Egunotan pasako da esamoldea entzuten dudan bakoitzean, astindu moduko bat ematen dit gorputzak, elektrifikatutako kalanbre horietako bat jasoko banu bezala. Normalitate hitza da betirako krisian sartu dena, erresilientzia globalizatuz eta gure bizitzak hauskorrak eginez. Ongietorriak Post-COVID-19 gizarte globalera.
Habermas-en esana datorkit gogora: Inoiz ez dugu hainbeste jakintzarik eduki, hain zuzen ere… gure ezjakintasunaz. 1945-1991 epealdiaren ostean (Gerra Hotzaren amaiera eta Sobietar Batasun oiharen disoluzioak markatuta), Fukuyama-k demokrazia liberalen gailentzea eta marxismoak egiten zuen historiaren irakurketa linealaren kontrara, historiaren amaiera bera aldarrikatu zuen. Harrezgero globalizazioaren loratze zoriontsu bat bizi izan dugu gaur artean. Wuhan-en sortu zen epidemia fokalizatu hau, modu sistemiko eta mailakatu batean krisi pandemiko, sozial, eta epe ertainean, hurrenkeran, algoritmiko eta klimatikoa bihurtzeko bidean baita. Krisiak ziklikoak izaki, hitzaurre hausnarketa gisa, gure artean inkonszienteki eraikitzen joan garen globalismo bizimolde hau amaitu dela dio Gray-k. Tximeleta efektu gisara aurkeztu zaigun zisne beltz fenomenoa den COVID-19 disrupzioak, nazioarteko geopolitika eraldatzen ari da munduko hiritar ‘librea’ izanik bere lehenengo biktima. Bitartean, gu, gure etxeetan sartuta mundu berri bat, aurrekoaren errautsetatik birsortzen pantailetatik ziztu bizian eta (guri) baimenik eskatu gabe ikustearen testigu gara. Etorkizuna ez da eraikitzen: etorkizuna ORAIN da.
Ilustrazioa: Ana Arranz.
Halaber, etorkizun honek konponente geo-ekonomiko eta geo-politiko nabarmena du krisi pandemiko honek duen dimentsioa har dezagun. McKinsey-ren eguneraketen arabera, 2020ko bigarren hiruhilabetean, munduko BPGk -%7.2a jeitsiera izango du. Baina deigarriena da, munduko hiru paradigma globalen ezberdintasuna tunelaren amaierari dagokionez: Txina 2021ko bigarren hiruhilabetean bueltatuko litzateke krisi aurreko garaira; EE.BB. 2024ko bigarren hiruhilabetean; eta Eurozona 2024 laugarren hiruhilabetean. Hurrenkeran egungo 2020ko bigarren hiruhilabetean: Txina izango litzateke kalte xumeena izango lukeena -%4.2ko jeitsierarekin, EE.BB. bigarren kaltuena -%11.1rekin; eta azkenik, itxura guztien arabera, Eurozonak jasoko luke egundoko zartakoa, -%13.2ko deshazkundearekin.
COVID-19-aren oldarketak, munduko hiru paradigma global hauek aspalditik adimen artifizialari dagokionean karriatzen zuten norgehiagoka areagotu besterik ez du egin (Artificial Intelligence, AI; Samoili et al. 2020). Halaber, COVID-19-aren kudeaketan azaleratu eta anplifikatu egin dira aspalditik somatzen ziren joerak eta kontraesanak paradigma ezberdinen artean (Allam & Jones 2020; Amat et al. 2020; Grundholm 2020):
1.Txina aspalditik ari da esperimentatzen Social Credit System (SCS) delakoa, hiritarren kontrola gailendu eta totalitarimo/nazionalismo teknologiko gisako paradigma bati gradualki helduz (Kostka 2019; Sun & Yan 2020). Bestalde Huawei enpresa berritzailearen estrategia oso esanguratsua izaten ari da EB-rekiko hurbiltze-estrategiko bat aurreikusten delarik. COVID-19a, Txinaren estrategia geopolitiko global osoaren abiapuntua izan da.
