Askatasunak pertsona bakoitzarenak dira, baina eskubide direla esaten dugunean gizarte osoaren parte hartzea behar dutela aitortzen diegu. Euskarara eta hizkuntz eskubideetara ekarrita, horrek zera esan nahi du, euskal hiztunak bere eskubideak bermatuta izateko harekin euskaraz egingo duten herritarrak behar dituela.

LABORAL Kutxan argi daukagu hori eta jaio ginenetik saiatu gara konpromiso sendoa mantentzen gure bezeroen, langileen, bazkideen eta gizartearen eskubideekin. Baita teknologia arloan ere, jakina. Geu izan ginen, esate baterako, kutxazain automatikoak euskaraz ere jarri zituen lehenbiziko finantza-erakundea. Ez da euskara arlo digitalera ekartzeko egin dugun ahalegin bakarra. Jarraian, horietako batzuk, euskara sarera jalgi dadin asmoz egindakoak.

Kutxazain automatikoak

1980. hamarkadan hasi ginen gure sukurtsaletan kutxazain automatikoak jartzen eta lehen kreditu txartelak banatzen. Orain kostatu egingo litzaiguke horiek gabeko banku zerbitzua imajinatzen! Hasierako kutxazain horiek ez zuten gaur egungokoekin antzik, askoz aukera gutxiago ematen zituzten eta nekez pentsa zitekeen egunen baten munduko beste kutxazain batera dirua bidaltzeko aukera emango zutenik, kredituak eskatzeko aukera izango zutenik edo txartelik gabe ere funtzionatuko zutenik, telefono hutsarekin. LABORAL Kutxaren kutxazainek mila aukera desberdin ematen dituzte orain. Gaztelaniaz zein euskaraz, jakina,1981eko urrian aintzindariak izan baikinen gure kutxazain automatikoak bi hizkuntzatan programatzen.

Gure webguneak

Une honetan, LABORAL Kutxak dituen webgune zein blog guztiak euskaraz eta gaztelaniaz irakur daitezke (orokorra, bloga, korporatiboa, prentsa aretoa, Gaztenpresa Fundazioarena eta Enpresentzako blogarena). Kontu handia jartzen dugu, gainera, URL edo helbideak ere euskaraz jartzeko webgunea euskaraz erabiltzen duenarentzat. Esate baterako, gure blog nagusia blog.laboralkutxa.com helbidean aurki daiteke gaztelaniaz baina bloga.laboralkutxa.com da euskaraz. Berdin gure nortasuna, historia eta gizarte erantzukizuna laburbiltzen dituen webgunean ere: corporativo.laboralkutxa.com helbidean aurki daiteke erdaraz eta korporatiboa.laboralkutxa.com da euskaraz.

Webgune horietan ditugun eduki guztiak euskaraz eta gaztelaniaz aurki daitezke, berdin-berdin. Ez bakarrik idatzizkoak, baita infografiak ere, bideoak eta bestelakoak. Gure bezeroek eskubidea dute haiei dagokien informazioa nahi duten hizkuntzan bereganatzeko eta horretan saiatzen gara. LABORAL Kutxan baditugu ia 70.000 bezero euskara hutsean komunikatu nahi dutela esan digutenak eta horiei zor diegu euskarazko komunikazioa edozein euskarritan eskaintzeko bermea.

Gure politika argia da, zentzu horretan eta euskararen alde ari diren erakundeen aholkuak jarraitzen ditu. Bezero guztiei ematen diegu hizkuntza aukeratzeko modua. Euskara nahi duenak, euskaraz jaso behar luke informazioa. Gaztelania nahi duenari, informazio elebiduna ematen zaio. Horrela, euskarak ikusgarritasuna irabazten du eta euskaraz ikasten ari denak hortxe dauka hobetzen joateko aukera.

Online Banka

Aldaketa prozesu bizi-bizian dago gure Online Banka. Jada 100.000 bezerok baino gehiagok erabiltzen duten mugikorrentzako aplikazio berria sortu genuen ekainean, datozen hilabeteetan zehar mamituko diren beste hainbat aldaketaren atariko. Zer esanik ez, aplikazio hori euskaraz ere jaso daiteke, goitik behera. Izan ere, 2010etik eskaintzen ditugu mugikorrerako zerbitzuak bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Gizarte sareak

Gizarte sareen ezaugarri teknologikoek aukera handiak ematen dizkigute hizkuntza politikari dagokionean. Sare bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, banan-banan ikusiko ditugu.

