Urak dakarrena, urak darama, baina gure inguruan sortutako hainbat eta hainbat berrikuntza eta horien gainean sortutako enpresa berriak zoriarekin zerikusi txikia daukate. Zoriak dakarrena etorri bezala joaten da, eta izan liteke noizbait eta no-non horrelakorik gertatu izana, baina ez da hori gure patroia. Berrikuntza asko gure gainetik pasatzen direla argi dago, baina badira gure inguruan aukerak ondo profitatuz benetako istorio harrigarriak idatzi dituzten ekintzaileak. Horretarako nahitaezkoa da abenturazalea izatea, eta mapa on bat edukitzea berrikuntzaren oihanean bidexkak topatzeko. Mapak? Zelan lortu berrikuntzaren mapak? Horrelakorik ba al dago gure mundu digitalizatu bizkor honetan? Bai eta ez, mekanika kuantikoaren antzera:

EZ – Berrikuntza zikloak asko laburtu dira. Horren adibide (adibide ederra benetan) Eva ArriluceakKanoien bila joan ginenean eta otso-babak aurkitu genituenean artikuluan kontatzen diguna. Juan José Elhuyar eta Ignacio de Montalbo espioitza lanetan joan, eta urteak pasata emaitza zuzenik gabe bueltatu, baina wolframioa topatu. Eskoziara joan zirenean Carron Company-k zeramatzan sekretu industrialak ikastera joan ziren, hori baitzihoen eskura zeukaten mapak, misio argi bat. Bidean mapa hori aldatu egin zen eta baita misioa ere. Posible al da horrelakorik mundu globalizatu eta hiperestresatu honetan? KPI-z (Key Performance Indicators edo Kudeaketako funtsezko adierazleez) betetako erakunde modernoetan? Zaila da mapa bat jarraitzea gaurko misio bizkorretan: Fast food, fast fashion, fast technology… fast results. 

Zaila da mapa bat jarraitzea gaurko misio bizkorretan: Fast food, fast fashion, fast technology… fast results. Txioka nazazu!

BAI – Bestalde gaurko mundu honetan askoz errazagoa da tendentziak eta aldaketak jarraitzea, bai munduan egunero antolatzen diren ehundaka konferentzietan, bai astero agertzen diren milaka txostenetan. Egia da espioitza bizirik dirauela, baina gaur eguneko Elhuyar edo Montalbok beste prozedura eta tresna batzuk jarraitzeko erraztasunak edukiko lituzkete. Agian prozedura eta tresna horien artean prospektiba bat izango litzateke, nork daki. Ukatu ezina dena zera da: Gaur egunean berrikuntza mapa zehatzak jarraitzea baino hobe dela prospektiba ariketak egitea eta ziklo laburretan mapan idatzitako bidexkak berrikustea. 

Ezetzaren gainetik eta baietzari helduz, gure inguruan prospektiba adibide ederrak ditugu. Uda honetan Innobasquek kaleratutako prospektiba txostena aukera eduki dut, eta gure ekintzaile eta enpresa sareak adierazitakoarekin bat natorrela esan behar dut. Txostenak lau joera global aztertzen ditu: (1) Aldaketa demografikoak, (2) Txinaren protagonismoa, (3) klima aldaketa eta (4) iraultza teknologikoa. Iraultza horren barruan  lau adierazgarri lantzen ditu, (a) aldaketaren azelerazioa, irismena eta sakontasuna, (b) digitalizazioa eta dakarren eraldaketa, (c) teknologien arteko konbergentzia eta (d) baliabide-eskuragarritasuna. Joera eta adierazle horiek identifikatu ondoren, gure inguruko ekonomia eta gaitasunekin gurutzatzen dira, aukerak eta mehatxuak argituz. Zein da aukera guztien artean lehenestearen emaitza? Zein da aukera nabarmenena, guretzat eta gaur egun? Eraldatze digitala:

Euskadik, teknologia horiek xurgatu eta erabiltzeaz gain, bere erakundeen eta gizartearen eraldaketa digitala lortzeko asmoa izan behar du. Eraldaketa digitala kontzeptuaren bidez, erakundeetan aldaketa orokor bat egiteari egiten diogu erreferentzia, bezeroa ardatz duten erakunde bihurtu ahal izateko lagungarria izango dena. Gizartean, eraldaketa digitalari esker, pertsonak harremanetan egon daitezke erakunde publiko eta pribatuekin teknologia digitalen bidez, eta aldaketak susta ditzakete haiengan, lortutako ahalduntzea baliatuz. Informazioa eta prozesuak digitalizatzen dira, eta erakundeek, negozioek eta estrategiek eraldaketa digitalak dituzte. Digitalizazioan, teknologia da muina, eta eraldaketa digitalean, berriz, bezeroa(Joera globalen inpaktua Euskadin: berrikuntzarako aukerak eta mehatxuak, Innobasque)

Garatzeko eta aplikatzeko lehenetsitako teknologiak hauek dira:

  1. Big Data
  2. Zibersegurtasuna
  3. Adimen artifiziala
  4. Robotika
  5. Sentsorika eta biosentsorika
  6. Gauzen interneta (IoT)

Zerrenda honetan daude gure ingurune digitalean pil-pilean ditugun teknologiak. Borroka globala da, baina etxean irabazi behar dugu. 

Txostenak dion moduan, gu geu gure etorkizunaren protagonista. Txostenak txosten, berrikuntza mapak  sortu eta ondo irakurri behar ditugu, aldaketak garaiz aurreratuz eta bidegurutzeak zuzen jarraituz. 

Elhuyar eta Montalbok ondo egindako bidaia, hainbeste bider entzundako “Izan ere” kantuak esaten duen moduan:

Izan ere gauzek ez dute nahi genuen bidea hartu

Izan ere damutu aurretik datorrena borrokatu

(Kerobia)