Azken hilabeteotan domeinuen merkatu globala garestitzeko mugimenduak egon dira batean zein bestean: .COM, .ORG edo .INFO bezalako domeinu ezagunek prezioak igoko dituzte, eta beste TLD batzuk ere iragarri dute garestitzea. Merkatua dantzan hasi dela dirudi, baina, .EUSek bere politikari eusten dio: gero eta gehiago izan, gero eta merkeago.
2020. urtean ICANNek Verisignekin .COM domeinuaren kudeaketarako kontratua luzatzea erabaki zuen. Hedapen honek aukera ematen dio Verisigni .COM domeinuen prezioa urtero % 7 igotzeko. Iazko prezio igoera atzeratzea erabaki zuen Verisignek pandemia garaian ez egiteagatik, baina jada iragarri du 2021eko irailerako prezioen lehen igoera aplikatzeko asmoa duela. Kopuru txikia izan arren, esanguratsua da suposatzen duenagatik: .COMek mundu mailan 152 milioi domeinu dituela kontuan hartzen badugu, aurtengo igoerarekin 80 milioi dolar gehiago irabaziko ditu Verisignek urtero. Zenbaki globalak ikusita kopurua ez da hain txikia.
Hau ez da, ordea, garestituko den TLD bakarra: 2020an .ORG domeinua kudeatzen duen PIR erakundearen salmenta bertan behera utzi zuten, baina domeinuaren prezioa garestituko dute. Orain arte .ORG eta .INFO domeinuek prezio muga zuten arren ICANNek muga hori kendu die eta laster prezioak igoko dituztela aurreikusten da.
Badirudi prezioen dantza orokortu dela domeinuen merkatuan. Domeinu nagusien prezioak igoko direla ikusita merkatuko beste hainbat eragilek ere berdin jokatzea erabaki dute: Dinamarkako .DK eta Islandiako .IS domeinuek ere iragarri dituzte prezio igoerak, eta azken urteotan sortu berri diren ehunka TLD ere hasi dira igoerak iragartzen. Aldaketa hauek ez dira ez erabiltzaile ez erregistratzaileen gustukoak izan, eta adibidez Gandiko zuzendariak gutun publiko batean salatu zuen prezio aldaketak merkatuan suposatzen duen ziurgabetasuna, baina arrakastarik gabe.
Bitartean .EUS merkeago
Zergatik gertatzen da hau? Domeinuen merkatua irabazi asmoa duten enpresen onurarako sortua dago, TLD gehienak enpresa handien eskutan daude zentralizatuta eta domeinu kopurua handitu den honetan bakoitzaren prezioa igo besterik ez dute irabazi mailak mantendu nahi badituzte.
.EUS domeinuaren kasuan egoera kontrakoa da: PuntuEUS Fundazioaren konpromisoa beti izan da domeinuaren prezioa ahalik eta egonkorren mantentzea, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jarri gabe. Grafikan ikusten den moduan, urtez urte domeinu gehiago erregistratu ahala domeinuaren prezioa merkatzen joan gara, gaur egun balio dituen 19 eurotaraino jaitsiz.
Ondorioz, etorkizunean ere domeinuen merkatua gorabeheratsua izango dela aurreikusten den arren, .EUSek bere bideari jarraituko dio, domeinua guztiontzat eskuragarri izateko lanean.