2.Shozana Zuboff (Zuboff 2019), Harvard University-ko adituak maixuki azaldu bezala, GAFA gisa ezagunak diren Google, Apple, Facebook eta Amazon, zelatatze-kapitalismoa (surveillance capitalism) aspalditik praktikatzen darraite. Egunotan Apple eta Google-ek berriki aurkeztu duten akordioak, konfirmatu baino ez du egiten, norgehiagoka eta paradigmen arteko lehia. COVID-19-aren emergentzia-kudeaketa fintzeko, contact tracking-aren egitasmoa aurkeztu dute. Itzelezko inflexio puntua litzateke gure pribatasun eta datuen erabilgarritasunari dagokionez, Silicon Valley-ren esku utziz gure datu eta subirautza teknologikoa aurrerantzean. Alternabarik Europan, Europar Batasunaren (EB) alderik?
3.EB-k lan aintzindaria egin du azken urteotan Datuak Babesteko Arautegi Orokorra (DBAO, GDPR bezala ezaguna dena) sortzeko. Une honetan debate interesgarri bat sortu delarik pribatasuna bermatu vs etekin soziala ahalbidetu teknologiek COVID-19-a antzematen laguntzeko. Bitartean, Pan-European Privacy-Preserving Proximity Tracing bezalako egitasmo saretuak sortu dira oso abiada handian jada. Beraz, alternatibak sortze bidean egon litezke Europan: deszentralizazioa, data commons, pribatasuna, eta jabetza izanik subirautza teknologikoaren osagaiak.
Argazkia: Markus Spiske, Unsplash.
Nola ekidin Euskal Herria eta bere hiritarrak zelatatuak daudela etengabe Big Tech edota estatuaren kontrolaz? Nola diseinatu euskal estatu bat, hain zuzen ere, panoptiko digitalaren kontzeptutik urrun? Posible al da egungo mundu konplexu, interkonektatu, interdependiente, eta mugaz jositako honetan estatu bat izatea?
Honek zerikusia du Euskal Herriak, herri-proiektu gisara, estrategia digitala eta subirautza teknologiak bete beharko lukeen paperaz (Calzada 2019b), aurrean dugun ekonomia eta gizarte digitala ulertu eta gutxieneko berme demokratikoei eusteko bada ere (Calzada 2019a). Agian hemen, stakeholder-rak diren sektore publiko, pribatu, zibila, baina baita-ere akademia eta ekintzaile/aktibistak lerratzea falta litzatete euskal nazio algoritmiko bat erdiesteko. Hemen, EBren aterkipean, blockchain bezalako arkitekturak oso baliagarriak suertatu litezke gure hiru administrazioen artean (Calzada 2018a) (eta batipat gure metropolizatze-prozesua kontuan edukiz; Calzada 2018c) protokolo dezentralizatu eta sareratuak egikarizatzeko (Calzada 2018d). Nola jarri AI-a euskal nazio algoritmiko baten zerbitzura ongizate soziala bermatuz? (Floridi et al. 2020) Nola ekidin Euskal Herria eta bere hiritarrak zelatatuak daudela etengabe Big Tech edota estatuaren kontrolaz? Nola diseinatu euskal estatu bat, hain zuzen ere, panoptiko digitalaren kontzeptutik urrun? Posible al da egungo mundu konplexu, interkonektatu, interdependiente, eta mugaz jositako honetan estatu bat izatea? Euskal estatu batek demokratizazio eskeintza zabalena egitea ezinbestekoa litzateke. Beraz, estatugintza demokratikoa ez da posible izango nazio algoritmiko moduan operatzen hasten ezpagara behintzat. Gure hartueman guztiak daude zipriztinduta kodetutako sare, datu, eta hartuemanez: tekno-hiritar gara tekno-post-COVID-19 gizartean. Determinismo teknologiko ekiditeko bidea subirautza garatzea da, baina Europar hiri-eskualde, nazio eta estatuekin elkartasun eta lankidetza internazionalisten bidez (izan Estonia, edo izan Katalunia). Euskal errepublika bat nazio algoritmiko gisara operatzen irudikatu ahal dugu Europar federazio batean? Kontzertu berri honetan jokatzeko baliatu behar ditugu gure aukerak eta datu azpiegitura, erakunde eta ekosistema egituraturik gabe, gureak egingo du (Calzada & Almirall 2020). Ezingo ditugu euskal hiritarren eskubide digitalak babestu aurreratzean, ezta beraien lan, bizi, eta duintasun baldintzak bermatu (Calzada 2018b). Eta…ez al dira nahiko arrazoi euskal naziogintzaren narratiba berritu bati ekiteko?
