Azken aldi honetan teknologia kontuak biltzen diren medioetan bloke-kate edo  blockchain, NFT, kriptodiru eta metabertso kontuak gehien jorratzen diren gaiak direla  jabetuko zineten. Iñaki Alegriak hemen bertan egindako #retroinformatika ariketan,  Second Life ekartzen zigun gogora, metabertsoa puri-purian den honetan. Urko  Larrañagak ere, Leire Palacios eta Ainhoa Marzolek aireratutako saioan esandakoei  tiraka, metabertsoa eta blockchain edo bloke-katearen inguruko hausnarketa egiten  zigun. Baina testuinguru honetan, inon gutxi aipatu da Diem-i jazo zaiona, hasieran  Libra bezala ezagutu genuen proiektua.

Zuckerberg jauna dugu korapilo honetan ere protagonista. Orain egun gutxi  Metak/Facebooken burtsan jasan duen beherako historikoarekin alderatuta huskeria  bat da hemen biltzen dudana, baina akaso honek ere bere eragina izango zuen.

2018an, bloke-kate eta kriptodirua puri-purian zen urtean, Libra proiektuaren berri  eman zuen Zuckerbergel. Batez ere Bitcoin kriptotxanpon ezagunaren  ezegonkortasuna ahuleziatzat hartuz, Zuckebergek merkatuko teknologia konpainien  artean kritpodiruaren lidergoa hartu nahi zuen txanpon egonkor bat prestatuko zuela  hitzemanez. Teknologia eta finantza munduak lotu nahi zituen, banku zein bestelako  merkatuko aktoreekin (Visa, Mastercard edota Paypal besteak beste) akordioak  gauzatuz. Hasera batean proiektua begi onez hartu zuten analista zein espezialistek,  baina ez zuen luzaro iraun optimismo hark, izan ere 2019 amaierarako egitura hartatik  kanpainia ezagun gehienek alde egin zuten. Urtebete beranduago, izena aldatzea  erabaki zuten. Libra alde batera utzi eta Diem izatera pasa zen – kasualitatea izango  ote da orain gutxi Facebook izatetik Meta izatera pasa izana? -, medioetan ia  aldaketari oihartzunik eman gabe.

Bada, urtebete pasatxo beranduago, Diem-ek bere jarduera bukatutzat eman du  berriki arduradunek adierazi dutenez. Proiektua bertan behera uzteko arrazoi nagusi moduan finantzaketa instituzioekin aurrera jarraitzeko izan dituen zailtasunak eman  dituzte. Askok, ordea, benetako arrazoiak bestelakoak izan direla uste dugu,  proiektuaren nondik norakoak ikusita.

Kriptodiru propiorik gabe da, beraz, Meta konpainia prestatzen ari den metabertso  horretarako. Esango nuke gertakari honek joko taula aldatu duela eta teknologia  aktoreek (Metak berak, Amazonek, Microsoftek, Applek,…) hurrengo hilabete eta urteetan emango dituzten pausuetan eragina izango duela, era batera edo bestera.

Nire aburuz gai honen ondoriorik garrantzitsuena Zuckerbergek erregulatzaileekin  bere nahiak aurrera eramateko gero eta zailtasun handiagoak dituela da. Eta horrek,  egia esan, asko pozten nau, bere konpainiaren jarduerak gertutik kontrolatuta izateak  gizarte hobeago bat izango dugula uste baitut.