Interesgarria da Common Sense Media webgunea. Wikipediaren arabera, 2003an sortu zen, Ameriketako Estatu Batuetan (gaztelaniazko bertsio edo zati bat du, ‘latino’ izenburupean), eta irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da. Bere egiteko nagusia haur eta nerabeek teknologiak eta edukiak modu arduratsuan erabiltzeko baliabideak zabaltzea da. Hau da, liburu, film, telebista, bideo-joko, app, musika eta webguneen hautaketarako irizpideak zehazten saiatzen da. Hezkuntzan eta familian jartzen dute begia, eta irakasleentzat eta guraso edota hezitzaileentzat kezka iturri izan daitezkeen gaien gaineko eduki andana topa daiteke.
Irakurri ditut zenbati pasarte. Eta gustuko dut eskaintzen dioten ikuspuntua. Interes berezia nuen haur eta nerabeen arteko jazarpenaren gaia nola lantzen duten jakiteko. Eta zer ote zioen gaztetxoei helarazi behar zaien mezuaren gainean. Azken puntuan, enpatiaz ari da. Nahiz eta enpatia terminoa ez duen aipatzen. Eta webgunearekiko nire konfiantza handitzea lortu du detaile txiki bezain garrantzitsu horrek.
Enpatia da, hain zuzen, Espainiar Estatuko Pediatren Elkarteak egin berri duen bere 64. kongresuaren ardatzetako bat, Save the Children GKEk kaleratutako zenbait daturen harira. Eta GKE honek ere, enpatiaren aldeko hautua egiten du, batez ere, irakasleei zuzendutako gomendioetan.
Eta enpatia da, nire ustez, teknologien erabilera arduratsurako giltza. Gaztetxoen arteko enpatia eta helduen eta gaztetxoen arteko enpatia. Finean, baloreetan heztea da, teknologia gabeko aroan bezala, baina beste testuinguru batean gaudela abiapuntu hartuta. Jazarpena ez baita gai berri bat. Jazarpenerako erabil daitezkeen zenbait bide dira berriak. Eta, hain zuzen, bide teknologikoekin, eta hortik eratortzen den muga espazial eta tenporalen desagertzearekin, enpatia ariketak zaildu egiten dira. Eta horregatik da garrantzitsua enpatia balorean jartzea. Ez kontzeptua bera, enpatiaren praktika erreala baizik.