Determinismo teknologiko ekiditeko bidea subirautza garatzea da, baina Europar hiri-eskualde, nazio eta estatuekin elkartasun eta lankidetza internazionalisten bidez (izan Estonia, edo izan Katalunia)
Agian, Euskal Herrirako egiten diren aurreikuspen eta analisietan, munduaren egituraketa berri honetan gobernantza digitalak, bereziki datu gobernantza (Ruppert et al. 2017) eta AI, gure bizitza eta ekonomian izango duen eragina hankapuntetan pasatzen da, gure bizitzari eragiten ez diotelakoan. Artikulu honek bereziki kontrakoa argudiatzen du: uste orokorraren arabera, gure muturraren aurrean auto-egituratzen ari den post-COVID-19 munduan, gobernantza digitala, datu ekonomiak, eta AI-k (i) gure egunerokotasuneko (BIZITZA), (ii) jateko gauzei buruz (EKONOMIA), (iii) erabiltzen ditugun azpiegitura eta sortzen ditugun ‘gure’ datuak (TEKNO-POLITIKA), eta azkenik, ondorioz, (iv) herri gisa antolatu dezakegun herrigintza eta nazioarteari begirako herri-proiektua erabat baldintzatzen ari da jada eta baldintzatuko du are gehiago bektore digitalak epe ertain eta luzean. Horretarako euskal nazio algoritmikoa sortzen joan behar dugu subirautza teknologikoak Europar testuinguruan (bereziki) irekitzen dizkigun aukera baliatuz (DEMOKRAZIA).
Diagrama: Igor Calzada.
Euskal Herriaren egituratze eta herrigintza estrategikorako burutzen dudan politikak eragiteko ekarpen zientifiko aplikatu hau bi ataletan dago egituratua: (i) Diagnosia: Egungo eszenatokiaren sintomatologia sozialaren faktoreak eta (ii) Estrategia: Eraldaketa palankak.
Euskal nazio algoritmikoa sortzen joan behar dugu subirautza teknologikoak Europar testuinguruan (bereziki) irekitzen dizkigun aukera baliatuz (DEMOKRAZIA)
1. Diagnosia: Egungo eszenatokiaren sintomatologia sozialaren faktoreak
COVID-19-a geratzeko etorri da. Egunotan Euskal Herrian sare sozialen bitartez errealitatea hiperbolizatzen ari gara, pandemiak infodemia elikatzen du. Norberaren balio-eskala eta ideologiaren baitan ordenatua eta filtratua, sintomatologia sozial anabasa osatzen ari gara. Honako faktoreen zerrendatze batera eraman gaitzake ariketa estrategiko gisa2: (i) zaintza; (ii) lanaren antolaketa-telelana; (iii) gainean izango dugun krisi ekonomikoa eta eratorria izango den hiperprekaritate, lanpostu galera, eta agian Oinarrizko Errenta Unibertsala; (iv) aldaketa klimatikoaren arriskuarekiko kontzientziaren esnaldia; (v) hezkuntza etxeratzearen ondorioak; (vi) teknologia (eta bere subirautza), datuak (eta bere gobernantza eta ekosistemak), AI, platformak (sharing economy), automatizazioa, algoritmoak (pribatasuna eta jabetza), eta ikusezina baina paradoxikoki gure mundua autoeratzen ari diren indar teknopolitiko globalen kontzientzia piztea; (vii) harreman personal eta psiko-sozialetan aldaera sakonak; (viii) kultura kontsumitzeko eta eratzeko modu deslokalizatuak; (ix) zientziaren rola gizarte berrikuntzaren gai gakoen zerbitzura jartzea; (x) lehiakortasun hutsa behingoagatik alboratu eta ongizate sozialarekin ezinbesteko oreka, ongizate estatua berreskuratuz eta berregituratuz; (xi) zerbitzu, sektore, eta politika publikoen berrikuntzaren beharra, behingoagatik aspaldian, estatuaren hegemonia edo behin-behinean esku hartzea sendotzeko aukera eta merkatuaren esku-beltz ikustezina ahultzea ahalbidetuz; (xii) hiritarren ongizatean zuzenean eragiten duten sektore ekonomikoen suspertze bat (elikagaigintza, gizarte-zaintza, turismoa, kultura, eta txikizkako merkataritza ekonomi eredu berri eta sozialetan oinarrituak egotea); (xiii) nazioartean orohar, eta EBn bereziki, internazionalismo aurrerakoi eta transnazional batean oinarritua egon beharko lukeen (ez dagoen) interdependentzia eta elkartasun sareak ehuntzearen garrantzia, ultralokalismoaren arriskuak (ere behar denean) gainazaleratuz; eta azkenik, (xiv) balio kate globalen uzkurketa eta ondorioz hiri-eskualdeen ekonomien indartzea.
