Digitalizazioa prozesu bat da, dataismoa erlijio bat, eta datafikazioa geldiezina den joera bat.  Denek dute zerbait amankomunean: datu-oldearen tsunamiaren aurrean, gizakiok kontrola  bereganatu behar dugula gogorarazten digute. Pandemiak gure hauskortasun guztiak biluztu dituen azken urte malapartatu honetan. 

Katxarroak, aparailuak, tresneria, erabilerak, funtzionalitateak, trastoak, eta erremintak gustoko ditugu. Katxarreria teknologikoarekin trasteatzea, aritzea, zikintzea, muturra sartzea, mariatzea. Baina bada garaia gurean ere digitalizazio hau posible egiten duten zutabeen  inguruan hausnarketa serio bat mahai gainean jartzea: digitalizazioaren politika nazional baten inguruan aritzea, alegia (eta berandu baino lehen). 

Europar Komisioak, Susperraldi eta Erresilientzia Funtsak antolatzen dihardute Estatu kideen eskariak jaso dituenean. Lau atal zehaztu ditu horretarako: Connect (banda zabal ultra azkarra), Modernise (administrazio publikoaren digitalizazioa), Scale-up (datu-hodeien gaitze eta prozesatze-jasangarria), eta Reskill/Upskill (hezkuntza eta trebakuntza habilezia digitaletan). Bien bitartean, Adimen Artifizialaren erregulazioa ere abian jarri du, nahiz eta Big Tech-ak jada abantaila hartzen doazen, betiko lez, erregulaziotik eskapoan, zezenaren adarretik ihesi. Free-rider siliziodunak. 

Paraleloki, Eusko Jaurlaritzak, Eraldaketa Digitalerako Estrategia Euskadi 2025 iragarri berri du. Kezkatuta hartu dut. Arnasgune gutxi ez ote dizkion utzi Euskal Herrian beharrezkoa den politika-digitalaren berezko hauspotze batetarako. Kontrastean, Italian, azkeneko bi urteetan Europar Komisioko Joint Research Centre-etik, eraldaketa digitalean eman dugun aholkua garbia izan da: Euskadi bezalako hiri-eskualde/nazio algoritmikoek, Europan lidergoa hartu ahal izango lukete, bi ekarpen egiteko digitalizazio prozesuei:  

Lehena sozioekonomikoa: inklutsibitate digitala garatuz, behetik gorako proposamen hiritarrak sustatuz, eta enpresa ertain eta txiki digitalen ekosistema endogeno bat eratuz. Horren adierazle dugu azken aldian Euskal Herrian eratzen ari den datu-kooperatiben eta plataforma-kooperatiben inguruko mobiliazio moduko bat (Platform Cooperativism Consortium, MTA, eta Talaios/TEKs, besteak beste).  

Bigarrena, soziopolitikoa: subirautza teknologikoa, digitala eta datuarena garatzea lekarkeena. Horretarako Europarekin hartu-emanean, potentzialki federalizagarria den digitalizazio bat eratzen joan beharko ginateke gradualki herri gisa, modu interoperablean Estatu eta Europako beste enklabeekin batera. Datu ekosistemak garatzen ari dira Europan,  Digital Innovation Hubs-en bidez. Non gaude gu? Gure estrategiak alineatuta al daude, digitalizazioa propio bat garatze aldera? Digitalizazioaren atzean jakin beharko genuke, zein eredu nahi dugun datuaren ekonomia politikoaren ikuspuntutik. 

Eurobasque-k (Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua), Uztailaren 8-9an, Donostiako Miramar Jauregian, ‘Europako etorkizunari buruzko’ ikastaroa antolatu du. Bertan, hizlari  gonbidatu gisa, galdera nagusi bat jarriko dut mahai gainean: Europako testuinguruan, Euskal  Herriak nola probestu lezake, tokian tokiko eragile publiko, pribatu, akademiko-teknologiko, eta zibilekin, potentzialki federalizagarria izan litekeen digitalizazio politika bat formulatu eta egikarizatzeko? Ez gaitezen harritu gaurko erabakiek biharko datafikazioan gatibu geratzeko kaiolatzen bagaituzte. Eta hau katxarreriatik harago doa. Gure etorkizun digitala galdera horren  erantzunak baldintzatuko du hein handi batean. Eta nola jokatzen dugun, egingo gaitu, garena. Digitalki ere.

Artikulu hau aipatzeko:

Calzada, I. (2021), Digitalizazioa: Potentzialki federalizagarri, Retrieved from  https://www.sarean.eus/Digitalizazioa:Potentzialki_federalizagarri? doi: 10.13140/RG.2.2.21868.90246/1.