Bitcoin dela-eta ezaguna da, baina beste aukerak ere eskaintzen ditu.
Bloke-kate izeneko teknologia (Blockchain) ezaguna egiten ari da azken garaian. Hasierako ospea, dudarik gabe, bitcoin kripto-monetari zor dio, baina oinarrizko teknologia izanik beste aukera interesgarriak eskaintzen ditu. Gorka Juliok (@teketen) azpiegitura moduan duen ahalmena elektrizitatearen garraio-sarearekin erkatzen zuen. Datu-base publiko erraldoi gisa ikus daiteke, peer-to-peer (muturretik muturrera) eredu deszentralizatuan eta kriptografian oinarrituta. Formalki balio-trukerako protokolo gisa definitu da, horretarako dauden gaur egungo bideak gaindituz azkartasun, fidagarritasun eta prezio aldetik. Beste batzuk notaritza-sistema automatiko moduan irudikatzen dute.
Wikimediatik hartutako irudiaren bidez modu grafikoan azal daiteke oinarrizko kontzeptua: kate nagusia (beltzez adierazita) lor daitekeen bloke-kate luzeena da (errepikatuak baztertuz), abiapuntua edo genesia berdez adierazitako blokea izanik. Txanponaren kasuan kate nagusiak sal-erosketen sekuentzia identifikatuko luke.
Tamalez ez da samurra teknologia honen funtsa labur kontatzea baina bere oinarrizko ezaugarriak ulertzea funtsezkoa da dituen aukerak eta, etorkizunari begira, balizko garrantzia ulertu ahal izateko. Ezaugarri garrantzitsu hauek azpimarratu daitezke:
Banaketa globala eta deszentralizazioa: informazioa Interneten zehar banatuta dago, eta ez dago puntu zentralizaturik. Datuak jatorrizko informazioari lotuta geratzen dira gako publiko baten bitartez (zifratze asimetrikoan oinarrituta). Informazioa tokenetan banatuta dago eta token bakoitzari denbora-zigilu bat esleitzen zaio. Informazioa erreplikatuta dago hainbat nodotan. Nodo bakoitzari meatzari (miner) deitzen zaio eta haien ardura da informazioaren kopia edukitzea eta transakzioak egiaztatzea, beti ere aginte zentralizaturik gabe. Transakzio bat dagoen bakoitzean nodoak eskaera zabaldu egiten du hedapen (broadcast) bidez eta kate nagusia lortzen da nodoan. Era berean, sistema banatua ondo funtziona dezan nodoek besteen eskaerak erantzuten dituzte.
Irekitasuna: edozeinek atzitu dezake informazioa edozein tokitatik baina modu zifratuan, aipatutako gako publikoaren bidez. Gako pribatua duenak bakarrik kontsultatu dezake edukia. Segurtasun aldetik ahuleziak murrizten ditu honek, ez baitago zerbitzarietan-edo sartzeko egiaztatzeko aparteko sistemarik. Honekin kontrajarriak diruditen bi helburu lortzen dira: notaritza eta parte hartzaileen anonimotasuna mantentzea.
APLIKAZIOAK
Esan bezala, kripto-moneta kudeatzeko sistema moduan egin da ezaguna teknologia hau, eta momentu honetan banketxeak, aseguru-enpresa eta aholkularitza-enpresa multinazionalak dira teknologia honetan interesatuenak. Baina beste aukerak ere lantzen ari dira. Adibidez, Errusian hauteskunde-bozketetan aplikatzeko eta, nazioarteko elkarlan batean, musikaren egile-eskubideak kudeatzeko sistema bat aztertzen ari dira.
Osasun-erregistroak elkarbanatzeko eredu gisa ere proposatu da. Arlo horretan ere, duela gutxi, adimen artifizialean ari den doc.ai guneak bloke-kateen teknologia barneratzen duen plataforma bat jarri du martxan . Osasun inguruko informazioa partekatzea eta aholkuak jasotzea da funtsean plataformaren helburua.
Ikerkuntza aldetik, izen handiko unibertsitatek bultzatuta, berriki aldizkari zientifiko ireki bat sortu da teknologia honi begira, Ledger izenekoa. IBMk ere teknologia honi zuzendutako ikerketa-gune berri bat sortu du.