Blockchain teknologiaz hitz egitean, ohikoena Bitcoin, kriptotxanponak edo NFTak aipatzea da, baita identitate digitala ere. Badira ordea hain ezagunak ez diren bestelako ekimenak ere, instituzio edota denetariko enpresek abiatutakoak. Hurrengo lerroetan Europar Batasunak sustatutako ekimenetako batzuk azaltzen dira.
Baliteke Europan, ikuspegi instituzional batetik, ezagunena den kontzeptua MiCA izatea, hau da, duela hilabete eskas onartutako MiCA kriptoxanponen erregulazioa. Dena den, badira Europar Batasuneko estatuek zein Europar Batzordeak sustatutako beste ekimen batzuk ere, hala nola Blockchain sare propio bat zein identitate digital europarra gauzatzeko ekimenak.
EBSI – Europako Blockchain sarea
Duela 5 bat urte Europar Batasuneko estatu gehienek akordio bat sinatu zuten. Akordio horren helburua, Europa mailan blockchain teknologiaren erabilera sustatu eta teknologia honetan oinarritutako zerbitzu publikoak sortzea zen. Akordio horren ondotik, Europar mailako ekimen bat abiarazi zuten: European Blockchain Service Infraestructure (EBSI).
EBSI, Blockchain sare bat izateaz gain, blockchain sare horren gainean eraikitako zerbitzuek osatzen dute. Gaur egun, datuen elkar-trukerako zein notaritza zerbitzuak eskaintzen ditu EBSIk, baita identitate burujabearekin (Self-sovereign identity – SSI) lotutako zerbitzuak ere.
Hala ere, gaur egun zalantza asko sortzen dituen ekimena da EBSI, 5 urteren ondoren, ez baitu lortu emaitza handirik. Pilotu eta proba ugari egin badira ere, egun EBSI ez da nahikoa erabilia. Egoera hori irauli eta EBSI errealitate bat bilakatzeko helburuz, Large Scale Pilots (LSP) deritzon proiektuak abiarazi ziren 2022an. LSP hauek, EBSI produkziora eramatea dute helburu, hau da, EBSI eta bere zerbitzuak finkatu eta zerbitzuon erabilera Europako hiritarrren gehiengoarengana heltzeko sustatutako proiektuak dira. Proiektu horiek, identitate digital burujabea dute oinarri.
EUDI Wallet – identitate digital bakarrerako tresna
Europak beti izan ditu helburu datuen babesa eta pertsonen segurtasuna Interneten. Horregatik, guztiz ulergarria da Europak identitate digital burujabea ezarri nahi izatea. Ondotik, arestian aipatutako LSP proiektuek identitate digitala dute oinarri. Guzti hori gauzatzeko ordea, egungo erregulazioa aldatu eta bestelako elementuak beharrezkoak dira.
Horretarako, alde batetik, Europar Batasuna eIDAS (electronic IDentification, Authentication and trust Services) erregulazioa egunaratzen hasi da, eIDAS2 deritzona definituz; bestetik, EUDI (European Union Digital Identity) Wallet sortzeko ekimena martxan jarri du, hau da, Europar mailako eskuzorro (Wallet) digitala. EUDI Walletak, Europako biztanle, egoiliar eta entitateek haien burua identifikatu eta haien inguruko informazioa era seguru batean partekatzea du helburu. Gaur egun, oinarrizko Wallet bat garatzeko proiektu bat ere abiarazi du Europar Batasunak.
Wallet horren oinarrizko elementuak definituta daude ARF (Architecture Reference Framework) deritzon dokumentuan. Hala ere, oraindik badira eztabaidatzen ari diren kontuak, adibidez: Blockchain sareak informazio elkartrukerako konfiantzazko elementu gisa kontenplatuko diren ala ez. Eztabaida honetan hartzen den erabakiak, EBSIren erabilera bera sustatu edo zalantzan jartzea ekar lezake.
Ondorioz, badirudi EUDI Wallet eta EBSIren egitasmoak aro erabakigarri batean murgildu direla. Europar Batasunaren apustua da instituzio bezala Blockchain teknologiaren abanguardia izan eta hiritarrak erdigunean izango dituen ekosistema digitala sortzea. Hurrengo hilabeteetan ikusi beharko da zein den apustu honen emaitza.