Azken astetan elkarrizketa ezberdinak izan ditut pertsona ezberdinekin gai berdintsuaren inguruan: euskararen benetako presentzia interneten eta saltsa honetan sar daitezkeen hainbat kontzeptu: baliabideak, adierazleak, neurketarako irizpideak, datuak, …
Euskara interneten dago. Hainbat ekimen daude hizkuntzaren presentzia sustatzeko sarean, hamaika eragilek sustatuta eta arlo ezberdinetan. Ados.
Baina aurrera pausuak ematen azkarragoak izan behar garela uste dut, teknologiaren aplikazioa abiadura handiko trena da eta burokrazian denbora preziatua galtzen ez ote gauden galdetzen diot etengabe nire buruari.
Euskararen Aholku Batzordearen IKT Batzorde-atalaren lana
Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Euskararen Aholku Batzordearen barruan antolatu zen IKT Batzorde-atala lanean ibili da hilabetetan zehar eta 2016ko apirilean Euskarazko IKTak. Gomendioak herri aginteentzat izenburuko txostena aurkeztu zuen batzorde honek.
Lantalde honek ateratako ondorio nagusienak hiru izan ziren:
- Euskararen osasun digitala ona dela erakusten duten hainbat datu badaude eta hori nabarmendu behar dela.
- Aurrerapauso handiak eta nabarmenak egin dituela euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien alorrean eta Interneteko esparruan; hala ere, ezin da ahaztu, aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada, euskara teknologia berrietan integratzen jarraitzeko ahalegin bateratuak egiten segitzea ezinbestekoa dela.
- Aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada, euskara teknologia berrietan integratzen jarraitzeko ahalegin bateratuak egiten segitzea ezinbestekoa dela.
2014tik aurrera Batzordeak izandako lanketa prozesu luze baten ondoren, eta lanketa honetan zehar egindako proposamen guztiak banan-banan aztertu ondoren, IKT Batzorde-atal Bereziak herri aginteei 12 gomendioz osatutako ondorioen txostena osatu zuen.
Honetan bildu ziren hainbat arlo ezberdinetan burutu beharrekoak, Wikipediaren sustapenetik hasita eta hainbat esparrutara zabalduz: lizentzien politika, edukien sormena, datuen bilketa eta ustiapena, ikus-entzunezko eta bideo-jokoen edukien sorkuntza, zaintza teknologikoa…
Pausu eraginkorrak emateko unea
Horrela izanda, aurrera egin behar dugu!
2017ko udaberrian gaude, ia urte bat pasatu da Batzorde honek txostena aurkeztu zuenetik. Tartean hauteskundeak eta gobernu berriaren eraketa izan dugu eta, ondorioz, Batzordea desegin zen.
Dagoeneko gobernu berria, eta horretan, Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Miren Dobaran eta bere lantaldea lanean hasi dira. IKT Batzorde-atal bereziak jarraipena izango duela adierazi da (eta espero dut), berriro hasieratik sortu behar bada ere.
Nire uste apalean, eta horrela adierazi nahi dut, garaia da muinera jotzeko eta aurrera pausuak emateko. Une berri hau aurrean dugula, ausartak izateko eta benetan eragingarriak bilakatu daitezkeen neurriak eta ekintzak bideratzeko aukera dugu, modu berritzailean jokatu eta gaiak bideratzeko.
Batzordearen beharra badago. Baina hau baino maila gorenago batean lan egingo lukeen irudia behar dugula argi ikusten dut: ahalmen handiagoak izan beharko lukeena eta ez bakarrik izaera kontsultarako edo aholku-emailea izango litzatekeena, baizik eta lanean zuzenean modu eragingarriak aurrera egiteko gaitasuna izango lukeena. Aparteko sail berezi bat bezala.
Ametsetan nabil, baina ametsetako sail horrek horrelako ezaugarriak izatea aurre ikusiko nituzke:
Erabakiak hartu eta ekintzak aurrera eramateko gaitasuna.
- Izaera finkoa eta horrek dakarren jarraikortasun eta egonkortasuna.
- Zeharkakoa izatea: ez mugatzea bakarrik arlo zehatz batetara, baizik eta beste sail guztiak lantzea. Euskara eta teknologia gure bizitzako alor guztietan daude, behar eta nahi ditugu.
- Horretarako, noski, baliabideaz hornitu beharko litzateke: ekonomikoak, giza baliabideak…
- Hiritarrengandik hurbil egotea: beharrak ezagutzea, erantzun azkarrak emateko gai izatea, informazioa helaraztea eta dagoeneko sortuta dauden eta sortuko liratekeen baliabide eta aukeren komunikazio eraginkorra egingo duena.
- Jabetza teknologikoa eta baliabide propioen garapena bermatuko lituzkeena.
- Arlo honetan dauden sortzaile, garatzaile eta orokorrean enpresa eta sektorea lotzeko gai izango litzatekeena.
Berritzailea izango litzateke gure inguruan, ez ordea mundu mailan: hor dugu Tailandiak sortutako Ministerio Digitala eta Audrey Tang ministroak martxan jarri dituen egitasmoak. Hauek gizarte demokratikoagoa baten alde egin dituen ekarpenei buruz ere hitz egin genezake.
Euskal Herrian (kasu honetan Erkidegora mugatuta bada ere) badugu aukera paregabea: ideiak badaude, arlo horretako aditu eta profesionalak baditugu, lan egiteko gogoa badago… Beraz, ekitea da behar duguna eta horretarako instituzio publikoak piztu eta aktibatu behar dira.