Erosi edo alokatu? Ziurrenik, galdera hori entzutean burura datorkigun lehen gauza etxea edo autoa da. Baina, bitxia izan arren, domeinuak ere aloka daitezke. Azaltzen erraza da, gurea ez den domeinu bat erabiltzeagatik urteko/hileko kuota bat ordainduko genioke jabeari. Baina, zergatik egin horrelakorik?
.com-en 5 karaktere edo gutxiagoko domeinu-izen guztiak erregistratuta daude. Konbinazio posible guztiak daude hartuta, baita “zentzurik” ez dutenak ere. Hori azaltzeko arrazoiak bi dira nagusiki. Batetik, .com domeinuak merkatuan urte asko daramatza (1985. urtetik) eta ondorioz domeinu-izen asko hartuak izan dira (5 karaktere edo gutxiagokoak eta baita luzeagoak ere). Bestetik, .com-ek duen hedadura globala eta erreferentzialtasuna dela eta, espekulazio handia dago domeinu-izen horiekin. Badago jendea (domainerrak, domeinu industriaren jargoian) domeinu-izen horiek erosten dituena, gero horiek saldu eta etekina ateratzeko.
Horregatik, dagoeneko hartuta dagoen domeinu-izen bat nahi duen pertsona batek bi aukera ditu domeinu-izen hori erabili ahal izateko: erostea edo alokatzea. Erostea da ohikoena, baina nahi den domeinu-izenaren (edo saltzailearen) arabera prezio oso altuak ordaintzea suposa dezake, 4 zifratik gorakoak. Ondorioz, alokairua aukera bat izan daiteke, domeinu-izenarentzat pentsatu dugun erabileraren arabera. Adibidez, 3-4 hilabetetarako pentsatu dugun kanpaina batentzako bada, zentzu gehiago dauka epe horretarako soilik alokatzea, betirako erostea baino.
Alokairua aukeratzekotan, baina, badira kontutan hartu beharreko zenbait gauza:
- Kontratu baten bidez zehaztu zeintzuk diren baldintzak, zein epetan duen balioa eta zein den prezioa.
- Gerta daiteke domeinu-izena alokatzen ari zarela norbaitek domeinu-izena jabeari erostea. Kasu horretan zer gertatuko den zehaztuta utzi.
- Domeinu-izena alokatzen denbora jakin bat pasa ondoren, erosteko aukera al dago?
Argi dago soluzio hau ez dela perfektua, dauzkan desabantailetako batzuk jarraian dituzu:
- Libre dagoen domeinu-izen bat erostea baino nabarmen garestiagoa izango da. Zuk nahi duzun domeinu-izena libre badago, gomendatuko nizuke domeinu-izen alternatibo bat bilatzea edota, are hobe, .EUS-en domeinu-izen hori libre dagoen begiratzea, 😉
- Domeinuaren alokairua interneten bestaldean dagoen norbaitekin hitzartuko duzu, beraz, bermeak bilatu beharko dituzu hitzartutakoa betetzen dela ziurtatzeko.
- Zuk baino lehenago beste norbaitek domeinu-izen hori alokatu badu bilatzaileetan agertzen diren emaitzak ez dira bat etorriko zuk eskainiko duzunarekin, aurreko maizterrarekin lotutako emaitzak agertuko direlako hasieran. Horrek domeinu-izenaren bilaketa emaitzak zureak izan daitezen denbora itxaron beharko duzula suposatzen du.
Azkenik, .EUS-en oraingoz ez dugu aurreikusten horrelako alokatzerik gertatzea, domeinu-izen erregistratu gutxiago daudenez zuk erregistratu nahi duzun domeinu-izena libre egoteko aukera gehiago daudelako. Hala ere, bada gai bat kontutan hartzea komeni dena. .EUS-en kasu asko ikusi ditugu zeinetan domeinu-izen baten titularra ez den benetako titularra, baizik eta web-garatzailea edota domeinu-izena erregistratzeaz arduratu den pertsona.
Hau teknikoki ez da alokairu bat, baina problematika antzekoa sor dezake. Esate baterako, titular “ofiziala” den web-garatzaileak erabaki dezake domeinu-izenaren erabilera aldatzea benetako titularrak web-garatzailez aldatzea erabakitzen badu. Erregistroetan dagoen titularra web-garatzailea denez benetako titularra domeinu-izenik gabe geratuko lirateke, eta berreskuratze prozesua luzea izan daiteke.
Horrelako gatazkak ez zaizkigu askotan gertatu baina, saiheste aldera, komeni da domeinu-izenaren titularrean benetako titularraren datuak (izan erakunde, izan pertsona fisiko) agertzea. Horregatik, domeinu-izenen bat baduzu eta norbaitek zure izenean kudeatzen badu, gomendatuko nizuke domeinu-izenaren titularra zein den argitzea, datuak zuzendu behar badira ere.
Artikulurako ideia DNS Belgium-eko artikulu honetatik atera da.