Norberaren balio-eskala eta ideologiaren baitan ordenatua eta filtratua, sintomatologia sozial anabasa osatzen ari gara.
Krisi pandemikoak, prozesu ekonomiko, politiko, teknologiko eta sozial paraleloak abian jarri ditu, AI-ren kontrolaren norgehiagoka global batean hezurmamitzen ari dena, alegia krisi algoritmiko batean.
Guzti honek zerikusi zuzena du gobernantza, herrigintza, erakundetze, herri-estrategia, nazioa eta balizko estatugintza batetara lerratzeko urratsekin. Egungo eszenatokiaren sintomatologia sozialaren faktore hauek, ordea, ez dira modu lineal batean lerratzen eta ez dute izango bilakaera berdina Euskal Herrian. Maila geopolitiko global batean behintzat, Txinaren hegemonia oso nabarmena izango da eta EE.BB. krisi sakon batean sartzeko arriskua liteekena izango da (Trump-en lidergoaren beherakadarekin batera). Hala ere, lehen analisi honetan ez genuke ahaztu behar bi erraldoi hauen eta EBren arteko joko-zelaia, oso esparru ekonomiko estrategiko eta zeharkakoan gertatzen ari dela aspalditik: AI eta eraldaketa digitalen paradigmen konpetizio eta inposaketan. Oso komenigarria iruditzen zait, euskal hiritarraren bizitzan hain nabarmena ez den kontu honen azpimarra egitea, izan ere, ikustezin egitea ez du esan nahi eragin zuzena jadanik izaten ari ez denik. Nere tesia baita, krisi pandemiko eta algoritmikoa txapon berdinaren bi aldeak direla. Krisi pandemikoak, prozesu ekonomiko, politiko, teknologiko eta sozial paraleloak abian jarri ditu, AI-ren kontrolaren norgehiagoka global batean hezurmamitzen ari dena, alegia krisi algoritmiko batean. Algoritmoak ez dira hodeian dauden zerbait; algoritmoak euskal hiritarrok (are gehiago egunotan konfinamenduan egonik norbera bere etxean sartuta sareak eta Internet erabilera izugarri igo denean), patriketan nonahi daramagun sakeleko telefonoko zerbitzu eta nabigazioan sortzen ditugun ‘gure’ datuekin elikatzen ari gara etengabean. Honek zuzeneko zerikusia duelarik krisi honen ondorioen ostean ‘geratuko’ zaigun demokrazia mailarekin. AI, datu-ekosistemak, eta orohar eraldaketa digitalak ez dira jadanik gure bizitza eta gure herri proiektutik at egon beharko luketen gaiak. Kontrara, gomendatuko nuke ahalik eta lasterren gai hauek debate publikoan txertatu eta ekintza estrategiko inklusiboak abian jartzea Euskal Herriko lurraldeetako eragile eta interes-taldeekin (stakeholder-rekin). Subirautza teknologiaz ari naiz.
Argazkia: fabio, Unsplash.
Euskal hiritarrak ere, zentzu batean zein bestean, hiritar pandemiko gara, munduko beste hiritarren maila berean.
2.Estrategia: Eraldaketarako palankak
Post-COVID-19 gizartean, kapitalismoak behar zuen aldibereko fluxuen zirkulazio etengabea (kapitalak, lana, eta pertsonak) eten egin da. Kapital fluxuak ez bezala, COVID-19-ak ez du etekinik behar; baizik eta zabalkunde oso eta azkarra, eta biak batera. COVID-19-a inmigrazio kontrol, sensore biometriko, zaintza digital, eta datu-analitika ororen zirrikituetatik oso errez iragazten da; bereziki orainartean, munduko herrialde aberats eta berez kapitalismoaren motorraren erdigunea izan dena. Testuinguru honetan, euskal hiritarrak ere, zentzu batean zein bestean, hiritar pandemiko gara, munduko beste hiritarren maila berean. Une honetan gure etxeetan sartuta gaude eta arrisku global bat berdin nozituz partekatzen dugu. Hala ere, irteera oso bestelakoa izango da: geolokalizazioak eraginda, geografia bera birbaloratu egin da.
