Gaur egun, datu pertsonalek agerpen publiko handia dute, horrenbestez, horiek lapurtuak izateko arriskua nabarmen areagotu da. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) eta Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko Lege Organikoren (DPBEDBLO) arabera, pertsona baten datu pertsonalak, identifikatutako edo identifika daitekeen pertsona fisiko batekin lotutako edozein informaziori egiten dio aipamen. Non aurkitu daitezke? Interneten, paperean, mugikorretan, ordenagailuetan eta bestelako gailu elektronikoetan.

Horregatik, gure “higiene” digitala zaintzea ezinbestekoa da, online presentzia segurua eta osasuntsua izan dadin. Azken batean, sare sozialak, aplikazioak edo edozein webgune bisitatzerakoan, gure identitate digitala sortzen hari gara. 

 

Behar baino gehiago ez partekatu!

Batzuetan, ez gara ohartzen gauzatzen ditugun ekintzekin gure datu pertsonalak arriskuan jartzen ditugula. Beste batzuetan berriz, ohartzen bagara ere, ez dugu kontuan hartzen horrek dakartzan ondorioak. Baina argi izan behar dugu webgune batean izena ematerakoan enpresek informazio dezente jasotzen dutela bakoitzaren inguruan.

Ondorengo irudian ikusi daitekeen bezala, enpresek datu sinpleak zein sakonak biltzen dituzte. Baina bakoitzaren helburua desberdina denez, datu horien erabilera negozio motaren arabera zehaztuko da; eta zibergaizkileek plataforma horien ahulguneak bilatuko dituzte.

Online partekatzen dugunarekin kontuz aritu behar gara, eta egoera hauek saihesteko ondoko aholkuak jarraitzea gomendatzen dizugu:

  • Ez erabili laneko ordenagailua kontu pertsonalak kontsultatzeko. Egitekotan, lanetik bilatutako ekintzen monitorizazioa egiteko gai izango dira. 
  • Kontuz Whatsappetik bidalitako edukiekin. Irudien copyright-a kontuan izateaz gain, adingabekoen argazkiekin, delitu bat bistaratzearekin edota sexting-arekin ere kontuz ibili behar da. Azken hori, irudi edo bideo erotikoen bidalketa, nerabeen artean areagotu da. Horregatik, gogoratu edukiak baimenik gabe zabaltzea zigorgarria da.
  • Baimenik gabe hirugarren bat agertzen den argazki bat sare sozialetan argitaratzea delitua da. Bereziki, adingabekoen argazkiekin adi ibili behar da; sharenting-a gogoan izan.
  • Izena eman aurretik, informatu. Edozein tokitan izena eman behar duzunean, beharrezkoak diren datuak bakarrik bete behar dira. Gainera, kontuan izan zeintzuk diren zerbitzua emateko beharrezkoak diren datuak.
  • Chat GPT-n edo antzekoetan bilaketa egitean kontuz ibili. Idazten duguna erregistratuta geratzen da eta berrikusi daiteke; ez sartu informazio pertsonal sentikorrik, ezta delitua izan daitekeen eskaerarik ere.
  • Mugikorra kotxean musika entzuteko konektatzean, kontaktuen agenda partekatzea ere eskatzen da. Nahiz eta norberaren kotxerako oso erosoa izan daitekeen, alokairuzko, renting, Blablacar edo hirugarren baten kotxeetan hobe da mugikorra ez konektatzea. 
  • Sare sozialetako ekintzak kontrolatu. “Atsegin dut” ematean, edukiak partekatzean edo iritzia ematerakoan bakoitzaren interesak zabaltzen dira. Adibide batzuk: politikoak, erlijiosoak, sexu-orientazioa eta abar. Gure buruari buruzko Interneten agerian dagoen informazioa zein den argi izan behar dugu; inguruko beste edonork edota lan-hautapen prozesu batean gure buruari buruzko informazioa Interneten bilatzea normala baita gaur egun.

Aholku guzti hauek argi izateaz gain, zure online pribatutasuna zaintzeko neurri ezberdinak har ditzakezu. Hala nola, zure mugikorrean kokapenaren jarraipena desaktibatu. Smartphone-ak gure inguruko eta gure aktibitatearen informazioa etengabe jasotzen ari dira, eta kokapenaren informazio horrekin, bisitatutako tokien kokapenari buruzko informazioaren arrastoa geratzen da. Era berean, gaur egun mugikorrak aplikazioz beteta ditugu eta gehienetan baimen guztiak onartzen ditugu horiek irakurri aurretik. Aplikazio batek erabili ahal izateko behar dituen baimenak horren erakusle izan ohi dira; hau da, linterna app batek deien edo kokapenaren sarbidea izateko baimena behar izateak ez da normala. Beste aldetik, oso gomendagarria da informazio pertsonalik gabeko bigarren helbide elektroniko bat izatea online erosketak edo online kontu ezberdinak egiteko. Azkenik, egosurfing-a praktikatu eta zure buruari buruzko zein datu pertsonal dauden eskuragarri jakin. Adibidez, Google Alerts bidez “Zure izena + interesatzen zaizun gaia” alerta jarri, edo Google-n zuzenean bilatu, eta nola ez, sare sozialetan.

Hitz gutxitan, bai Interneten, bai gailu elektronikoetan (mugikorrak bereziki) ditugun datu pertsonal guztiekin adi egon behar gara eta behin baino gehiagotan pentsatu, ezer partekatu aurretik. Behar baino gehiago ez partekatu eta egosurfing-a praktikatu gure buruari buruz zer esaten den jakiteko.