DNSaren abusu kasuek bere horretan dirautela ikusita (phishing, pharming, malware eta botnet kasuak), ICANNen Erregistratzaile eta Erregistroen Talde Interesatuen Taldeek (RrSG eta RySG) aurrera urratsak eman dituzte, gTLD Erregistroen Akordioa (RA) eta Erregistratzaileen Akreditazioaren Akordioa (RAA)ren oinarriak berrikusteko prozesu formal bat abiatuz. DNS abusuen inguruko betebeharrak hobetzea eta batez ere, hauek betearazteko ICANNen Talde Betearazleari tresnak eskaintzea dute helburu.

Esan daiteke akordio horien egungo neurriak ez direla nahikoa DNSaren abusuei aurre egiteko.

Adibidez, egun indarrean dagoen RAAren 3.18.1 Artikuluak Erregistratzaileek “zentzuzko neurri azkarrak hartzea” exijitzen du, “abusu-salaketa oro ikertu eta behar bezala erantzuteko”. ICANNek uste du hori ez dela nahikoa. Izan ere, “behar bezala erantzutea” salatzaileari erantzun soil bat ematearen gisa interpreta daiteke, neurri zuzentzailerik hartu gabe.

  • “3.18.1 Erregistratzaileak abusuzko kontaktu bat izango du, Erregistratzaileak babestutako Izen Erregistratuak dituzten abusuaren inguruko txostenak jasotzeko, Legez Kanpoko jarduerei buruzko txostenak barne. Erregistratzaileak e-mail helbide bat argitaratuko du webgunearen hasiera-orrian (edo ICANNek aldian-aldian izenda dezakeen beste gune estandarizatu batean) abusuaren inguruko txostenak jasotzeko. Erregistratzaileak zentzuzko neurri azkarrak hartuko ditu edozein abusu-txosten ikertu eta behar bezala erantzuteko”.

Erregistroen ikuspegitik, RA akordioan, 11.3 b Zehaztapenak domeinuen erabilera maltzurrari buruzko txosten estatistikoak biltzea eskatzen du, baina ez du inolako aipamenik egiten abusuaren arintze-ekintzei dagokienez:

  • “Erregistro Operadoreak aldizkako azterketa teknikoak egingo ditu TLDaren domeinuak segurtasun-mehatxuak egiteko erabiltzen ari diren ebaluatzeko, hala nola, pharming, phishing, malware eta botnet kasuak. Erregistro Operadoreak txosten estatistikoak egingo ditu identifikatutako segurtasun-mehatxuen kopuruari dagokionez eta aldizkako segurtasun-kontrolen eraginez hartutako neurriei buruz. Erregistro Operadoreak Hitzarmenaren indarraldi osoan zehar mantenduko ditu txostenak, baldin eta legeak epe laburragoa eskatu edo ICANNek onartzen badu. Erregistroak ICANNi emango dizkio txostenak hark hala eskatuz gero.”

RrSG eta RySGek lan-talde bana izendatu dute ICANNekin asmo oneko negoziazioak hasteko, RA eta RAA akordioen berrikuspenen inguruko akordioa lortzeko helburuarekin. Amadeu Abril, CORE/COREhub-eko politikaburua, RrSGko Negoziazio Taldeko kide hautatu dute, COREhub ordezkatuz, reseller-etan oinarritutako erregistratzaile gisa. CORE, berriz, Nacho Amadozek ordezkatzen du, geoTLD Group-eko lehendakaria, RySG-ko Negoziazio Taldearen kide gisa.

Proposatutako kontratu-aldaketen negoziazioak 3 bat hilabetetan amaitu beharko lirateke, eta, ondoren, ICANNekin akordioa duten Erregistro eta Erregistratzaile guztiek bozkatuko dute.