Pandemiak hiritar konstziente egin gaitu: oinarrizko genituen eta emantzat genituen egunerokotasuneko aspektu asko berriro lehen planora ekarriz. Reset moduko honetan, gure errepublika independiente, gertuko pertsona eta gauzek osatzen dute. Teknopertsonak bihurtu gara (Echevarría & Almendros 2020), gure etxeetako internet sarbidea izanik gure lehio afektibo lokaletik kosmopolita domestiko izateko aukera bakarra. Mundua, hurbila (gurea) eta ez hain hurbila (besteena), biak oso uztarketa aintzindarian etxekotu dira. Baliteke krisi honek dakarren irakurketa da, koordenada lokal eta globalen uztarketaren bizipen berritu baten hasiera.
Gure bizitza da aldatzen ari dena: Nola ulertu behar dugu hemendik aurrera pribatasuna? Zer egin adibidez gurea bezalako kultura komunitarista eta etxetik kanpora oinarrituta dagoenarekin, adibidez, Euskaraldia bezalako egitasmo arrakastatsu baten kasuan (Calzada 2020b)? Garai hobeak etorri arte bertan behera utzi? Euskara soilik da hizkuntza presentzialki bada? Delako physical/social distancing–a izango al da euskera sustatzen jarraitzeko traba? Nola aldatuko dira gure herri eta hirien urbanismoa eta baita gure psikosoziologia? Nola egokituko gara mugikortasun oso mugatu batetara, bidaiatzea zer zen guztiz ahantzi gabe? Turismoak zer leku beteko du eta nola praktikatuko dugu gure bizitzetan? Musikari edo kultur ekoizleen jarduna nola eta non gauzatuko da hemendik aurrera? Kontzertuak Instagram-en gertatuko dira (betiko), erabilera eta kontsumo online-a soilik eginez? Non eta nola kontsumituko dugu eta egoera honek nola aldatuko ditu gure bizitza-ohiturak eta generaman life-style-a? Adinduen bakartzeak eta heuren bizi-kalitatea nola bermatuko dugu?
Guzti honekin (eta agian hemen dago palanka bezala sistemikoa izango den eraldaketa baten erpina) COVID-19-ak ‘gure’ datuen gobernantza digitala gure bizitzen erdigunera ekarri du: gure mugikorretan sortzen ditugun datu geolokalizatuak erakundeen esku utzi beharko genituzke pandemia kudeatzen laguntzeko, horrek dakarren pribatasun-urraketa eta zelatatze-arriskuarekin? Nola orekatu etekin bat eta arriskua? Edo zer lehenetsi? Guzti honek gure herrigintzarako esanguratsuak diren eztabaida tekno-politikoak dakartza. Osasuna bermatua edukitzea giza eskubide bat dela aldarrikatu duen bezala Sanders-ek, Estonia-k jadanik 2001an aldarrikatu zuen Interneterako sarbidea giza eskubide gisa. Non dago oreka gure osasunaren kudeaketa eta gure pribatasunaren kontrolaren artean?
Argazkia: Robert Metz, Unsplash.
Zer nolako lau eszenario utziko digu post-COVID-19-ak? (i) neoliberalismo ortodoxoaren itzulera; (ii) estatuaren zelatatze autoritario baten ezarpena; (iii) hazkunde basatira itzulera edozein preziotan; eta (iv) trantsizio ekologiko eta hazkundearen eredua birpentsatzeko beharra.
Eztabaida honen arira, Euskal Herrian anekdota esanguratsuak gertatzen ari dira egunotan: Interesgarria identifikatzea, COVID-19-aren kudeaketaren inguruan bi erantzun: Batetik, Ikerbasque-eko zientzilari bolondres talde baten aurkikuntza berritzailea eta bestetik, Sherpa.ai adimen artifizialeko euskal enpresak Osakidetzarekin diharduen lankidetza. Bi erantzunak dudarik ez dago ekarpen handia egiten diotela urgentziazko egoerari. Galdera bat eta intuizio bat dut. Galdera: publiko-publiko eta pribatu-publiko diren subirautza teknologia estrategiko bihurtzeko modalitate bakarrak? Intuizioa: Bi ekarpen hauek konektatuak egongo balira…ez daudenaren susmoa dut. Inshallah.
