Artikulu honekin hasi naizenean urriak 5 dituenez, tentazioak eskatu dit Kataluniari buruz idazteko. Dagoeneko bi artikulu badira ordea sarean.eus-en gai horri heltzen diotenak (Kataluniaren independentzia teknologikoaz eta Domeinu berria Kataluniarentzat?. Gainera, sareei buruz idatzi beharko nuke eta aitortu beharra daukat ez dela gogokoen dudan gaia. Horregatik, aurreko bi ekarpenetan idatzitakoari helduko diot (bitarra, memoria) eta disko gogorrekin jarraituko dut.
Aurrekoan esan nuen bezala, disko gogorra gizakion epe luzerako memoriarekin pareka genezake. Konputagailuaren barruko disko gogorrean gorde ohi ditugu baina maiztasun nahiko handiarekin erabiltzen ditugun fitxategiak. Kanpoko disko gogorrak ordea erabiltzen ditugu horren sarri erabiliko ez ditugun fitxategiak gordetzeko, edo fitxategiak konputagailu batetik bestera eramateko.
Kontua da, memoriarekin bezala, disko gogorrean gorde daitekeen informazio kopurua adierazteko bide bat behar dugula. Orain dela ez asko sistema eragileek diskoen tamaina, memoriarena bezalaxe biren berreturetan ematen zuten, disko saltzaileek ordea hamarren berreturetan. Hau da, disko saltzaileak esaten bazuen 1 kB zuela disko gogorrak, sistema eragileak esango zuen 0,97 kB-eko disko gogorrarekin ari zela lanean.
Memoriari buruzko artikuluan konturatzen bazarete nik zera idatzi nuen: nire konputagailuko memoria 8GBekoa zela baina konputagailuak esaten zidala 7,7 GBekoa zela. Irudian ordea, memoria 7,7 GiB zela zioen.
Hori izen zen goian aipatze nuen arazoa ekiditeko, 1999. urtean International Electrotechnical Commissionak emandako soluzioa, ondorengo taulan ikus daitekeen bezala, biren berreturei beste izen bat eman zien.
Sistema eragileak memoriaren edukiera bakarrik ematen du biren berreturetan. Diskoan dauden fitxategien tamaina hamarren berreturetan ematen ditu. Hori frogatzeko testu fitxategi huts bat sortu dut eta bertan zerokoak idatzi. Idatzitako zero bakoitzeko fitxategiaren tamaina byte batean handitzen zen eta 1000 zeroko idatzitakoan fitxategiaren tamaina 1kBekoa zela esan du. Hau probatzerakoan kontuz, lerro jauziek ere lekua okupatzen baitute.
Bestalde, metatze-unitateak gero eta txikiagoak izanik gero eta informazio gehiago gordetzeko ahalmena daukate (ikus IBMren azken berria), baina gorde beharreko informazioa ere geroz eta handiagoa da, eta badakigu lekua dugun heinean lekua okupatzen dugula. Hori etxean dugun lekuarekin ere gertatzen zaigu. Horregatik, diskoan lekua egin behar dugunean, garrantzitsua izaten da lekua zerk okupatzen duen ikustea. Horretarako disko gogorraren okupazioa modu grafikoan ematen duten aplikazioak izaten dira.
Linux sistema eragileak diskoaren erabilera analizatzailea eskaintzen du. Noski Windowserako ere horrelakoak badaude. Ondorengo irudian ikus daiteke nire disko gogorreko nire karpeta pertsonaleko irudia.
Internetetik gauzak jaisten ditugunean askotan ikusi baino ez ditugu egiten eta gero horiek leku bereziren batean ez baditugu gordetzen hor geratzen dira, deskargak karpetan. Nire kasuan, 18,3 GB okupatzen ditu karpeta horrek, oso karpeta aproposa borratu eta disko gogorrean lekua egiteko!
Guzti hau zuen disko gogorra hobe ulertzeko eta erabiltzeko baliagarria izatea espero dut.