Sare sozialen garaiotan, espioiek elkar zelatatuko al dute Instagram, Twitter edo LinkedIn bitartez? Jason Bourne sagako pelikula bat izango bailitzan, bere arerioa hobe ezagutu eta bere mugimenduak aurreikusteko tresna eraginkorra izango litzateke: zein hondartzatan hartu duen bere azken martini nahasi ez irabiatua edo munduko zein hiritan egin duen bere azken selfie-a. Ziurrenik egongo dira espioi-influencerrak munduan zehar, bere egoa puzten dutenak mundua salbatzen duten bitartean.
Galdera horrentzako erantzuna ez dugu artikulu honetan topatuko, baina. Dena den, argi dago galdera horren erantzuna jakingo bagenu “espioi” horien lanaren eraginkortasuna hutsaren hurrengoa litzatekeela.
Edozein kasutan, badakigu espioiek Google edo antzerako tresnak erabiltzen dituztela. Herrialde bakoitzean Anai Handia aldatzen da, hemen Google oso zabaldua dagoen bezala, Errusian Yandex da nagusi eta Txinan Baidu, baina funtzioa antzekoa da.
Duela gutxi egunkarian albiste bat agertu zen Google-eri esker Iran eta Txinan AEB-etako espioitza sare bat deuseztatu zela esaten zuena. Albiste horren arabera Ipar Ameriketako Estatu Batuetako 60 bat espioi atzeman zituzten bi herrialde horietan, eta espetxeratu edota exekutatuak izan ziren.
Labur azalduta, AEBetako espioitza programak bere agenteekin modu seguruan komunikatzeko erabiltzen zuen tresnak segurtasun ahultasunak zeuzkan. Horren jakitun izan arren erabiltzen jarraitu zuten, dagoeneko jende askok erabiltzen zuelako eta erabilerraza zelako. Txina eta Iran-eko gobernuko agenteek espioi bikoitz baten bitartez programa horren berri izan zuten, eta ahulezia horiek baliatuz tresnarako sarbidea lortu zuten. Horri esker bere herrialdean aktiboan zeuden agente estatubatuarren komunikazioak ikustea lortu zuten, baita agente horiek identifikatzea ere.
Hasieran, komunikazio segururako erabilitako gune horietako bat topatu zuten, baina horrekin espioitza sarearen zati bat bakarrik atzeman zezaketen. Bilatzaileek bilaketa aurreratuak egiteko aukera ematen duten bilaketa komandoak dauzkatenez, horiek erabili zituzten ikerketarekin jarraitzeko. Izan ere, espioi bikoitzak atzeman zuen gune horren antzeko webguneak bilatu zituzten bilaketa komando horiek erabilita, gune horiek guztiek antzeko egitura zeukatelako. Horrekin espioien komunikazio sare guztia (edo zati handi bat behintzat) identifikatu zuten. Horren ondorioa jakina da, atxiloketak, eta kasu batzuetan espioi horien erailketa.
Kontatutakoaren irakaspena: errazena gure softwarearen eguneraketak ez egitea da, “denbora galtzen” delako, baina hori da erabiltzen ditugun tresnak seguruagoak egiteko bideetako bat, eta horrekin atsekaberen bat ekidin dezakegu. Beraz, Jason Bourne, hau irakurtzen ari bazara badakizu zer egin. Besteok ziurrenik ez dugu atzerriko kartzela batean bukatuko gure tresnen segurtasuna topera ez zaintzeagatik, baina beste gauza batzuk ere badaude jokoan.
Bost minutu horretan pasatzeak ez digu kalterik egingo.