2.2 (EKONOMIA) Jateko gauzak: Behar materialak, ekonomia digitala, commons-a eta subsistentzia
Honek bigarren palankara garamatza: Zer nolako lau eszenario utziko digu post-COVID-19-ak? (i) neoliberalismo ortodoxoaren itzulera; (ii) estatuaren zelatatze autoritario baten ezarpena; (iii) hazkunde basatira itzulera edozein preziotan; eta (iv) trantsizio ekologiko eta hazkundearen eredua birpentsatzeko beharra. Azken eszenario honek, eredu produktibo eta bizitza parametroen berrikusketa bat lekarke, baita ere ekonomia digitalaren pean garatzen ari diren eraldaketa digitala, AI, datu ekosistema, baina baita ere automatizazioa, robotika, eta Euskal Herrian hainbesteetan (bakarrik hau zegoela zirudien!) aipatzen den industria 4.0.
Egoera honetara, gain populazioak, turismo masiboak, eta sustengarria ez zen mugikortasun eredu batek ekarri gaitu. Estatuaren esku hartzea nabarmenki handituko bada ere, ezin dugu ahantzi egun hegemonikoa den platform economy-a oraindik eredu estraktibo eta guztiz neoliberalaren pean eraikia dagoela.
Ez dagoena batere garbi da ‘jateko gauzen’ inguruko paradigma zein izango den. Sarritan aipatzen dira deshazkundea eta tokiko-ekonomiak irtenbide bezala, baina bi arazo teilakatzen dira: bata, egitasmoak eskalagarriak behar dute izan, eta biga, sustengarriak/eraginkorrak (eta dakigun moduan Amazon-ekin lehiatzea ez da txantxa). Badago esaten duenik ere, Ken Loach-en Spirit of the 45 filmak ondo baino hobeto erakutsi bezala, ez ote den krisi hau ongizate estatua berrindartzeko aukera. Kontua da, ekonomiaren geldialdi honek, ezinbestean prekaritatea eta lan askoren desagerpena suposatuko duela. Beraz, alternatibak eratzeko tenorea da.
Egoera honetara, gain populazioak, turismo masiboak, eta sustengarria ez zen mugikortasun eredu batek ekarri gaitu. Estatuaren esku hartzea nabarmenki handituko bada ere, ezin dugu ahantzi egun hegemonikoa den platform economy-a oraindik eredu estraktibo eta guztiz neoliberalaren pean eraikia dagoela. Eta oraindik ere latzagoa dena: post-COVID-19-ak kontaktu fisiko eta beraz zuzeneko harremanetarako jarri dituen mugen ondorioz, Amazon, Glovo, Deliveroo, etab plataformek hazkunde itzela izaten ari dira. Plataforma-erako negozio eredua duten hornitze eta balio-kate global hauek (Parker et al. 2016) milaka kilometro artean barrena barreiatuak dituzten biltegi adimendunak baliatzen dituzte. Egun post-COVID-19-ak gure bizitzetan txertatu dituen baldintzagaiak kontuan izanda, isolamendua eta kontsumo online-aren hazkundea, besteak beste, litekeena da eredu honek modu esponentzialean zabaltzea. Esan gabe doa, ekonomiaren plataformizazio honek alboko kalte asko sortzen dituela, gizarte berdintasun eza eta lan eredu prekarizatuak biderkatuz.
Subirautza teknologikoak Euskal Herrian politika ekonomiko berri bat planteatu beharko luke datu digitalen inguruan (Prainsack 2020), delako New Deal on Data (Morozov & Bria 2017) edo berrikiago Tech New Deal bat (Schneider 2020).
