COVID-19 birusak eragindako mundu mailako pandemia gure bizimodua aldatzen ari da, eta horrek zuzenean eragin dio lan egiteko erari ere. Bereziki, derrigorrezko konfinamendua dela eta enpresa askok telelana hautatu dutenez geroztik.  

Gure ohiko lanaren zati esanguratsu bat bilerak dira. Horietan, parte-hartzaileek hainbat ideia adierazten dituzte, helburu komun batera iristeko. Gaur egungo egoeran bilera birtualak egiten ditugu aurrez aurreko bileren ordez, eta  merkatuak tresna ugari eskaintzen ditu horretarako.    

Tresna horietako batzuk ohiko bihurtu dira dagoeneko; modu bat dira egoera “normaltzeko” eta lan-bilerak egin ahal izateko lankidetza-inguruneetan, edo besterik gabe lanean suertatu ohi diren gertakariak bideratzeko. Esan dugunez, mota askotakoak daude, eta maiz erabiltzearen poderioz etengabe sortzen dira gehiago. Hala ere, kontuz ibili behar dugu horietako bat erabiltzen hasiko bagara, masiboki erabiltzeak agerian utzi baitu ez direla guztiz seguruak eta badituztela segurtasun-arazo batzuk.      

Argi dago, behintzat, bilera birtualak aterabidea izan daitezkeela sasoi honetan, bai eremu profesionalean bai lagun eta senitartekoekin harremana izateko. Lanabesak eskura ditugu, baina nola lor dezakegu bilera birtualak seguruak izatea? 

 

Bilera bat seguruagoa izateko aholkuak

Bilera seguruagoa egitea erraza da, eta urrats gutxi batzuk eginda lor dezakezu zure komunikazioak arrotzengandik babestuta egotea. Horretarako,  ezinbestekoa da aldez aurretik antolakundeak onartu duen web-konferentzietarako plataforma baizik ez erabiltzea. Antolatzaileari dagokio parte hartuko duten guztiei informazioa bidaltzea haren funtzionamenduaz, deskargatzea eta instalatzea beharrezkoa ote den adieraztea… 

Hori egin ondoren, baimenak ezarri behar dira erabiltzaile bakoitzarentzat, batez ere dokumentuak aldatu behar badira, eta adierazi behar bada nork duen aukera irakurtzeko bakarrik, nork ezabatzeko eta aldatzeko, etab. Horren harira,  garrantzitsua da sarbide-kodeak berrerabiltzeko aukerari mugak jartzea, denboraldi batez denek kode bera erabiliz gero pertsona batzuek bileretan parte hartu ahal izango baitute horretara deituta egon ez arren.    

Bestalde, eta segurtasuna areagotzeko, jorratu beharreko gaia labaina bada, PIN bakarra edo bileretarako identifikazio-kodeak izateko aukera aztertu beharko litzateke. Segurtasun-irtenbide gehigarri horri esker parte-hartzaileen nortasuna ziurta daiteke.  

Interesgarria da, halaber, itxarongela bat erabiltzea, hau da, bileran onartuan izan aurretik parte-hartzaileek itxaroten duten toki birtual bat. Garrantzitsua da antolatzaileak besteekin bat egin arte bilera ez hastea. 

Era berean, antolatzaileak erabiltzaileei adierazi behar die zer egin dezaketen eta zer ez, eta ez du informazio labainik partekatu behar  parte-hartzaile guztiak antolakundeak onetsitako gailuetan ez badaude eta babes-neurri egokirik ez badute.  

Basque Cybersecurity Centre-k (BCSC) egindako infografia honetan ikus daitezke bilerak modu ziberseguruan egiten lagunduko diguten aholkuak.