Azken garaian Informatikaren munduan bolo-bolo dabilen kontzeptu berria da DevOps
DevOps terminoan (ingelesezko Development eta Operations terminoetatik eratorria) software-ingeniaritzako eta informazioaren teknologiako hainbat prozedura eta teknika sartzen dira.
Luze joko luke barneratzen dituen guztia deskribatzea baina irudian ikusten denez software-garapeneko urratsak (planifikazioa/sorkuntza/egiaztapena/paketatzea) eta ustiapenekoak (bertsio-kontrola/konfigurazioa/monitorizazioa) lotzen ditu, beti produktibitate eta kalitateari begira. Modan dauden metodologia arinekin (agile ingelesez) uztartzen da.
Alde metodologikotik bi berrikuntza garrantzitsu dakartza: lankidetza sakonagoa garatzaile eta ustiatzaileen artean eta ustiapenari begirako automatizazioa.
Kontzeptu orokorra da eta ez du zehatz-mehatz teknologia zehatzak barneratzen, baina DevOps kontzeptuarekin zuzenean lotutako hainbat teknologia interesgarri zabaltzen ari da gure inguruan, oso modu bizkorrean. Oso zabalduta eta hedatua dagoen Git teknologiaz gain (bertsioen kontrol-sistema, GitHub-en oinarria dena eta SVN desplazatu duena) teknologia hauek azpimarra daitezke:
Docker: Kontainerren edo edukiontzien teknologia hedatuena da (Linux munduan). Softwarea banatzeko erabiltzen da eta makina birtualen ezaugarri garrantzitsuenak biltzen ditu, hala nola isolamendua, segurtasuna eta erreplikatzeko gaitasuna. Makina birtualak baino arinagoak dira ordea, eta zerbitzuan oinarrituta daude. Gainera, aplikazioak instalatu gabe erabil daitezke, eta horretarako “denda” batzuk zabaltzen ari dira (adib. https://store.docker.com/) telefonoetako app-ak adibide hartuta. Ildo horretan gure ikerketa-taldean ere hasi gara software librea eskaintzen modu horretan.
Ansible eta Puppet: ustiapenerako/konfiguraziorako software berriak dira, azpiegiturarekin eta zerbitzariekin lotutako lan errepikakorra automatizatzen laguntzen dutenak. Ansible berriagoa da, Pythonen oinarrituta dago eta oso eraginkorra da. Puppet klasikoagoa da, oso hedatua dago eta sistema eragile nagusi guztietarako dago eskuragarri. Adibide gisa CodeSyntax enpresak Ansible erabiltzen du bere zerbitzarien konfigurazioa-eta automatizatzeko.