Azken aldian maiz ikusi dut aipatuta BYOD (Bring Your Own Device) terminoa. Euskaraz EEZG (Ekar Ezazu Zeure Gailua) esango genuke? Josune Gerekak bere azken ekarpenean aipatzen dituen gaitasun digitalak lantzeko bide interesgarria, Texas eta Kanadako eskola hauetako eta euskaltegi honetako esperientzietan ikus daitekeen bezala.
Kontzeptu interesgarria da BYOD edo EEZG hori, agian gure eskoletan nola bidera daitekeen aztertu beharko litzatekena, baina oraingoan BYOD horri lotutako beste termino batek deitu dit arreta. BYOB edo EEZG. Aiba! Euskaraz berdin berdin geratu zaizkit, baina kontzeptua oso ezberdina da. Bring Your Own Brains edo Ekar Ezazu Zeure Garuna.
Termino hau ez da azaltzen Interneten, baina hau da benetan behar dena. Egia da ordenagailuak tresna oso baliagarriak direla eta askotan lana errazten digutela. Horregatik noski, horien erabilera gaitasun ezinbestekoa da gaur egun. Hala ere ideiak geure buruan, geure garunean sortzen dira eta horiek dira bereziki landu behar ditugunak. Ordenagailu batekin edozer gauza egin aurretik, jakin behar dugun zein neurritan izango zaigun tresna hau baliagarria, zer egin dezakeen ordenagailu batek, eskaintzen dizkigun aukerak nola erabili ditzakegun eta guk behar duguna egiteko aukera ba ote dagoen. Dena ongi planifikatu behar da. Tarteka, konputagailura itsatsita dagoen betaurrekodun lodikotearen irudia burutik kendu eta ohartu beharko genuke informatikariak arazoak ebazteko gaitasuna behar duela eta gainera ez edozein modutan, baizik eta ordenagailuak dituen mugak kontuan hartuta. Ekin aurretik ongi pentsatu eta planifikatu behar du.
Ordenagailuak, beharrezkoak?
Argi dago edozein gai ikasterik badagoela ordenagailurik gabe. Mendeetan zehar hala egin da. Orain ordenagailuek beste aukera batzuk eskaintzen dizkigute (norbaitek horretarako prestatu dituelako). Deigarria suerta daiteke ordea, informatika ere ikas daitekeela ordenagailurik gabe. Izan ere, lehen ordenagailu programa, oraindik ordenagailurik existitzen ez zenean idatzi zen. Ah! Eta emakume batek idatzi zuen, Ada Lovelacek.
Ordenagailuaren barruan gertatzen direnak ulertzeko jolas, buruhausgarriak, ipuinak eta kontakizunak aurki ditzazkegu CienciaInfinita, CSUnplugged eta CS4fun gisako web-orrietan.