Urte eta erdi igaro da banku zerbitzu digitalen etorkizunaz Laboral Kutxak idatzitako sarrera berton agertu zenetik. Sarrera horrek klabe garrantzitsuak eskaintzen zituen: Omnikanalitatea, Big Data, mugikortasuna eta ordaintzeko erraztazunak, Fintech…. Dagoeneko martxan dagoen eraldaketa digitala da, gure bizitzan aldaketa ugariak eragiten dituena, eta aldaketak hasi baino ez dira egin.
Fintech alorrean aldaketa olatu berri bat datorrela dirudi. Berez teknologia eta finantza zerbitzuak nahastea ez da berria, eta termino hau sortu aurretik hamaika urte daramagu konbinaketa hori gure egunerokotasunean sentitzen. Finantza sektorea beti izan da berritzailea, aurrerapen eta berritasun digitalak sortuz eta bultzatuz. Laster berrogeita hamar urte beteko dira lehengo kutxazain automatikoa kalean jarri zenetik, eta banketxeak aspaldi digitalizatu zituztela prozedurak eta negozio funtzioak. Asko hitz egiten dugu eraldaketa digitalaz XXI mendean, baina sustraiak aspalditik errotuta daude finantza sisteman. XX mendetik gure munduarentzat ezinbesteko dan finantza sistema globala digitala da, eta teknologiak aurrera egin ahala finantza sistemak berritzen eta aldatzen doaz.
Zergaitik Fintech uhin berri bat orain?
Teknologiaren errua izango ote da? Ez. Oraingo olatu berriak zerikusi txikia dauka teknologiarekin, eta asko erregulazioarekin, joko arauen aldaketarekin. Laster da gurekin PSD2 ( Payment Services Directive 2), finantza sistemak eta Fintech alorrari astindu ederra emateko gaitasuna duen erregulazio europarra. Ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula. Jatorrrizko araua (PSD) 2007ko abenduan indarrean jarri zenetik gauza asko aldatu dira finantza sektorean, eta gaur egun Europa osoan ordainketak egiteko sistemak araudi berbera jarraitzeak onura handiak ekarri ditu.
Ohikoa denez araudiak teknologiaren atzetik geratzen dira, eta laster ordainketa prozesutan “hirugarren aktoreak” agertu ziren (Paypal, Stripe…). Beraz araudia hobetzeko beharra ikusita Europak PSD2 araudia sortzeko ekimena 2013an abiarazi zuen, eta 2015 urrian Europako Parlamentuak onartu zuen. Hortik aurrera bi urte batasuneko estatu guztietan araudia lege bihurtzeko, eta banketxeak aldaketa tekniko guztiak egiteko. Aspalditik hasitako aldaketa sakon baten ondoren, 2018ko urtarrilak 13an PSD2 errealitatea izango da. Horren ondotik araudiak ekartzen duen aldaketa medio Fintech uhala etortzeko aukera handia da. Araudia bera konplexua da, eta EBAk (European Banking Authority) 254 gida eta estandar tekniko argitaratu ditu. Laburbilduz zera nabarmendu genezake:
- Banketxeak euren bezeroen ordainketa datuak hirugarren aktore horiei irekitzeko modua arautzen da. Horretarako banketxeak gogor dabiltza API moduan datuak erabiltzeko zubiak eraikitzen. API eta (zabaldu eta lortu ahal diren) datuen ekonomia berria, hori izango da lehengo aldaketa sakona.
- Bezeroak (bai partikularrak bai enpresak) euren ordainketa datuak hirugarren aktoreei zabaltzeko aukera edukiko dute, araudia jarraituz eta modu kontrolatu eta seguru batean. Gaur eguneko “ordainketa oihana” ekosistema bat bihurtu, bigarren aldaketa sakona.
- Hirugarren aktore horiek zerbitzu berriak eskaintzeko aukera edukiko dute: AISP (agregazio zerbitzuak), PISP (ordainketak hasteko gaitasuna, e.a.). Hirugarren aldaketa sakona negozio berrien bidetik etorriko da.
Zer eragin dauka arautze honek? Merkatu berriak irekitzen ditu, hirugarren aktore horiek zerbitzu berriak eta negozio modelo berriak asmatuz, beti ere datuak eta teknologiaren bitartez, Fintech. Arriskuak? Bai, arriskuak era egon badaude:
- Batetik banketxeak “commodity” baten moduan geratzeko arriskua somatzen dute. Fintech olatua kontrola ezina izan liteke, eta telekomunikazioen eta Interneten negozioetan gertatutakoa ikusi ondoren (irakurri nahi ezkero, analisi sakona hemen ) kontuz ibili behar Amerika eta Asiako enpresa teknologiko erraldoiekin.
- Bestetik bezeroak (bai partikularrak bai enpresak) banketxeekin duten harremana modu sakonean aldatzeko aukera dago, eta horrelako aldaketak kaltegarriak izan daitezke teknologia ondo kudeatzen ez duten pertsonentzat. Aktore berriak agertu ahala, eten digitalak handitzeko aukerak nabarmenak dira.
Berrikuntzak ere bizkortzeko bidean daude, eta hurrengo bi-hiru urtetan Fintech mundua iraultza bat jasotzeko aukera benetakoa da. Banketxeetatik eta ordainketatik haratago eraldaketa digitala sektore desberdinetara modu zuzenean heltzen ari da. Horretarako erantzunak komunak izan behar dira, eta lehen urratsak abian dira.
Txikitan etxean entzuten nuen eskaera bat aproposa datorren olatua ulertzeko: “Diruk diru eitten dau”.