Bitcoinak munduko moneta izango ote diren edo ez eztabaidatzen aritu nintzen aurreko artikulu batean. Egia esan urrun dago hori, baina bada oso gertu dugun eta izugarri aldatu behar den beste diru modalitate bat: txartelarekin ordainketak egitea.

London ingurutan egun batzuk eman eta gero, bueltan gauza batez ohartu naiz: han emandako denbora denean, billete bakar bat izan dut eskutan. Umeek txapel bat nahi zuten eta denda/postu horretan ez zuten txartelik onartzen, eta hargatik kutxazain batera gerturatu eta 20£ lortu behar izan nituen. Horretatik kanpo, dena, den-dena, txartelarekin ordaindu dugu.

Eta ez edozein modutan: gehiena contactless aukera erabiltzen.

Gehienok ezagutzen dugu contactless sistema: txartela gerturatu eta, inolako Pin edo sinadura gabe, instant batean ordainketa bat burutzen duzu. Momentuz 20 edota 30 eurotako erosketetara mugatzen dute banku gehienek. Mugi edota Barik sistemen tankerako hori da, baina garraioei aplikatu beharrean, edozein erosketari aplikatu ahal zaio.

Erraz eta eroso

Eta sistema horrekin, hirian gora eta behera ibili gara munduko gauzarik errazena bailitzan. Nire herrian bertan baino errazago mugitu izan naiz! Hemen adibide batzuk:

  • Londoneko autobusetan ibiltzeko ez duzu bidai-txartelik erosi behar: txartela “contacless” izanik, autobuseko txartel sistemara gerturatu eta bidaia ordainduta! Barrura! 
  • Tabernatan edariak edota janaria eskatu eta ordaintzeko momentuan, txartela erakutsi eta akabo!
  • Supermerkatura sartu, Coca Cola edota patata batzuk hartu, kaxara gerturatu, txartelarekin kaxa ukitu eta kalera. Minutu bat baino gutxiago sartzen zarenetik kalera irtetzen zarenera arte!

Gurean zer?

Etxera itzuli eta bat-batean dena suertatzen zait deseroso. Hartara, nire galdera: sistema horiek estatu edo euskal herri mailan noizko? Noiz desagertuko dira billete eta txanponak? Lehenagoko konparaketaren harira: zertarako mantendu (eta denon artean ordaindu) Mugi edo Barik moduko txartelak, haiek diruz kargatzeko beharra, deskontu berdinak bankuko txartelarekin lor daitezkeenean? Zer gehitzen du horrenbeste txartel izateak?

Eta kontuz, hau ez da Londoneko esklusiba: Europako beste hainbat hiritan (edo herrialdetan) funtzionamendua berdina da.

Denak ez dira aldeko gauzak: lagun artean edo koadrilan ateratzen garenean bote jarri beharrean, txartel komun bat egin beharko genuke? Gastua kontrolatzeko ze modu agertzen zaigu? Erraza da oso dirua gastatu eta gastatu aritzea, zenbat gastatzen duzun jakin gabe… Bestalde, diru fisikoarekin ibiltzeak ere badu bere xarma: denok gorde izan ditugu atzerriko txanponak edota pezeta zahar haiek. Baina, hala ere, sistema berria ezartzea denbora kontua baino ez dela argi dirudi.

Azken gauza bat: zenbaitek esango dute nahiago dutela zuzenean bankuko txartelak kentzea eta mugikorrarekin ordaintzea. Android Pay, banku ezberdinen aplikazioak etab. martxan dira jadanik horretarako. Tira, ni horren aldekoa ez naiz, edota ez oraindik behintzat: gure nagusiek txartelarekin ordaintzeko ohitura badute, baina mugikorrarekin ordaintzea ostera ez. Eta sistema berri hauek, beste edozeren gainetik, denontzako erabilgarriak izan behar dute, ez talde teknokrata txiki batentzat.

Edozein sistema ezartzen delarik ere, gauza bat argi geratu zait opor hauetan: gai honetan (ere), berandu gabiltza hemen!