Euskaldunok badugu tradizio bat: historikoki alderdi politikoak zatikatuz alderdi berriak sortzeko paregabeko gaitasuna izan dugu. Esango nuke, ordea, alor teknologikora ere zabaldu dugula tradizio hau: zenbat teknologia errepikatu ditugu euskararentzat? Behar baino gehiago. 

Adimen artifizialaren garaian bizi gara, eta euskararentzat teknologia garatzeko burujabetza teknologikoa aldarrikatu dugu behin baino gehiagotan. Zorionez, euskarak hizkuntza teknologien alorrean garapen handia izan du, nagusiki IXA Taldea edo Aholab bezalako ikerketa taldeen eskutik, baina baita bestelako eragileen eskutik ere.

Burujabetza teknologikoaren beharra besteak beste euskararen merkatuak dituen mugen ondorio dira. Google bezalako enpresa handientzat euskararena ez da merkatu interesgarria duen tamaina txikiagatik, eta, ondorioz, euskarak bere garapenerako behar duen teknologia guk geuk sortzea ezinbestekoa da.

Euskararen Itzultzaile automatikoa da horren adibide. Edozein hizkuntzarentzat itzultzaile automatiko bat garatzeak suposatzen duen ahalegin teknologiko zein ekonomikoa handiegia da gurea bezalako merkatu batean bideragarria izan dadin. Euskararen kasuan, IXA Taldeak eta Elhuyarrek sortu zuten lehen itzultzailea, Matxin, eta honek bezala, ondoren etorri ziren proiektu berriek ere baliabide ugari behar izan dituzte. Horregatik, duela gutxi Ander Bolibarren txio honek eman dit zer pentsatua:

Txio horretan laburtzen da euskararen hizkuntza teknologien errealitatea: teknologiak errepikatzeko joera. Ez dugu itzultzaile automatiko bat euskararentzat, ezta bi ere, gehiago ditugu: Elhuyarrek garatutako Modela.eus batetik eta Vicomtech-en Batua.eus bestetik. Biek Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ikerketa proiektu bera dute oinarri nahiz eta bakoitzak garapen propioa jarraitu duen. Eta bitartean, Eusko Jaurlaritzak bere aldetik beste dirutza bat gastatu du Alemaniako Lucy Software enpresarekin bere itzultzaile automatikoa garatzen. 

Itzulpen automatikoaren kasua paradigmatikoa den arren, hau askotan errepikatu da euskarazko teknologiei dagokionean: Xuxen garatu zuen IXA Taldeak 1995. urtean baina urte batzuk beranduago UZEIk ere Hobelex zuzentzailea argitaratu zuen. Ahotsaren sintesian ere antzera gertatzen da, EHUko Aholab taldeak AhoTTS sistema garatu zuen bere garaian, Eusko Jaurlaritzak euskarazko ahotsaren sintesia Belgikako Scansoft enpresarekin garatzen zuen bitartean. Badira adibide gehiago, batzuk bidean desagertu dira, berriak sortuko dira. 

Esan bezala, euskararen merkatua oso mugatua da horrelako tresnak bikoiztea bideragarri izan dadin, baina baliabide eta indarrak batu ordez teknologiak errepikatzen jarraitzen dugu. Elhuyar Fundazioko Josu Aztiriak honakoa zioen gai honen inguruan:

Lankidetza eta lehia konbinatzen dituzten merkatuak omen dira berritzaileenak, baina gure kasuan faktore bat falta zaigu: masa kritikoa. Euskararen merkatuak ez du nahikoa tamaina teknologia bikoizketa bideragarri izan dadin. Hobe genuke baliabide teknologiko zein ekonomikoak euskararen burujabetza teknologikoa errealitate bihurtzera bideratuko bagenitu lankidetzaren bidez. Hori bai izango litzateke berrikuntza.