  • Facebook: Gizarte sare honetan edukiak argitaratzen hasi ginenean blogean argitaratzen genuena zabaltzea zen helburu nagusia. Horretarako, eduki bakoitzarekin argitalpen bi egiten genituen, bata euskaraz, bestea gaztelaniaz. Ordutik Facebook asko aldatu da, ostera, eta orain edukiak segmentuka aurkezteko aukera ematen du, hizkuntza zein eremu geografikoa aukeratuta. Horrek esan nahi du gure orrialdea jarraitzen duten lagunei askoz informazio zehatzagoa eman ahal diegula, nahi duten hizkuntzan. Euskara aukeratu duenari, beraz, euskara hutsez eskaintzen dizkiogu edukiak. Gaztelania aukeratu duenari, ordea, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako eduki elebidunak ematen dizkiogu. Modu horretan eraman dugu Facebook-era gure hizkuntza politika orokorra, egoera asimetrikoan dagoen hizkuntza gutxitua zabaltzea asmo duena.
  • Twitter: Gizarte sare honek, berriz, ez du hizkuntza bidezko segmentaziorik egiteko aukerarik ematen. Momentuz, behintzat. Beraz, txio elebidunak egiten saiatzen gara. 140 karaktere baino ezin direnez erabili, ez da beti posible izaten. Gure konpromisoa, beraz, gure jardunarekin harremana duen informazio guztia euskaraz eta gaztelaniaz ematea denez, eta, era berean, ez ditugunez bi hizkuntzak ongi ezagutzen dituzten erabiltzaileak nekatu nahi, informazio berbera birritan irakurtzera behartuta, eduki berdina duten txioak astean zehar bidaltzen ditugu eta ez jarraian. Erronka polita da Twitterren idaztea, egia esan, generoa ere kontuan hartuta idazten dugulako, gaztelaniaz horrek dakarren erronkarekin. Erronka zale gara, ostera, eta gustura egiten dugu komunikazio lan hori.
  • Instagram: Gure azken gizarte sarea da. Eduki elebidunak jartzen ditugu baina oraingoan euskara lehenetsi dugu. Horretarako, besteak beste, Igerrak Euskal Instagram Komunitatearekin hilabetero argazki lehiaketak egiten ditugu. Pozik gaude emaitzarekin eta gizarte sare honetan hasitako bidearekin.

Buletinak

Duela urte mordotxo bat, RSS eta gizarte sareen etorrerarekin, bazirudien emaila zaharkituta geratuko zela. Ez da horrela izan, ostera. Eta newsletterrak edo buletinak jasotzeko ohitura inoiz baino sendoagoa da. LABORAL Kutxatik aspaldi bidaltzen dizkiegu buletin elebidunak gure bezeroei, haientzat interesekoa izan litekeen informazioarekin. Duela hilabete batzuk gure blogaren edukiak ere modu honetan bidaltzen hasi ginen.

Horrez gain…

Ez dira hor bukatzen euskararekin edo, hobe esanda, euskal hiztunekin hartu ditugun konpromisoak. Bezeroekin informazioa eta dokumentazioa euskaraz eskaintzen ditugula esan dugu baina baita arreta ere, telefonoz zein bulegoetan, euskaraz egin nahi dugu. Horregatik LABORAL Kutxaren edozein bulegotan egon behar da gutxienez langile bat euskaraz arreta egiteko gaitasuna duena. Konpromiso horri eusteko, aspaldi eskuratu genuen Bai Euskarari agiria gure sukurtsal guztietarako. Eta aurten, gainera, UEMAko udalerrietan euskara lehenesteko konpromisoa berriztatu dugu.

Publizitatea eta komunikabideekiko harremana ere elebiduna izatea gure ardura nagusietakoa da. Publizitatean erabiltzen dugun euskara gainbegiratzeko alor horretan adituak direnei laguntza eskatzen diegu eta gure kanpaina guztiak zaintzen eta hobetzen dituzte.

LABORAL Kutxaren Euskara Zerbitzuak baditu jada 30 urte. Ordutik, urtero egiten dugu euskararen Gestio Plana, Euskararen Plan Estrategikoak hiru urterako eskaintzen dituen helburuetan oinarrituta eta horren kontrola egiteko Euskararen Talde Teknikoa hilabetero batzen da. Berari dagokio, gauzak ongi ez badoaz neurri zuzentzaileak proposatzea. Zuoi, berriz, irakurleoi, edozein akats edo hobetzeko aholku guri helaraztea. Aplikazio informatikoak, webguneak… dena dago bezeroen eta gizartearen zerbitzura eta, beraz, hobetu daitekeen edozer hartuko dugu kontutan. Gure blogean irakur dezakezu euskararen alorrean egiten dugunari buruzko informazioa osatua. Hortik aurrera, zuona da hitza!