Errealitatea gorrotagarria suertatzen da sarritan. Hori hala da. Batez ere, ustez moloiak izan behar zuten gauzak erabat zapuztu eta hutsaren pare uzten dituenean.
Internet bera dugu horren adibide: informazioaren superautopista, adierazpen askatasunerako tresna unibertsala, gizateriaren jakintza unibertsal bihurtzeko tresna izan behar zuena, gero eta gehiago da ehiza esparru itxi bat, erabiltzaileak kontrolatu, etengabe lanean mantendu eta intimitatea lapurtzeko makina perfektua…
Eta internetekin batera, harekin lotutako beste utopia edo ideia zoro eta guay guztiak… Gauzen internet adibidez. Ideia zoragarria: gure eguneroko bizimodua errazteko, gurekin zein haien artean konektatutako objektuz osatutako mundu bat, uneoro gure beharrak aurreikusi zein ezustekoei era autonomoan erantzuteko ahalmena duena…
Paradisua infernu
Haren gauzapena infernu bat izaten ari da, eta aspalditik, gainera. Batzuek gogoan izango duzue lehen eskandaluetakoa: telebista gailu ‘adimentsu’ batzuk, internetera etengabe konektatuak, ahoz kontrola zitezkeenak. Oso moloiak, bai. Inguruan gertatzen zen guzti-guzti-guztia entzun, grabatu eta fabrikantearen zerbitzarietara bidaltzen zutela jakin zen arte.
Egunotan ere, Estatu Batuetako prentsa espezializatua sutan dago Juicero kasuarekin. Zuku naturalak egiteko gailu konektatu eta ustez ultrasofistikatu bat, 700 dolarretan saltzen hasi zena, eta gerora jakin denez, ez duena ezertarako ere balio. (Saltzaileen poltsikoa inbertsoreen eta erosleen diruarekin betetzeko ez bada, erran nahi baita!).
Edo Atlantikotik bestaldera uda honetan zeresana eman duen beste kasua: LockState sarraila adimendun eta konektatuena. Enpresak software eguneraketa bat bidali zien gailuei, zerbait txarto joan zen eta, bata bestearen atzetik, 500 sarraila guztiz blokeatuta geratu ziren, elektronikoki erabiltzeko batere aukerarik gabe. Konponbidea: gailuak fabrikara fisikoki bidaltzea: astebete eta bi aste bitartean sarrailarik gabe, edo giltza fisikoa erabiltzea…
Eta zukugailuak edo sarrailak kontu serioak iruditu ezean, ea zer moduz beste hau: Estatu Batuetan ere, 500.000 gaixok bisita urgentea programatu behar izan dute ospitalera, beraien taupada-markagailuaren softwarearen segurtasun errore bat zuzentzen zuen aktualizazio bat egiteko. Errore horrek atea zabaltzen du hackerrek gailuaren kontrola hartzeko, konexio fisikoa egin beharrik gabe, eta 15 metro pasako distantziatik. Ez da, ez, txantxetako kontua, eta larriena da beste gailu kliniko batzuekin ere antzeko gauzak gertatu direla jadanik.
Laburbilduz: hementxe dugu jadanik, bai, gauzen internet ditxosozkoa… baina errealitate zorria gogor saiatzen ari da irudikatzen genuen koadro bukoliko hartatik ahalik eta urrunen mantentzen!