Ez du irauten soinekoak gorputzak adina. Urtebete joan da eta igaz martxoan argitaratutako artikulua dagoeneko zaharkituta geratu da. Igaz GAIA-X izeneko ekimenaz hitz egiten genuen, urruti eta atzerriko zeozer moduan. Beno, urtea joan da, eta GAIA-X gainean daukagu, eta Bilbon bertan.
Aurreko artikulua irakurri al zenuen? Ondo. Horrela bada, goazen mamira: Datu Eremuak (Data Spaces). Zer dat Data Eremu bat? Beste teknologia bat? Beste asmatutako termino “teknopolitiko” bat? Ez bata ez bestea, eta biak alde berean.
Hainbat eragilek datuak modu homogeneoan partekatzeko konfiantza eta segurtasuna ematen duten egiturak dira Datu Eremuak, gobernantza, antolamendu, lege eta teknika mekanismo konbinatuen bidez. Gune horiek elkarreragingarritasuna errazten dute datuetara iristeko edo datuok transferitzeko, eta aukera ematen dute datuok modu eraginkor eta legitimoan berrerabiltzeko, aldeek beren datuen gainean duten subiranotasun eta kontrol testuinguru batean.
Igazko egoera ez da batere aldatu: Gaur egun, plataforma teknologiko handi gutxi batzuek (GAFAM – Google-Alphabet, Amazon, Facebook-Meta, Apple eta Microsoft) kontrol handia dute B2C motako datu gehienen gainean. Hala ere, datu industrial eta ez-pertsonal ugari dago, eta IoT sare eta teknologien hedapenarekin hazten jarraituko du. Datu horiek erabakigarriak izango dira bai enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko, bai ongizatearekin edo ingurumenarekin lotutako erronka handiei irtenbidea emateko. Erronka horiek ezin izango dira gainditu datuen kudeaketa adimenduna egin gabe.
Era guztietako enpresa eta erakundeek etekina atera diezaiokete hobetzeko ahalmen horri, datu-merkatu ireki, seguru eta fidagarri baten bidez, datu-ekonomia baten bidez, parte-hartzaileei datuak eskuratzeko, erabiltzeko, elkarreragingarritasuna izateko eta kontrolatzeko aukera ematen dieten espazioen bidez.
Datu erabilgarriak pribatutasun- eta segurtasun-baldintza egokietan eskuratu eta partekatzea ezinbestekoa da, beraz, datuen ekonomiaren testuinguru berri batean. Izan ere, askotan, datu horiei lotutako zerbitzuen balioa handitu egiten da, hainbat iturritatik konbinatuta esanahia gehituz. Beraz, funtsezko elementuak dira elkarreragingarritasuna eta kalitatezko datuen transakzio-kostuak murriztea borondatezko testuinguru seguru eta fidagarrietan, non aldeek haien gaineko subiranotasuna eta kontrola baitute.
Hauek dira Data Eremuen onurak:
- Datuak eskuratzeko konfiantza (datu pertsonalak nahiz pertsonalak, pribatuak eta irekiak), hainbat erakunderen esku eta borondatez eman nahi dituztenena.
- Datuen sarbidea eta erabilera pribatutasun eta segurtasun baldintza egokietan egiteko babesa.
- Datuen kontrol osoa edo partziala dutenek beren subiranotasuna erabili ahal izateko bermeak.
- Sistema ireki eta elkarreragile batean funtzionatzeko mekanismo estandarizatuak.
- Batzuetan “monetizatzeko” formulak martxan daude.
Monetizazioa? Bai. Datuetarako Europako Estrategiaren arabera, duela hiru urte (COVID aurrekoa), datuen ekonomia (edo datu bidez oinarritutako edo gaitutako transakzioen balio ekonomikoa) 301.000 milioi eurokoa zen. Aurreikuspenen arabera, 2025ean, beste hiru urtean, 829.000 milioi euro izango dira. Nork hartuko du barne produktu gordinaren gehikuntza hori? Horren atzetik, lanbideak: 10,9 milioi datu-profesional Europan hiru urte barru; duela hiru urte, 5,7 milioi besterik ez. Galdera berri bat: Non sortuko dira lanbide berri guzti horiek? Zenbat Europan? Zenbat Euskal Herrian? Erronka ederra.
Hona hemen erronka horien ezaugarriak:
- Datozen urteetako datuen leherketa, batez ere industriakoak.
- Enpresek eta administrazioek datu-zerbitzuak eta hodei-zerbitzuak modu mugatuan erabiltzea, eta era horretako zerbitzuak ustiatu gabe geratzeko arriskua.
- Erabiltzaileen itxaropen berriak, datuei dagokienez.
- Gai horien inguruan enpresak eta herritarrek dituzten eskumenen gaitasun mugatuak.
Bueltatu gaitezen lurrera: Ze arraio gertatzen ari da ba GAIA-X ekimenarekin? Europa mailan gauza asko. Euskal Herri mailan ere, eta Bilbon laster egingo den ekitaldia horren erakusgarri ona da, GAIA-X industria aurreratuan hedatzeari lotutako ekimena jarri baita abian, gure ekonomiaren eta gizartearen motorra. Gehiago jakin nahi? Parte hartu nahi? Sarea zabaltzen ari da.