Honen alternatiba gisa, ahotsak entzuten eta egitasmoak eratzen hasiak dira ezker politikotik (Beckett 2019) eta bereziki datuen eraldaketen inguruko gobernantza komunala proposatuz (Ho & Chuangt 2019). Subirautza teknologikoak Euskal Herrian politika ekonomiko berri bat planteatu beharko luke datu digitalen inguruan (Prainsack 2020), delako New Deal on Data (Morozov & Bria 2017) edo berrikiago Tech New Deal bat (Schneider 2020). Ahots interesgarri asko entzuten dira datuen eredu berdinzale eta aurrerakoi bat proposatuz, data commons (Calzada & Almirall 2019) edo commoning delako mugimendu eraldatzailearen aldetik (Bauwens et al. 2019). Hauen artean kooperatiben eredu eguneratuak interesa izango lukete Euskal Herrian subirautza teknologikoa garatzen laguntzeko. Euskal Herrian badago hazi bat maila lokalean baina eskalagarria beharko luke izan datu eta kooperatiben erronka EBren politikekin lotzeko edo berauek gutxienez eraginarazteko, datuen altruismoaren moda aprobetxatuz eta gaindituz. Baina gauzak fundamentuz egin behar dira, proiektu konkretuak eta estrategia/politika globalak elkarelikatuz, lankidetza erreala eginez (ez soilik hitzez, batipat ekintzez frogatua).
2.3 (TEKNOPOLITIKA) Eraldaketa digitalak: Algoritmo eta datuen ‘gure’ mundu ikustezina eta subirautza teknologikoaren erronka
Honela iristen gara eraldaketa digitalen palankara. Euskal Herrian digitalizazio prozesuak laburbilduz bi eratara ulertu dira normalean: (i) tresna eta software teknologikoak open source modalitateetara migratzeko erakundeek egiten zuten saiakera gisara eta (ii) manufaktura aurreratuarekin zerikusia zuten industria 4.0 zerbitzuak automatizatzeko inplementatzen ziren balizko estrategien moduan. Hala ere, eraldaketa digitalek geroz eta eragin gehiago izaten ari dira azpiegitura teknologiko eta ekoizpen industrialatik harago.
Globalizazioaren egungo hustuketa honek hiritartasun erregimen berriak azaleratzen ari da: euskal hiritarrak, hiritar pandemikoak, metropolitanoak, likidoak, estaturik gabekoak, eta algoritmikoak izan gaitezke proportzio berean (Calzada 2020a). Hiritar globalaren irudi homogeno hori zatikatu eta mila zatitan apurtuta barreiatua izan da. Eta hor eraldaketa digitalek personalizazioa bultzatzen ari dira baina baita ere komunitate eta gizarte kapitalaren hustuketa bat kontrara. Eta gutxi balitz, etxetik mugitu gabe, mugitu gabe.
AI, datuekin elikatzen da eta EB-k oso garbi du datuen kudeaketa datuen ekosistema eskualdetuen bidez egin beharko dela (European Commission 2020a), berrikuntza digitalerako guneen bidez (European Commission 2019a). Zein da Euskal Herriak ireki dezaken zirrikitua hemen (European Commission 2019b)? Posible al da blockchain bidez gure hiru gune administratiboak nazio algoritmiko gisara egituratzen hastea (European Commission 2018)?
Eraldaketa digitalek azken urteotan posizio estrategikoa izan dute Europar Batasuneko Digital Single Market-a egituratzerako orduan. Datuak kudeatzeko eta gobernatzeko eredu asko sortu dira Europar hiri eta eskualdeaetan. Txina eta Estatu Batuekin lehia horretan AI gai estrategiko gakoa bihurtu da inoiz baino gehiago (European Commission 2020b). EB osatzen duten estatuek estrategia ezberdinduak inplementatzen dihardute (Van Roy 2020) eta batipat GAFA erraldoien aurrean subirautza teknologikoa oso modu serioan planteatzen ari da. Datozen hilabeteotan kontu hau lehen lerroan jarriko denaren aurreikuspena egiten dut.
Kontua da, A Europe fit for the Digital Age deritzon lehentasun estrategikoan, badirela zirrikituak EB-rentzat Euskal Herria bezalako hiri-eskualde den nazio batentzat. AI, datuekin elikatzen da eta EB-k oso garbi du datuen kudeaketa datuen ekosistema eskualdetuen bidez egin beharko dela (European Commission 2020a), berrikuntza digitalerako guneen bidez (European Commission 2019a). Zein da Euskal Herriak ireki dezaken zirrikitua hemen (European Commission 2019b)? Posible al da blockchain bidez gure hiru gune administratiboak nazio algoritmiko gisara egituratzen hastea (European Commission 2018)? Nahikoa errealista al da pentsatzea oso aktiboak diren hiri-eskualdeak subirautza teknologikoa eta ondorioz erabakitzeko ahalmena irabazten joango direla. Nola antolatu hiri-eskualde eta maila lokalean plataformak? Posible al da balizko datu eta plataformak kooperatibetara jauzia egitea, Europan zabaltzen ari den (eta oso eskasa eta neutralegia den) datu altruismoa gaindituz? Bai, baina lan asko dago gai honetan egiteko. Gure egitura dezentralizatu eta konfederatua gure alde egon litekeela pentsa genezake. Eta dudarik ez dago osasun datuak izango direla lehenak hipotesi honekin lan egiten hasteko.
