Marketinaren alorrean azken urtetan aplikatzen ari den teknikarik erabilienen artean edukien marketina bat da. Edukia erregea dela esan da behin eta berriro.

Eta edukien marketinarekin batera sare sozialen marketinaz mintzatzen gara baita ere. Baina, zein da bien arteko aldea? Osagarriak dira? Edo estrategia ezberdinak?

Edukien marketinaz ari garenean gure audientzia modu natural eta organikoan erakartzeko ekintzez, edukiak sortzeaz, ari gara. Helburua, audientzia horren arreta deitzea, fideltasuna lortzea, gure marka ezagutu eta bezero bilakatzea da. Bide batez, bezeroa bada eta bere arreta mantentzea eta iraunkorra izatea lortzen badugu, gure markaren preskriptore bilakatu daiteke bezero hura.

Sare sozialen marketinak, bestalde, plataforma sozialak gure marka nabarmentzeko baliabidea bilakatzea bilatzen du. Horretarako audientziarekin kontaktua, lotura eta konbertsioa bilatzen du.

Beraz, bien arteko aldea ez da sinplea. Edukien marketinak edukien plangintza eta estrategia osatu, eduki aproposak bilatu eta sortzen ditu. Sare sozialetan egiten den marketinak eduki horiek hedatzeko tresna bilakatzea du helburu.

 

Zelan gauzatzen dira bata eta bestea?

Edukien marketina

  • Enpresa edo markek webgune, atari eta blogetan partekatzen dituzte edukiak, posta elektroniko bidezko marketina edo tradizionalak diren beste kanala batzuez aprobetxatzen dira eduki hau zabaldu eta partekatzeko. Marketin digitaleko kanpainetako abiatze puntua izaten da.
  • Baliozko eta kalitatezko edukia sortu, bildu, zaindu, antolatu eta partekatzen du. Helburua audientzia modu naturalean erakarri eta horren fideltasuna bilatzea da. Audientzia edo publiko hauek zehaztuta eta definituta egongo dira.
  • Enpresek jarraitzaileak hezi, informazioa zabaldu, entretenitu, inspiratu, sentsibilizatzeko metodoa da. Webgunean bisita kopurua handitzea bilatzen du, bisita kopuru horren ehuneko bat bezeroak bihur daitezen. Horretarako webgune horietara zuzendutako trafikoa sustatzeko SEO teknikak erabiltzen ditu.
  • Produktu edo zerbitzua modu ez zuzenean sustatzen du. Edukiak ez dira zuzenean markari buruz mintzatuko, baizik eta bezeroen beharretara erantzuten saiatuko da eta konfiantza sendotzeko tresna bilakatu behar da. Eduki horien kontsumoari esker, audientzia bezero bilakatu daiteke.

 

Sare sozialetako marketina

  • Sare sozialetan egiten den marketina, ostera, edukia partekatu eta hedatzeko kanala da. Hain zuzen ere, edukien marketinaz aukeratu, sortu eta prestatutako eduki hori zabaltzeko baliabidea, beste eduki mota batzuen artean.
  • Edukiaren irismena handitzen du, baliabide eta plataforma sozial ezberdinen bidez.
  • Helburua marka kontzientzia sendotzea, bezeroaren asebetetzea sustatzea eta bereganatzea da.
  • Sare sozialetako plataformetan gauzatzen da. Bertan, bezeroek edo bezero bilakatu daitezkeenak zuzenean elkarren artean komunikatzeko aukera daukate. Enpresentzat aukera paregabea dira horrelako plataformak, zuzenean bezeroengana heltzen direlako.
  • Partekatzea eta elkarri eragitea bilatzen du. Enpresek erabiltzen dituzten estrategiak bezeroarekin interakzioa eta harremana, hurbilketa bilatzen dute, kutsu merkantilista zuzena gehiegi erakutsi gabe. Elkarrizketa, edukien partekatzea, eta bezeroek ere partekatze hori gauzatzea bilatzen dute.
  • Baina, etorkizunean ikusi beharko da hau ere nola aldatuko den, Facebook azken aldian ezartzen ari den arau berriak eraginda: markek euren edukiak agertzeko ordaindu egin beharko dute beti?

 

Horrela, bi mota hauen artean ezaugarri batzuk gurutzatzen dira, baina bakoitzak bere izaera propioa eta prozesuak dauzka. Arazoa ez da bata eta bestearen artean aukera behar izatea; gakoa da biak batera erabiltzea.

 

Bata eta bestearen arteko aldea

Baina gauza bat argi izan behar da: sare sozialetako marketinak marketineko beste metodo batzuekin elkarrekin gauzatzen denean hobeto funtzionatuko du. Sare sozialak ezin dira izan beraiek bakarrik muina. Zergatik? azken finean sare sozialak ez direlako enpresa edo markaren euskarri propioak; maileguan daudela esan genezake.

Bestalde, edukien marketina taktika bat da. Formatu ezberdinetan sortutako edukiak partekatuz enpresa edo markek balio erantsia eskaintzen die bezero eta jarraitzaileei.

Beraz, sare sozialetako marketina kanala bat da; sare sozialetan gauzatzen da. Edukien marketina, ostera, teknika edo estrategia bat da.

 

Elkarrekin hobeto

Eztabaida ez da bata edo bestea aukeratu behar izatea edo kontrakoak direla erakutsi behar izatea. Biak eskutik helduta joan behar dira helburu zehatz batzuk lortzeko.

Batak marka kontzientzia sendotzea, bezeroaren asebetetzea sustatzea eta bereganatzeko balio izango du. Besteak markaren irudia sendotuko du eta harreman fidelak sortzeko baliabidea izan daiteke.

Beraz, bata eta bestea aurrean jartzea eta bien arteko borroka bat bezala planteatzea izaten da batzuetan akatsa. Sare sozialetako marketina edukien marketina bateragarriak dira oso.