Laster 11 urte beteko dira EH 2.0 jardunaldiak Donostiako Artelekun antolatu eta burutu genituela. Urte asko igaro dira, baina orduan jarritako oinarriek –eztabaidan bezala, aurrera begirako estrategian- emaitza paregabeak ekarri dituzte gerora. Lokalizazioaz eta internazionalizazioaz aritu ginen besteak beste. Kataluniatik etorritako Vicent Partalek hizkuntza eta kultura aterpetzen dituen domeinuaren garrantziaz berba egin zigun, eta gerora… lan isil, luze, iraunkor eta zabal baten lekuko izan gara. Zer eta ICANN erakundeak, euskara eta euskal kulturarentzat ere domeinu propio bat beharrezkoa dela onartu arte.

2006ko iraileko jardunaldietan Interneten arloan euskara, euskal kultura eta Euskal Herriarentzat garrantzitsuak ziren hainbat arlo azpimarratu genituen: edukiak, tresnak, erabiltzaileak, ikusgarritasuna eta komunitatea.

Datozen artikuluetan banan-banan arlo bakoitza aletzen saiatu beharko dugu. Eztabaida zabaldu eta aurrera begirako ardatzak zehazten ahalegindu beharko dugu, joera globalak eta maila lokalean emandako urratsak uztartuz. Begirada luzea eta pausu tinkoak zelan eman asmatzen dugun bitartean.

Edukien garrantzia

Azken hamaika urteotan ez dago dudarik edukien hazkunde bat ezagutu dugula. Blogen eztanda izan zen lehenbizi, Wikipediaren bilakaera bikaina, gero eta gehiago sortu eta garatzen diren webguneak, mugikorretarako aplikazioak, sare sozialetako erabiltzaileen artean euskarak hartu duen garrantzia.

  • Baina guzti hori bat-batean, konturatu barik edo modu kontziente batean gertatzen ari da?
  • Badugu euskaldunok orohar, edukiak sortzeko konpromezu eta joera bat?
  • Zer gehiago egin dezakegu aurrerantzean?
  • Ondo ahal goaz bide honetan?