Azken aldian nire lana dela eta bazterkeria egoeran dauden kolektibo ugariekin nabil harremanetan. Nire lana, bazterkeria egoeran dauden pertsonei, digitalizazioak dakarren eraldaketa hurbiltzea da, horrela, errealitate modu honetan euren bizitzen gainean eraldaketa digitalak izan ditzakeen eragin ezkorrak txikitzea bilatuz eta baikorrak handitzeko aukerak aztertuz.

Emakumeekin nabil lanean, 4 jatorri ezberdinetakoak: bertakoak, Magreb aldekoak, Sahara azpikoak eta erdi eta Hego Amerikakoak.. Jatorri ezberdinak direla eta mundu-ikuskerak, hizkuntzak, ezagutza mailak oso ezberdinak dira ere. Gauza apur bat gehiago nahasteko, taldeak ez dira homogeneoak beti, talde batean 4 jatorri ezberdin izan daitezkeela. Bestalde, euren egoera legezkoa eta emozionala ez da beti berdina: heldu berriak, indarkeria pairatu dutenak, egoera irregularrean, egoera erregularrean…

Zeinen ezberdina den pertsona batekin edo beste batekin jatorria eta egoeraren arabera lan egitea! Baina, aitortzen dut horrelako aniztasuna gertu izatea aukera oso aberasgarria iruditzen zaidala. Orokorrean, emakume hauek gauza bat dute amankomunean: denak jabetzen dira munduak digitalizazioa dela eta, jasotzen ari den eraldaketaz. Ez dira atzean geratu nahi, oso interesaturik agertzen dira eta gauzak ulertzeko grina handia dute.

Ulertze honek geruza asko ditu, ordea. Hizkuntza eta kultura ez ulertzearen zailtasunei beste gauza asko ulertzearen beharra batzen zaizkie, eremu digitalean, gure buruak hiritar bezala ikusteko ezinbestekoak direnak. Hala nola, digitalizazioaren azpiegiturak, gure bizitzetan gero eta eragin handiagoa duten negozio ereduak, tresna baino leiho bezala diseinatzen diren gailuak, pribatutasunaren eskubidea, kudeaketak eta erakundeak eraldaketa digitalera egiten ari diren bidea, besteak beste.

Orduan, zelan lortu sinplea izan barik gauza garrantzitsuak modu errazean azaltzea? Gauzen garrantzia txikitu barik mezuak irisgarriak bihurtzea?

Orduan, zelan izan zuhurrak, zelan balioetsi noraino diren zaurgarriak aurrean ditugun pertsonak? Eta, zein mekanismo erabili behar ditugu eremu digitalean negozioa egiteko zelatatzen dituzten zerbitzuetara ez bideratzeko?

Orduan, zelan bideratu arrakala digitala txikitzea bilatuz euren pribatutasuna saltzen duten gailu merkeez aldentzeko garrantzia? Zentzua du pertsona hauen ibilbide digitala arintzeko borondatearekin euren pribatutasunarekiko errespetua ez duten gailuak ematea? Iragarkiz betetzen direnak eta euren bizitza konplexuetan euren arreta garrantzitsuak ez diren gaietara bideratzen dituztenak?

Bazterretan lanean gaudenok, arazo hauek pixkanaka-pixkanaka barneratu behar ditugu, zeren eta digitalki boteretu beharrean, digitalki zaurgarriak bilakatuko ditugu egun bazterkeria egoeran jada dauden pertsonak.

Bidea ez dago eginda, eta gure eskuetan dugu pixkanaka-pixkanaka bideratzea bizitzarentzat onuragarria den eraldaketa digitala.