Egia da azken kolaborazioetan monotematiko samar ibili naizela eta gaur ere fedibertsoaz hitz egitera natorkizuela. Egia esan, fedibertsoa azken urteotan liluratu egiten nauen gaia baita. Besteak beste, Interneten harreman horizontalagoak sortu eta mantendu daitezkeela erakusten duelako. Baita ere, sarea multinazionaletatik askoz harago doala. Gaur egun, teorian, inongo erakundek, herrialdek edo norbanakok ez du Internet osoa kontrolatzen, ezta azpiegitura osoa ere, baina ezin dugu ukatu GAFAM (Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft) bezalako enpresek gure egunerokoan duten eragina. Beraien produktu eta zerbitzuak, mundu osoko milaka milioi pertsonek erabiltzen dituzte. Gainera, etengabe ari dira eboluzionatzen eta konpainia eta teknologia berriak eskuratzen dituzte merkatuan duten lidergoari eusteko.

Bada, fedibertsoak erakusten du beste Internet bat posible dela. Elkar laguntzan oinarrituko dena. Sare sozialen eta komunikazio plataforma deszentralizatuen eta interkonektatuen multzoa sortzeko gaitasuna erakutsi duelako. Protokolo libreak eta estandar amankomunak erabiltzen dituzte erabiltzaileen arteko komunikazioa eta lankidetza ahalbidetzeko eta ez dute inor kutxa beltz batean bahitzen. Horrek esan nahi du fedibertsoan ez dagoela plataforma eta datuak kontrolatzen dituen jabe edo erakunde zentral bakarrik. Horren ordez, plataformak erabiltzaileen eta administratzaileen komunitateek kontrolatzen dituzte eta beraiek erabakitzen dute, adibidez, plataforma nola egiten den, nola moderatzen den eta datuak nola babesten diren. Horrela, pribatutasun eta segurtasun berme handiagoak eskaintzen ditu. Adibidez, erabiltzaileok gure informazio pertsonalaren gaineko kontrol handiagoa dugulako edo historikoki baztertuta egon diren komunitateek espazioa dutelako.

Zentzu horretan fedibertsoaren beste indarguneetako bat berau osatzen duten komunitateen aniztasuna da. Fedibertsoa hainbat komunitateren ekosistema da eta plataforma bakoitzak bere komunitatea eta arauak ditu. Horrek esan nahi du erabiltzaileok gure interesak eta balioak partekatzen dituzten komunitateak aurkitu ditzakegula, plataforma bakar batera eta kultura nagusira mugatu beharrean. Woody Guthriek pozarren abestuko lituzke fedibertsoaren onurak, bere gitarraren antz handia duelako.

Fedibertsoko euskaldunen komunitatea gero eta handiagoa da, gure egunerokoan proiektu hauek modu batean edo bestean erabiltzen eta babesten ditugun milaka pertsona baikara.

Duela bi hilabete euskal fedibertsoaren mapa aurkezten saiatu nintzen eta gaur Abaraskak maiatzaren 20an Badalaben (Orereta) antolatu dituen lehenengo euskal fedibertsoko topaketen berri eman nahi dizuet. Jardunaldi horren helburua euskal fedibertsoa osatzen dugun pertsona guztiok elkartzea, elkar ezagutzea eta batzuengandik eta besteengandik ikastea da. Arratsaldeko saioan, talde dinamika batzuk antolatu dira.

Horretarako, bi zatitan banatzen den egitaraua aurkeztu du Abaraskak. Goizean, Rita Barrachinak (Fedicat) eta Marcel Costak (Anartist) fedibertsoaren 15 urteko historia kontatuko digute Kataluniako adibidean oinarrituz eta “Fedivers: 15 anys de mitjans socials federats” liburua erosteko aukera egongo da. Argiak ere parte hartuko du jardunaldian Asier Iturralde eta Axier Lopezen eskutik. Ondoren, fedibertso euskalduna osatzen duten sare guztiak dantzan jarriko ditu Mikel Gartziak. Bazkaldu ondoren, lehen aipatu dudan bezala, taldeen dinamikak etorriko dira eta etorkizun posibleetan pentsatu beharko dugu.

Elkar desbirtualizatzeko denbora ere izango dugu, beraz, egitarau osoa fedibertsoa.eus webgunean irakurtzea gomendatzen dizuet. Gogoan izan asko lagunduko lukeela joateko asmoa baduzu formularioan izena emateak.

Tira, une egokia dirudi ezagutzak partekatzeko, ezta?