Artikulu hau Veronika Vilgis, Dataprovider.com enpresako Datuen Estrategiaren arduradunak idatzi du eta Dataprovider.com erakundeak argitaratu du 2023ko maiatzean. Jatorrizko ingelesezko bertsioa ondoko estekan irakur daiteke: https://labur.eus/x1Ww6
WordPress da web garatzaileek, blogariek eta enpresek gehien erabiltzen duten edukien kudeaketa-sistemetako (CMS) bat.
WordPress, zeinak aurten 20 urte bete dituen, 2003an, erabiltzaileek gidatutako kode irekiko proiektu soil gisa hasi zen, baina ordutik Interneteko CMS handiena bilakatu da. Gure datuen arabera, mundu osoan aktibo dauden 28,3 milioi webgunek erabiltzen dute WordPress, hau da, Interneteko sarearen laurdenak, gutxi gorabehera.
Blogak sortzeko plataforma gisa jaio zen WordPress. Horregatik, gaur egun, .blog goi-mailako domeinuaren (TLD) jabe da: .blog domeinuen %84a WordPress-ekin sortzen dira. Baina, bere moldakortasunari esker, zeinak gai eta plugin ugari eta garatzaile-komunitate zabal bat barne hartzen dituen, WordPress oso erakargarria da era guztietako webguneen sortzaileentzat. Gaur egun, WordPress-ekin sortutako webguneek kuota handia dute TLD guztien artean. Ondoko irudian, TLD bakoitzean WordPress-ekin sortutako domeinuen ehunekoa ikus daiteke. .nl domeinuen %43 WordPress-ekin sortuta daude, .br domeinuen %35a eta .com domeinuen ia herenak ere WordPress erabiltzen du.
Egungo aro digitalean, webgune bat izatea funtsezkoa da negozio ororentzat eta WordPress bereziki erakargarria da enpresa txikientzat, ekonomikoki eskuragarria eta moldakorra baita. Doakoak eta premium-ak diren milaka gai eta pluginekin, enpresek erraz sor dezakete beren marka egoki islatzen duen eta negozioaren berariazko beharrak asetzen dituen webgunea. WordPress-ek hirugarrenek garatutako tresnak eta zerbitzuak erraz integratzeko aukera ere ematen du, sare sozialen plataformak eta posta elektroniko bidezko marketin-tresnak, besteak beste. Bigarren irudi honetan, argi eta garbi ikus daiteke negoziorako webguneen artean, WordPress dela enpresen CMS gustukoena: mundu osoko enpresa-webguneen %64k WordPress erabiltzen dute. Wix eta Squarespace bigarren eta hirugarren postuetan daude, hurrenez hurren, eta bien artean, %15eko merkatu-kuota besterik ez dute.
Halere, Squarespace eta Wixen abantaila handienetako bat da erabiltzaileak bere webgunea sortu eta pertsonalizatzea ahalbidetzen duela kodetze-ezagutzarik gabe. Gainera, bi plataformek egunean 24 orduko eta astean 7 eguneko bezeroari arreta eskaintzen dute eta hori funtsezkoa izan daiteke zailtasun teknikoak dituzten edo webguneari buruzko zalantzak izan ditzaketen erabiltzaileentzat. WordPress-en erabiltzaileek, berriz, foroetara jo behar dute, eta komunitatearen laguntza behar dute izan dezaketen edozein arazo konpontzeko. Bestalde, WordPress-ekin eginiko webgunea azken bertsioan eguneratuta mantentzearen ardura dauka jabeak.
Gainera, ezaguna denez, WordPress zibergaizkileen jomuga izan ohi da sarri. WordPress webguneek hainbat eraso jasan ditzakete, hala nola, indar askoko erasoak, SQL injekzioak eta webguneen arteko komando-sekuentziak. Eraso horiek WordPress-en bertsio, gai eta plugin zaharkituen ondorioz gerta daitezke. Bertsio zaharkituek segurtasun-arriskuak jasateko aukera handiagoa dute, ez baitituzte behar adina adabaki eta segurtasun-eguneratze. Pirata informatikoak ahultasun horiez baliatu eta webguneko datu eta fitxategietara sartzen dira.
Mundu osoko enpresa-webguneen %64k WordPress erabiltzen dute. Click To TweetGure datuen arabera, mundu osoko 1,3 milioi webgunek WordPress-en 5.0 bertsioa baino lehenagokoa dute. Gure datu-basean identifikatuta ditugun WordPress webguneen %7,9a da. Bertsio horiek ez dute segurtasun-euskarri aktiborik, eta erasoak jasateko arrisku handia dute. Beheko taulak WordPress-en bertsio bakoitzak duen domeinuen ehunekoa adierazten du. 7,6 milioi webgunek (%45a) aktibo dute hilabete honen hasieran (2023ko maiatzean) argitaratu den azken bertsioa (6.2.2 bertsioa). WordPress 5 bertsioarekin funtzionatzen duten 3,8 milioi webgune daude. Bertsio horiek segurtasun-euskarria jasotzen jarraitzen dute, baina eguneratu egin beharko dira WordPress-ek segurtasun-eguneratzeak argitaratzeari uztea erabakitzen duenean.
Segurtasun-arriskuei aurre egiteko irtenbide bat WordPress-ek kudeatzen dituen ostatatze-zerbitzuak erabiltzea da. WordPress ostatatzea web-ostatatzearen zerbitzu berezi bat da, WordPress webguneetarako optimizatua. Zerbitzu honekin, ostatatze-hornitzaileak kudeatzen ditu WordPress gune baten funtzionamenduaren alderdi tekniko guztiak. Horrek segurtasunaren kudeaketa ez ezik, karga-abiadura eta webgunearen errendimendua, eguneratzeen eta segurtasun-kopien kontrola eta laguntza orokorra ere barne hartzen ditu. Urte hauetan zehar, WordPress webguneak kudeatzen dituzten ostatatze-hornitzaile ugari agertu dira merkatuan. Ondoko irudian, WordPress kudeatzen duten hiru enpresen (WPengine, Kinsta eta Siteground) hileroko webgune-kopurua ikus daiteke. Hiru enpresetan ikus daiteke kudeatzen dituzten webgune-kopurua hazi egin dela. Hazkundea %25etik (WPengine) %69ra (Kinsta) bitartekoa izan da azken bi urteetan.
Azken bi hamarkadetan, Interneteko “handietako” bat bihurtu da WordPress; blog-plataforma apala izatetik sare guztiaren laurdena elikatzen duen CMSa izatera igaro da. Hala ere, ospeak zibererasoak jasateko arriskua areagotzen du. WordPress-en bertsio, gai eta plugin zaharkituak bereziki zaurgarriak dira segurtasun-arriskuekiko. Webguneen jabeei WordPress webguneak mantentzen laguntzen dien industria sortu da. Aldi berean, gutxieneko ezagutza teknikoak behar dituzten webguneen sortzaileen lehia eta burualderik gabeko CMSen gorakada benetako lehia izan daitezke WordPress-entzat epe luzera. Denborak bakarrik esango du WordPress-ek bere nagusitasuna mantenduko duen edo plataforma berritzaileagoek aurrea hartuko ote dioten.