Aurreko sarreran aipatu bezala, ohikoa da Blockchain teknologiaz aritzean teknologia honek izan ditzakeen erabilerak eta bere ontasunak aipatzea. Blockchainen aplikazioa eta bere ontasunak probestea ordea, ez da artikulu horietan azaltzen den bezain erraza. Hori dela eta, hurrengo lerroetan Blockchain teknologia desmitifikatzen saiatuko gara. Horrela, etorkizunean irakurtzen dugun edozein artikulu era zorrotz batean aztertu ahal izango dugu.

 

Oinarriak

Teknologia honek izan ditzakeen erabilera ezberdinak aipatzean, teknologiaren beraren funtsetan oinarritzen gara. Ondoren, teknologiaren beraren funtsak azaltzen dira. Gehiago sakondu nahi izanez gero, duela urte batzuk argitaratutako “La revolución Blockchain” liburua gomendatuko nuke.

  • Informazioaren deszentralizazioa: Blockchain sistemetan ez dago informazio guztia bere egin eta kudeatzen duen entitate bakar bat. Datuak sareko parte-hartzaile guztien artean banatzen dira, parte-hartzaile bakoitzak datuen kopia bat duelarik.
  • Sistema banatua: Blockchain sareak sistema banatuak dira, hau da, sareko parte-hartzaileen arteko harremana zuzena da eta, ez dago harreman hauek kudeatzen dituen entitate bat. Ondorioz, edozein parte-hartzailek proposatu dezake datu berri baten gehitzea.
  • Kontsentsua: datu berri bat bloke katera gehitzeko, ezinbestekoa da adostasun bat lortzea parte-hartzaile guztien artean, hau da, kontsentsu bat behar da. Kontsentsu algoritmoak datu berrien baliozkotasuna egiaztatzen duten mekanismoak dira.
  • Smart Contract: Blockchain sistema batek exekutatu ditzakeen programak dira, funtzio multzo bat definitzen dute. Blockchain sistema batzuek, Smart Contract berrien inplementazioa ahalbidetzen dute.

 

 

Abantailak

Aurreko oinarriak aintzat hartuz, ugariak izan daitezke teknologia honen aplikaziotik eratorri daitezkeen abantailak. Abantaila guzti horiek ordea, hitz bakar batean laburtu ditzakegu: konfiantza. Azken finean, Blockchain teknologiak konfiantzaren paradigma eraldatzen baitu. Egungo sistema gehienen oinarrian dagoen bezero-zerbitzari ereduaren eraldaketa dakar Blockchainek. Entitate batean delegatu beharrean konfiantza, Blockchainen sistemetan sistema bera da segurtasun eta konfiantza hori ematen dizkiguna. Zentzu horretan, aipatu beharra dago Blockchain sareak, peer-to-peer sistemak direla, horrek dakartzan abantaila guztiekin.

Bestalde, zibersegurtasun ikuspegi batetik aztertuz gero, Blockchain teknologiak beste abantaila batzuk eskaintzen ditu, informazio erreplikatua izateak berau aldatzea ekiditen baitu. Gainera, edozein datu berri gehitu aurretik, beronen baliozkotasuna egiaztatzen dute sareko parte-hartzaileek ondorioz, edozein iruzur saiakera zailtzen da.

 

Desabantailak

Hala ere, badira teknologia honek aplikaziotik eratorri daitezkeen arrisku eta desabantailak ere. Arestian aipatu bezala, zibersegurtasun ikuspegi batetik informazioa aldatzea zailtzen bada ere, informazioaren erreplika ezberdinak izateak datu horiek eskuratzeko aukerak biderkatzen ditu. Bestalde, konfiantza bada ere Blockchain teknologiaren oinarrietako bat, konfiantza hori eraiki eta definitzeko oinarrizko adostasunak ere behar dira: parte-hartzaile bakoitzak zer rol izango duen edota zein funtzio eta zein eragiketa egin ahal izango diren adibidez. Eta horiek guztiak lehendabizi, teknologiatik harago doan adostasun bat exijitzen dute, zeina zailagoa den adostasun teknologikoa bera eskuratzea baino.

 

Laburbilduz

Blockchain teknologiak ontasun ugari eskaintzen badizkigu ere, badira teknologia beraren aplikazioan eta sistemen ezartzean kontuan izan beharreko kontu teknikoak, baita gainditu beharreko traba ez teknikoak ere. Behin hori lortuta, teknologiak berak eskaintzen dituen abantailak probestea baino ez genuke.