2.4 (DEMOKRAZIA) Dezentralizazioa hiritar algoritmikoen mesedetan: Euskal nazio algoritmikoa sortuz
Small is Beautiful. Deszentralizatutako hiri-eskualdeak omen dira, gaitasuna ondo erabili ezkero behintzat (Italian deszentralizazioak ez du funtzionatzen, Alemanian aldiz bai), prestatuenak post-COVID-19 gizarte aldakorrean nabigatzeko. Islandia, Irlanda, Danimarka, Holanda, Singapur, Hego Korea, Zelanda Berriak, Eslovenia, etab besteak beste, erakutsi bezala, estatu txikiek abantailarekin jolasten dute (Khanna 2014). Baina ezin dugu hau beti betetzen denak esan eta ezta ere deszentralizazioak beti onurak dakartzanik (Keating 2020). Bai ordea aukerak irekitzen dizkie aktore txikie, nazio txikiei, duten gaitasuna demostratu dezaten. Bere horretan txikia izatea aukera bat da, ez arrakastarako pase segurua.
Baina gure herrigintzaren ahalmenak soilik mundu analogikoan gertatzen ari ote dira Euskal Herrian? Ez al dira jada gure jarrerak mundu birtualean islatzen erosten, konektatuta gaudenean, eta nabigatzen dugunean (etengabe)? Ez ote da nazioa, sare telematikoetan ikusten eta (nabarmenki) ikusten ez dugunaren arteko batura?
Baina estatugintza posible al da betiko naziogintzaren paradigmarekin planteatzea? Mundu poloanizdun honetan, geografia politiko berriak ikusten ari gara han eta hemen eta geroz eta gehiago ikusiko ditugu aurrerantzean. Transnazionalitatearen beharra aldarrikatzen duten adituek, nazioarteko lankidetza dute gogoan krisi honetatik ateratzeko irtenbide bakar gisa. Baina gure herrigintzaren ahalmenak soilik mundu analogikoan gertatzen ari ote dira Euskal Herrian? Ez al dira jada gure jarrerak mundu birtualean islatzen erosten, konektatuta gaudenean, eta nabigatzen dugunean (etengabe)? Ez ote da nazioa, sare telematikoetan ikusten eta (nabarmenki) ikusten ez dugunaren arteko batura? Eta ez du honek zerikusi handia datuak eta algoritmoek eratuko luketen gure estatu ‘idiliko’ horrekin? Zein estatu nahiko genuke, euskal estatu…panoptiko bat (hiritarrak etengabe zelatzen dituena, totalitarioa, Orwell-en euskal estatua)? Ez ote dago nazioaren erdigunean inoiz baino gehiago hiritartasuna1? Hiritar bakoitzak (emakumezko edo gizonezko, ezkerreko edo eskuineko, bakarrik bizi dena edo familian,…) hartzen dituen erabakiak ez al dira komunitate-nazionala ‘sortzen’ dutenak? Homogeneitate geo-politikoa besarkatu behar al dugu, bestalde, ikusten ari garen moduan, heterogeneitatea eta aniztasuna pertsonalizazio digitalaren joerarekin batera dihoanean? Ez al da beharrezkoa testuinguru aldakor honetan gizarte hiperkonektatuek dakartzaten eraldaketarekin pedagogia politiko hiritarrean azpimarra berezia egitea? Mugak egon badaude eta gure bizitzen inguruan sortzen ari dira, geroz eta gehiago. Zein muga nahiko genituzke eta zeintzu ez, hiritar gisara? Mugak jada ez daude (soilik) gugan.
Artikulu hau aipatzeko:
Calzada, I. (2020), Setting up the Basque Algorithmic Nation: Technological Sovereignty Amidst the Post-COVID-19 Society / Euskal Nazio Algoritmikoa Sortuz: Subirautza Teknologikoa Post-COVID-19 Gizartean. In TMLab (ed), Reflections on COVID-19. ELKAR: Donostia.