitekeena, tartean erloju adimendun batzuk ere bai. Bietako bat ere ez dago euskaraz, baina software librea direnez, gure esku dago itzultzea nahi badugu. Horrez gain, erabat librea izango den erloju bat egiteko proiektua dago, ez softwarea soilik baizik eta baita hardwarea ere, Open-SmartWatch, oraingoz apur bat berde dagoena.

Smartband edo banda adimendunak

Banda adimendunen sistema eragileei dagokienean, fabrikatzaileak bere gailurako berariaz garatutako sistema eragile edo firmware pribatiboak erabiltzen dituzte. Ez dirudi hauetan instalatzeko alternatiba librerik dagoenik.

Edonola ere, smartband-ek telefono adimendunetan edo tabletetan instalatutako aplikazio mugikorrak edo/eta online zerbitzuak baliatzen dituzte datuak sinkronizatu, gorde eta erakusteko. Eta argi dago datu hain pribatu horiek enpresa horien esku egotea arazo handia dela. Horregatik, badago app bat ofizial horien ordez telefonoan instalatzeko, Gadgetbridge, smartband ezberdin askorekin komunikatu daitekeena eta app ofizialen funtzionalitateak eskain ditzakeena datuak enpresa horien esku egon gabe. Eta hau euskaraz ez badago ere, software librea da, eta euskaraz jar dezakegu hala nahi badugu.