Zein printzipio eta praktika dira egokiak?
Informatika Euskaldunen bilkura (IEB2018) laster dator eta aurtengo gaia ezin interesgarriagoa da: “Burujabetza teknologikoa”. Gaia dezente haratago badoa ere, burujabetza teknologikoaren garrantzia handitu da gure artean Katalunian izandako erreferendumaren ildotik, enpresa nagusiekiko mendekotasunak erreferendumaren antolakuntza zaildu baitzuen [1][2][3]. Non/nola kokatu zerbitzuak? Zer egin hornitzaile komertzialen zerbitzu-etenaren aurrean, zerbitzu-ostatatze aldetik zein konektagarritasunaren aldetik?
Gaiari heldu nahian argiago geratzen dira azpiegitura edo hardware kontuak software edo aplikazioenak baino. Argi baitago administrazioak edota herrigintzak bultzatu beharko luketela azpiegitura horien gaineko burujabetza, hornitzaile komertzialen mendekotasuna saihestuz. Azpiegituraren inguruko gai horietaz aritzen den liburu libre interesgarri bat dago, SobTec, eta bertan horretaz sakontzen da: zerbitzari propioak izatea hodei-zerbitzuen erabateko mendekotasuna saihestuz, wifi sare alternatiboak bultzatzea. Iratxe Esnaolak ere horretaz idatzi zuen Gaur8n gai horren inguruan 2016an egin zen mintegia dela-eta.
Azpiegituren aldetik burujabetza teknologikoa burujabetza energetikoarekin parekatu daiteke eta bere printzipioekin lotu. Hor dugu Goiener eta I-ener arlo energetikoan eta guifi.net zein Izarkom sortu berria konektagarritasunari begira. Baina aplikazioei eta softwarearen aldetik zein printzipio eta praktika eraman behar dira aurrera burujabetza teknologikoa bultzatzeko? Programen eta aplikazioen arloan printzipio desberdinak behar dira eta software librearena, bere lau askatasunekin (programa exekutatzekoa, aztertzekoa, kopiatzekoa eta hobetzekoa; funtsezkoena da noski. Horrela, softwarearen garapenari dagokionez burujabetza energetikoa baino, elikadura-burujabetza eta agroekologia inspirazio-iturri egokiagoa da. Software jabedun aurka aritzea hazi (transgeniko) antzuen aurka aritzearen antzekoa litzateke, eta software garapenera ere eraman daitezke, besteak beste, bertako ekoizpenaren, (bio)aniztasunaren eta soldata duinen aldarrikapena.
Burujabetza teknologikoaren inguruko proposamen askok, aipatutako liburuarena barne, printzipio horietan oinarritzen dira, ekologia eta deshazkundearekin lotuz. Bada gaur egungo paradigma nagusiak “Big data” eta “Deep learning” printzipio horien alderantzizkoak dira. “Gero eta datu gehiago” zein “gero eta prozesaketa-behar handiago” leloek laburbil ditzakete bi teknologia horien funtsa, deshazkunde eta iraunkortasunaren printzipioetatik urrun. Autogintzan autoei aplikatzen zaien abiadura-mugak edo industrian ingurumenari kalte egiteagatik dauden ekoizpen-mugak buruan, inoiz antzeko zerbait ikusiko dugu informatikaren munduan?
Esan bezala software librea bultzatzea, erabiltzea, eta sortzea izan behar da lehentasuna. Ikerkuntzan eta garapenean ere, batez ere diru publikoarekin finantzatutakoan, software librea izan beharko litzateke paradigma nagusia. Euskal Herrian asko egiten da, baina asko dago egiteko. Adibidez, ez dago erreferentzia-zentro bat software librearen inguruan. Unibertsitatea izan beharko litzateke bere kokapen naturala, halaxe gertatzen baita gure inguruan; baina orain arte egin diren saiakerek huts egin dute. Bitartean ziber-segurtasunaren inguruko bi erreferentzia-zentro sortu dira berriki.
Bestalde, software librea egiten denean ere, badago komunitatean oso hedatua dagoen gaitz bat: proiektu propioak bultzatzea, martxan dauden proiektuetan lankidetzan aritu beharrean. Gurpila behin eta berriro asmatzea, alegia. Horretan borondatea garrantzitsua da, baina ezagutza eta saretzea ere. Aipatutako erreferentzia-zentroaz gain, Git teknologia eta github gunea/sare soziala oso lagungarriak izan daitezke ezagutze eta saretze horretan.
Eta bukatzeko ez ahaztu IEB 2018an, maiatzean, aukera izango dugula honen inguruan gehiago sakontzeko!