Azken aldian .EUS-en orbitan ibili zaretenok ziurrenik jakingo duzue pasa den ostiralean 2017ko PuntuEUS Behatokiko emaitzak argitaratu genituela. Horrekin batera, Irontec enpresakoekin batera garatutako PuntuEUS Mapa egitasmo berria ere aurkeztu genuen.

Ezagutzen ez duzuenontzat (edo gehiago jakin nahi duzuenontzat) PuntuEUS Mapak munduko mapa batean bistaratzen ditu erregistratuta dauden .EUS domeinu-izenak. Mapa hori interaktiboa da eta fokua hurbilduta ikus ditzakegu domeinu-izen horiek gertuagotik, beste edozein mapa interaktiborekin egin bezala. Bistaratzen den mapak bero-orbanak erakusten ditu, hau da, mapako puntu jakin batean zenbat eta domeinu gehiago egon orduan eta tamaina eta kolore intentsoagoa izango du.

Mapan agertzen den punturen baten gainean sakatuta, aldiz, domeinu-izen horri buruzko informazio gehiago ikusteko aukera dago. Agertzen den informazioaren artean PuntuEUS Behatokirako erabiltzen dugun informazioa ikus daiteke, esate baterako, udalerria, lurraldea, domeinu-izenaren titularraren erakunde mota, etab.

Dena den, esan daiteke PuntuEUS Mapa PuntuEUS Behatokiaren osagarri bat dela, arlo teknikoan gehiago zentratzen dena hizkuntz-datuetan baino. Adibidez, domeinuaren DNS ezarpenak, zerbitzariaren Sistema Eragilea edota webgunean erabiltzen den SSL ziurtagiriaren ezaugarriak ikusteko aukera dago, domeinu horien rankinga ikustearekin batera.

Aipaturikoaz gain, mapako informazioaren inguruko bilaketak egiteko aukera dago, eta bildutako informazioa grafikoki ikus daiteke grafika bakoitzaren azalpenarekin batera. Ondorengo irudian, adibidez, .EUS domeinu-izenentzat jaulkitako SSL ziurtagirien kalitatearen banaketa ikus daiteke.

PuntuEUS Mapan periodikoki eguneratzen dira datuak, datu zaharren historiko bat gordeaz. Horri esker .EUS domeinuen “argazkiak” edukiko ditugu eta hemendik urte batzuetara izango dugun egoera oraingoarekin konparatu ahal izango dugu, edukitako garapena baloratu ahal izateko, bai .EUS mailan bai domeinuz domeinu.

Oraindik nirekin jarraitzen baduzu, zorionak, hoberena amaierarako utzi dut eta. PuntuEUS Mapa borobiltzeko, webgunean .EUS domeinuaren eboluzio historikoa ikusteko aukera dago, domeinuak orain arte izandako bilakaerarekin. Beheko irudiak ez ditu gure historiaren lau urteak islatzen, hasiera bakarrik. Istorioak nola jarraitzen duen jakin nahi baduzu, badakizu, mapa.domeinuak.eus

 

via GIPHY