Euskarak aro digitalean izan duen garapenari begirada bat ematen hastean gaiak duen zabaltasunaz ohartzen gara: Euskara eta aro digitala. Gai zabala, eta garai are zabalagoa, askotan esan izan dugulako aro digitalean bizi garela. Orain diogu, baina hamarkadaz hamarkada aro digital desberdinak ezagutu ditugu, eta, euskarak, aro bakoitzera egokitu behar izan du. Denboran bidaia labur eta azkar bat egin dezagun, aro digital bakoitzari begiratu azkar bat emanez, eta euskara garai bakoitzean kokatuz.

Ni 70eko hamarkadan jaio nintzen, eta ziur naiz hura ere aro digitala zela. Baina guretzat, 80ko hamarkadan hasi zen aro digitala: gela osoak betetzen zituzten ordenagailuak ikusten genituen zineman, eta haien inguruan zientzialari itxura zuten bata zuriz jantzitako gizonak lanean. Orduan ere aro digitala abian zela esaten zen, baina euskarak ez zuen tokirik garai hartako digitalizazioan. Ordenagailu haiek zulodun txartel eta komando bidezko terminalen bidez kudeatzen ziren, eta, ondorioz, hizkuntzek apenas zuten tokirik lehen aro digital hartan.

Hamarkada aurrera joan ahala, ordea, Spectrum, Atari eta antzeko ordenagailu txikiak ezagutzen joan ginen, IBM/PC moduko ordenagailuak enpresetara (eta beranduago etxeetara) iritsi arte. 90eko hamarkada ordenagailu pertsonalen garaia izan zen, informatikaren demokratizazioa iritsi zen. Aro digitala zela esan genuen orduan ere, informatika pertsonen eskutara iritsi zelako. Orduko aro digitalean hizkuntzak bazuen garrantzia erabiltzaileek hizkuntza naturalean mezuak bistaratzen zituzten interfazeak erabiltzen zituztelako, eta euskara bere tokia bilatzen hasi zen garaiko ingurune digitalean. Hor hasi ginen lehen emaitzak ikusten: Windows, Linux eta Office bezalako tresnak euskaraz, Xuxenen jaiotza, eta lehen CD-ROMak euskaraz. Erabiltzaileek tresnak eta edukiak euskaraz izatea zen erronka garai hartan.

Handik gutxira lehen webguneak ikusten hasiko ginen, baina Interneten benetako eztanda hurrengo hamarkadan iritsiko zen, 2000ko hamarkadan web 2.0 famatuaren jaiotzarekin batera.

 

 

2000ko hamarkada ere aro digital moduan bataiatu zen Web 2.0 eta puntocom fenomenoaren eztandarekin. Garai hartan euskarak izan zuen halako indarraldia sarean erabiltzaile oso aktiboen eskutik: euskal blogosfera sortuko zen, posta zerrendak eta sareko hedabide digitalak jaio ziren euskaraz besteak beste. On-line hiztegiak eta antzeko zerbitzuak ere ikusten hasiko ginen sarean. Edukia zen garrantzitsua garai horretan, Interneten euskarazko edukia egotea, eta, zorionez, komunitate aktibo batek lortu zuen euskarak sarean bere tokia izatea.

2010eko hamarkadan 30 urte lehenago gela osoak betetzen zituzten ordenagailu haiek poltsikoan sartu zitzaizkigun. Aro digital berria abiatzen zen, oraingoan mugikortasunaren eskutik. Iritziaren garaia ere bazen, sare sozialen garaia: uneoro konektatuta geunden eta edozein gairen inguruko iritzia edozein tokitatik edozein unetan eman genezake, baina euskaraz egiten genuen? Youtuber eta influencerrak bezalako fenomenoak sortuko ziren baina hauentzat erabiltzaile kopurua zen garrantzitsua. Euskararen masa kritiko txikia arazo bilakatuko zitzaigun, euskarak Interneten erabiltzaile kopuru txikia izatean zerbitzu nagusietan ez zutelako pisurik, eta, ondorioz, erabiltzaile askok hizkuntza nagusien alde egin zuten. Zorionez, bestelako proiektuak ere abiatu ziren hamarkada horretan: .EUS domeinua edo Wikipedia bezalako ekimenen bidez euskarak sarean zuen presentzia indartu genuen.

Gaur egun 2020ko hamarkadan gaude, datuaren garaian. Aro digital definitiboa hau izan daiteke (oraingoz) gailuak edonon aurki ditzakegulako: erloju batek esaten digu zein den gure osasuna, autoak hitz egiten digu, etxeko gailuak ahotsaren bidez aktibatzen ditugu… etengabe konektatuta gaude, eta, ondorioz, etengabe monitorizatuta gaude nonahi sakabanatutako zelula elektroniko txikien bidez. Inguratzen gaituzten gailuek gidatzen dituzte gure ekintzak eta erabakiak hartzeko garaian ez dituzte gure iritziak kontuan hartzen, gure jokabidea baizik. Ez dute gure iritzia jakin beharrik, badakitelako benetan zer egiten dugun. Datua dago aro digital honen oinarrian: hain garrantzitsua den adimen artifiziala datu multzo erraldoietan oinarritzen da. Garatzaileek badakite zer egiten dugun, zer kontsumitzen dugun, zer erabiltzen dugun, eta zer atsegin dugun. Netflixek ez dizkigu filmak eskaintzen gure ustezko gustuen arabera, gure kontsumo errealaren arabera baizik. Publikoki esan dezakegu dokumentalak eta zinema suediarra maite ditugula, baina plataformek gure benetako jokabidea ezagutzen dute eta hori hartzen dute kontutan. Hizkuntzarekin ere berdin gertatzen da: oso euskaldun senti gaitezke, oso euskaltzale izan, baina horrek ez du eraginik praktikan ez badugu aplikatzen. Gure gailuetan euskara erabiltzen dugun, sarean euskara kontsumitzen dugun, euskaraz nabigatzen dugun ala ez, horrek balio du. Enpresek datua ezagutzen dute, eta hori hartzen dute kontuan euskararen balioa neurtzeko garaian. Ondorioz, gure jardunak erabakiko du euskararen etorkizuna aro digital honetan.

Ikusten denez, euskarak aro digitalean dituen lehentasun eta beharrak hamarkadaz hamarkada aldatuz joan dira. Ingurune digitalak oso azkar eboluzionatzen du, eta, ondorioz, gure jarduna eta euskarak behar duen estrategia digitala etengabe egokitu beharra daukagu gure hizkuntzak etorkizunik izatea nahi badugu.