Abenduaren 4tik aurrera, gaueko aisialdiko lokaletan eta berrogeita hamar mahaikide baino gehiago har ditzaketen jatetxeetan sartu nahi duen orok, Covid pasaportea aurkeztu behar ei zuen. Abenduaren 15etik aurrera, derrigorrezkoa da osatalaritzan, kiroldekietan eta barruan egiten diren kultur ekitaldietan. Hala ere, badirudi euskal mandamasak hitzik gabe geratu direla neurri hori hartzera behartuta dauden horiek Covid pasaporteak baliozkotzeko zein aplikazio erabili behar duten zehazterakoan. Nik neuk eskatu nion informazio hori Zuzenean zerbitzuari (012). Erantzunaren zain jarraitzen dut eta erantzuna jasotzeko esperantza guztiak erabat agortuta.

Covid pasaportea deritzonari buruzko iritzia badut ere, ez dut baloratuko neurriaren beharra edota helburua. Hori Twitterren egiteko utziko dut. Gai nagusitzat teknologia duen blog batean gaude, beraz, Covid pasaportearen alderdi teknologikoari baino ez diot erreparatuko.

Nire irizpidearen arabera, eta AGPDk horri buruz esan dezakeena baloratzera sartu gabe, Covid pasaporteak pribatutasun handiko datuak ditu. Pertsona gisa identifikatzeaz gain (adibidez, izen-abizenak, jaiotze-data eta lurraldea), gure buruari buruzko informazio medikoa ere ematen dutenak (adibidez, txertoaren zenbat dosi, zein txerto eta zein datetan). Datuok, okerreko eskuetan eroriz gero, arazoren bat baino gehiago sor ditzakete. Nolanahi ere, onartzen dut argumentu honen aurka egitea erraza ei dela: pasaportea baliozkotzeko erabiltzen diren aplikazioek izen-abizenez gain, OK edo NOT OK bakarrik adierazten dutelako. 0 edo 1. Baina balizko kontrargumentu horri, gaineratu diezaioket okerra dela: pasaportearen bestelako datuei ez erreparatzeak, ez du esan nahi datu horiek eskuragarri ez daudenik baliozkotze aplikazioentzat. Edo beste edonorentzat.

Pasaporteak oso datu pribatuak gordetzen dituela kontutan hartzen badugu, eta nire iritzi berekoak bazarete hori hala dela onartuko didazue, espero daiteke datu horien trataera egokia bermatuko duten bi zera behar direla: formakuntza eta kudeaketa egiteko aplikazio gardena.

  1. Pasaportea baliozkotu behar duenak, Covid pasaporteen informazioa kudeatzeko formakuntza egokia izatea. Adibidez: zer da DBEO? Zergatik dira pribatuak datu horiek? Nola maneiatu eta erabili beharko lirateke datu horiek? Zein aplikaziorekin baliozkotu beharko lirateke pasaporteak? Zein isun jarri liteke datu hauen erabilera okerra eginez gero? Izan ere, testu-dokumentu bati letra lodia jartzeko IT txartelak eskatzen dituen gizarte honetan, nola liteke ehunka, edo milaka, pertsonen datu medikoak manaiatzeko inolako prestakuntzarik eskatu ez izatea?
  2. Erabiltzailearen informazio pribatua modu egokian kudeatuko dela ziurtatuko digun aplikazioa bermatzea. Pasaportea irakurtzeari dagokionez, herritar gisa gure datuak gaizki erabiliak izango ez diren segurtasuna eman diezagukeen garapen-eredu bakarra dago. Eta hemen egindako software libreko aplikazio bi dira (pasaportea eramateko lehena eta pasaportea baliozkotzeko bigarrena). Baina noski, iturburu kodea askatu ahal izateko, iturburu kode hori idatzi egin behar da. Eta momentuz, artikulu honen sarreran aipatu bezala, gor geratu dira eta zenbaitek beste administrazio batzuek osatutako aplikazioak gomendatzen dihardute.

Beraz, ez. Euskal autogobernuak, profesionalei ez die eskaini datuen erabilerari buruzko formakuntzarik ezta aplikazio egokirik eta, ondorioz, herritar gisa gure datuak edozein aplikaziorekin baliozkotzera behartzen gaituzte jakin gabe (eta are okerragoa dena: aztertu gabe), zeintzuk izan daitezkeen aplikazio horien arriskuak. Horretaz gain, aipagarria da ez dakigula barrutik ezagutzen ez ditugun beste aplikazio horiek pasaporteen azken bertsioa erabiltzen duten iruzurrak gainditzeko (nik probatu ditudan baliozkotze aplikazio batzuk bertsio zaharrarekin egiten dute lan gaur gaurkoz). Gauzak horrela, iruzur arriskuak egon badaude eta errealak dira.

Adibidez, hau:

Egongo da, mundu polarizatu honetan, ni ezagutu gabe, “Jo, Dabid, nolakoak zareten negaziak” esango duenik. Erantzungo nioke: maila teknologikoan, Covid pasaporteak sortzen dituen erronkekin bat datorren formazio saioak eta nire datuen kudeaketa egokia eta gardena egingo duen aplikazioa eskatzen dut. Eta bermatu ezin bada, derrigortasuna bertan behera uztea baliabide ezagatik. Ez dut uste gehiegi eskatzea denik.

Eta noski, birusaren pasaporteak irakurtzen eta eztabaidatzen ditugun bitartean Osakidetza suntsitzen jarrai genezake.