(COVID-19 ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioaren erronkak izeneko udako ikastaroan egindako ekarpenaren moldaketa)

COVID-19aren hasieran, 2020ko apirilaren 27an, foro honetan idatzitako artikuluan administraziotik martxan jartzeko zerbitzu batzuk proposatzera ausartu nintzen:

  • Osasun arloan arreta-zerbitzu pertsonalizatua eta ondo publizitatua.
  • Datu guztiak irekian zabaltzea txukun eta azkar. Opendata bidez.
  • Metodologia egonkor bat.
  • Covid-aren kudeaketarako zerbitzu berriak: distantziak, edukierak…

Amaieran zera nioen: 

Hau luzerako doa, eta eten digitala gero eta arazo larriagoa bihurtuko da. Momentu egokia izan daiteke alde horretatik anbizio handiko politikak martxan jartzeko, ikasleei, zaharrei, immigratuei… begira. Administrazioa eta herrigintza elkarrekin joanda emaitza onak lor daitezke alor honetan.

Ildo horixe izango da gaurko ekarpenaren abiapuntua, batez ere adinduei dagokien arrakala digitalaren ikuspuntutik.

Gogoratu behar da sindemia honetan zehar digitalizazio behartua areagotu dela hainbat zerbitzutan:

  • osasungintzan, medikuarekin hitz egiteko, analisiak egiteko edo txertoa jartzeko zitak (SMS, Web)
  • eskolak eta irakasleekiko zein ikaskideekiko komunikazioa
  • (bulegoak itxita egoteagatik) administrazioaren zerbitzu batzuk
  • (banketxeak ixten eta ordutegiak murrizten doazen neurrian) banku-zerbitzuak gero eta urriagoak eta gero eta korapilatsuagoak

Horren ondorioz pertsona askoren autonomia murriztu da, teknologiaren gabeziarengatik edo ezagutza ezarengatik, batez ere pertsona nagusien artean. Are gehiago, arrazoi horrengatik adindu askoren autoestimuak behera egin du, eta gainera, kasu askotan, atzera bueltarik gabe. Eta hori ez da joera puntual bat, etorkizunean areagotuko den arazo bat baizik. Bazterketa sozialtzat hartzen dituzte zenbait autorek:

…the condition of second-class citizenship of the elderly as a consequence of globalization.

COVID krisiarekin Internet ezinbesteko zerbitzua dela geratu da agerian, eta horrela den neurrian administrazioaren ardura izan behar da herritar guztiek zerbitzu hori eskuratu ahal dezaten.

 

HAINBAT DATU

Arazoari neurria hartzeko eta balizko konponbide batzuk proposatzeko funtsezkoa da datuak eskuratzea. Zoritxarrez ez daude datu asko adinduen arrakala digitalaz, jakiteko zenbateraino mugatzen zaien autonomia, zenbateraino sentitzen diren baztertuta zerbitzu digitaletan. Lan honetarako eskuratu ditudan datuak Eustat-eko 2020koak dira. Adin-tarteen araberako taulan azken zutabean 65 urte eta gehiago dutenen zehaztasunak datoz. Komenigarria litzateke datu horiek xeheago desglosatzea adin-tartearen barnean, alde handia baitago 65 eta 85 urteko pertsonen artean. Dena den ondorio interesgarriak lortzeko zenbakiak dira: 

  • Interneteko erabiltzaileak % 42 baino ez dira
  • Erdira iristen ez diren horiek gehien erabiltzen duten zerbitzua, alde handiz, komunikazioarena da (Whatsapp eta antzekoak): % 93,5
  • Hitzordu mediko bat hitzartzeko erabiltzen dutenak % 14,8era ez dira heltzen
  • Online ikastaro osoa egiteko ia inork ez du erabiltzen: % 2,5
  • Bankuekin aritzeko zerbitzua nahikoa erabilia da:  % 37,5

Datu harrigarriena, nire ustean, hitzordu medikoak hitzartzearena da. Hainbat arrazoi egongo da horren atzean, baina esango nuke garrantzitsuenetako bat webgunearen irisgarritasunarekin lotuta dagoela. Osakidetzak badu zer hobetu alderdi horretatik.

 

PROPOSAMENAK ZIRRIBORRATZEN

Zerbitzu digitalen ugaltzearekin adinduen arrakala digitala areagotuko da gaiari errotik heltzen ez bazaio, zerbitzu digital berriak ezartzeko abiadura handiago izango baita adinduen trebezia digitalarena baino, azken hori gorakorra izan arren.

Arrakala horri mugak jartzeko ildo nagusiak definituta daude eskubide digitalez idatzitako dokumentutan: 

  • Ekitatea, pobretze digitalaren aurrean. Arrakala digitala pairatzen dutenek ez dute, sarritan, baliabide ekonomikorik tresnak zein ezagutzak eskuratzeko, beraz, lagundu behar zaie, garraioarekin edo beste zerbitzu batzuetan laguntzen zaien moduan. Estatistiketan ikusi dugun moduan adinduen erdia baino gehiago ez dira konektatzen, eta zenbat ez dakigun arren hainbat kasutan baliabide falta da arrazoia.
  • Heziketa digitala. Horrek ere bazterketa gutxitzeko lagunduko da. Baina ez bakarrik dagoeneko aritzen direnentzako heziketa, gehiago ikas dezaten. Hori ere egin behar da, baina zailena mundu digitaletik at daudenen heziketa da. Eta horretarako jarrera proaktiboa behar da. Ez bakarrik ikastaroak eskaintzea ohiko guneetan.

Zerbitzu irisgarriak, diseinu unibertsalean oinarrituta. Osakidetza aipatu da baina zerbitzu publiko gehienak hankamotz geratzen dira alde horretatik. Izenpe edo NAN elektronikoa dira muturreko adibideak, herritar xeheei horiek erabiltzen behartzea zerbitzua eman nahi ez izatearen baliokidea da, COVID pasaportea delakoaren kasuan ikusi den bezala (EAEn hasieran derrigorrezkoa zen, gero beste sistema batez bideratu zen). Errenta-aitorpenean ere, badaezpada, beste aukera batzuk daude, baina bizi-testamentua egiteko edo aldatzeko, adibidez, ez. Noizko digitalki identifikatzeko sistema publiko irisgarri-unibertsal bat, teknologia irekiarekin egina?

 

 

Baina aurrekoa ez da nahikoa, horrez gain bide ez-digitalak aurreikustea eta bideratzaileak (erraztaileak) eskaintzea egon behar da agendan:

…hala eta guztiz ere, beti egon beharko luke beste era bat, kanpoan gelditzen diren herritar horiei erantzuteko.

Bideratzaileena zerbitzu digitalekin arazoak dituzten pertsonak laguntzeko zerbitzu posible bat da. Frantziako udal batzuetan eskaintzen da, eta ez bakarrik administrazio publikoarekin aritzeko, zerbitzu pribatuekin (banketxeak, aseguruak…) aritzeko ere bada. Interesgarria litzateke udaletan halako zerbitzuak eskaini eta erabileraren ebaluazioa egitea. KZguneak izan litezke zerbitzu horien ernamuina, baina jarrera-aldaketa bat eskatuko luke zerbitzu emaileen aldetik.

Beste proiektu egingarri bat BetiOn zerbitzua eguneratzea eta osatzea da. Etxean bakarrik bizi diren adinduei zuzendutako zerbitzua (osasunean zentratuta) komunikazioarekin eta zerbitzu digitalekin lot zitekeen, udalen eta sare komunitarioen lankidetzan.