Adimen artifizialak gure eguneroko bizitzan sartzearekin batera eraldatu ditu merkatuko sektore ezberdinak ere; horietako bat da itzulpengintzaren sektorea. Itzulpen automatikoaren mamua aspalditik dabil sektore horri segika, eta adimen artifizialaren eztandarekin bat egin du itzultzaile automatikoen kalitatearen gorakadak; baita euskarazko itzulpen automatikoenak ere.

Teknologia berri horiek, beraz, itzulpengintzaren sektorean asko eragin dute, eta eragiten ari dira, eta horri tiraka EIZIE eta ANETI elkarteek diagnostiko bat egin dute eta “Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta” ikastaroan aurkeztu, UNUM Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen lehen edizioaren testuinguruan.

Diagnostiko hori itzulpengintza sektoreko bi talde nagusiei zuzendutakoa zen: enpresei eta norbanakoei. EIZIE arduratu zen itzultzaileen ikuspegia aintzat hartzen eta ANETI, enpresena; lurralde ezberdinean eragiten dute elkarteok, eta hori ere diagnosian ikusi ahal izan da. Lau profiletako erantzunak jaso ahal izan dira: enpresako arduraduna, freelancea, besteren konturako langilea arlo pribatuan eta besteren konturako langilea administrazio publikoan.

Euskaraz zein gaztelaniaz bete zitekeen galdetegia. Euskarazkoa euskal itzultzaileei zuzendu zitzaien ohiko komunikazio-kanalen bidez: EIZIE elkarteko posta-zerrenda edo ItzuL posta-zerrenda, kasu; estatuko beste lurraldeetako elkarteei ere eskatu zitzaien galdeketa zabaltzeko. ANETIk, bestalde, espainiar estatuko enpresatara jo zuen.

Galdetegian jasotako erantzunak askotarikoak izan dira, eta diagnostiko orokor bat aurkeztu zen aipatutako “Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta” ikastaroan. ANETIko webgunean ere laburpen bat argitaratu da gaiaren inguruan. Artikulu honetan ere laburpen bat egingo dugu, zehazki erantzunen lagin bat aztertuta; euskarazko galdetegia erantzun zuten norbanakoen emaitza batzuk aztertuko ditugu. Beraz, euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen duela diogunean, jasotako datuetan oinarritutako baieztapen bat ematen ari naiz, besterik gabe.

Euskarazko itzulpengintzan errezeloz begiratu zaio itzulpen automatikoari, baina badirudi jarrera hori aldatzen ari dela. Lagin horri erreparatuta, teknologia berri hauen aurrean bestelako jarrera hartzen ari da euskal itzulpengintza-sektorea. Hona datu batzuk:

  • Itzultzaileen % 81k erabiltzen du itzulpen automatikoa.
  • Itzulpen automatikoa erabiltzen duten itzultzaileen % 67 EAEkoa da.
  • Batez ere euskara eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiteko erabiltzen dituzte sistema automatikoak: % 69k euskaratik gaztelaniarako itzulpenak egiteko eta % 79k gaztelaniatik euskararakoak egiteko.

Teknologia garrantzitsua da, bai, eta hori erabiltzeko modua ere bai. Itzulpen automatikoa erabiltzen dutenen artean % 46k bakarrik erabiltzen du bere tresnan integratuta, besteek beste moduren batera erabiltzen dute, ziurrenik, webguneetatik kopiatu eta itsasten. Gehienek Itzuli, Elia edo Batua itzultzaile automatikoak erabiltzen dituzte; administrazio publikoko langileen artean, ordea, Itzuli da gehien erabiltzen den sistema.

Itzulpengintzako sektoreko lagin batek erantzun duen galdetegi batean oinarritutako emaitzak dira hauek. Guztira 132 itzultzaile norbanakok emandako erantzunetatik euskaraz erantzun duten 73k esandakotik ateratako datuak dira.

Datuek interpretazio ugari izan ditzakete, eta aipatutako lagin hau kontuan hartuta, eta galderen erantzunak aztertuta, euskal itzultzaileen gehiengoak itzulpen automatikoa erabiltzen duela esan dezakegu. Ziur urte batzuk atzera eginda erabilera dezente txikiagoa izango zela eta hemendik urte batzuetara inkesta errepikatuko bagenu, teknologion erabilerak nabarmen egingo lukeela gora. Are gehiago, itzulpen automatikoko sistemez hitz egiteaz gainera, sektorean dagoeneko erabiltzen diren bestelakoez ere hitz egingo genuke, hala nola, diktaketa bidezko sistemak, hizketa-ezagutzaileak… Galdetegi berean konpetentzia digitalen inguruko datuak ere bildu ziren, eta bertan nabaria zen belaunaldi berrienek erraztasun handiagoz lan egiten dutela teknologiarekin.

Azterketa hauek errealitate zehatz baten isla dira, lagin jakin batenak; hala ere, sektorearen momentuko argazki txiki baten gisakoa da. Sektoreak eraldatzen jarraituko du inguruan ditugun berrikuntzek hala egiten duten bitartean, gizartea bera eraldatzen ari den moduan.