Covid-19ren agerraldi globalarekin, jende askok etxetik lan egiteko aukera du lehen aldiz. Horretarako, hainbat erakunde egokitze lanetan ari dira. Izan ere, etxetik banaka eta era berean lantaldearekin koordinatuta lan egiteko erakundeetako baliabideak eta prozesuak prest egon behar dira. Erlojupeko egokitze hau, esperimentu handi bat ere izan liteke. Eta, ikusteko dago osasun egoera normaltzen denean halabeharrez ezarritako telelana erakundetan mantenduko den ala ez.
Niretzat etxetik lan egitea ez da gauza berria, eta bulegoan eta lantaldearekin egotea gustatzen zaidan arren ezin esan lanean nabarmen eragingo lukenik seme-alabak etxean egongo ez balira.
Zenbaitentzat, ostera, egoera berria izan daiteke eta garrantzitsua da luze jo dezakeen egoera hau ongi planifikatu eta antolatzea. Etxetik lanean hastekoa bazara, ezer baino lehen, hartu tarte bat lan egiteko moduen, ordutegien eta errutinen gaineko hausnarketa egin eta nola arituko zaren definitzeko.
Etxetik lanean hastekoa bazara, ezer baino lehen, hartu tarte bat lan egiteko moduen, ordutegien eta errutinen gaineko hausnarketa egin eta nola arituko zaren definitzeko. Click To Tweet
Hona hemen etxeko lana ahalik eta gehien aprobetxatzeko aholku batzuk:
Jarraitu ohiko lan-ohiturei
Hori da kritikoena. Zure etxeko erosotasunean zaudenean, erraz hausten dira ohiturak. Horrek produktibitatean eragin dezake. Beraz, lanerako prestatzeko ohiko ordua mantendu. Gosaldu, hartu kafea eta presta zaitez lan eguna hasteko. Eseri lanera normalean egingo zenukeen ordu berean. Saiatu zure ohiko lanorduak errespetatzen. Ez erantzun mezu eta deiei lanordu horietatik kanpo.
Jantzi
Etxean zaude eta pijaman lan egitea tentagarria da, ez ezazu egin! Ez da beharrezkoa gorbata jantzi edo makilatzea, eroso jantzi zaitezke baina jantzi zaitez. Dutxatu ostean, noski.
Atea itxi
Etxean lan egiteak arreta galtzeko aukerak areagotzen ditu. Gela batean, itxi daitekeen ate batekin lan egitea komeni da. Kontuan izan etxean egon arren bilerak egingo dituzula, bideo bidezkoak sarri.
Otorduak eta atsedenaldiak planifikatu
Bazkaria lanean hasi aurretik (bezperan) prestatuta utzi eta beti ordu berean bazkaldu. Horrez gain, kafea hartzeko atsedenaldiak planifikatu. Ordu bat edo bi gogor lan egin ondoren, altxa zaitez eta mugitu etxean zehar edo egin luzaketak.
Kendu telebista
Langile gehienek ez dute telebistarik bulegoan; beraz, ez piztu bat etxean.
Jarri musika
Bakarrik bazaude, aprobetxatu musika jartzeko. Izan dadila lanerako musika aproposa. Spotifyn badira kontzentratzeko, lanerako, ikasteko playlist egoki ugari. Zure familia koarentenan badago, erabili aurikularrak.
Bideo-deietarako prest egon
Aurrez aurreko bilera dela pentsatu eta erabili ohiko janzkera eta orrazkera. Garrantzitsua da kameraren ikuspegian zer gertatuko den pentsatzea eta zure atzeko aldea garbi dagoela ziurtatzea. Bideo-bileraren beste aldean dagoenak nahiagoko du liburu apalategi bat ikusi zure ohea baino.
Haurrak
Aurreko guztia erraza izan daiteke haurrak eskolan daudenean. Orain, ostera, Euskal Herriko haur guztiak etxean daude eta haiekin lan egin beharko duzu. Eman zer egin. Antolatu haien eguna lanak eta jolasak ere, ez daude oporretan! Haiek baino lehenago esnatzen bazara lan egiteko tarte ona izango duzu. Haien gosaltzeko orduak zure kafe tartearekin bat egin dezake. Ondren, haiek ere etxeko lanak egin ditzakete. Gorde telebistaren edo bideo-jokoen komodina bilerak edo deiak dituzunerako.
Lasaitasuna
Batzuetan gerta daiteke behar adina egiten ari ez zarela sentitzea. Jarri arreta helburuetan eta horiek betetze-mailan. Adierazle objektiboak izatea komeni da, sentsazio pertsonalen tranpa saihestuko duzu.
Sozializatu
Hitz egin lankideekin, inoiz baino gehiago: idatziz, telefonoz eta bideo bidez. Konpartitu zertan ari zaren eta jakin zertan ariko diren haiek egun bakoitzean.