Bideojokogile profesionalak izan gabe bideojokoak sortzen dituzten zaleak geroz eta ohikoagoak dira. Ziur artikulu hau irakurtzen duenetako batek RPG Maker bidez abentura txikiren bat sortu duela. Godot edo Unity bezalako motor grafikoekin nahasten ibiltzen direnak ere badaude: hauek nahi bezalako obrak sortzeko baliabideak eta tresnak eskaintzen dituzte.
Sarean txoko propioak eratuta, modu desberdinetan jokoak garatzeari ekiten dioten taldeak ikusi izan ditugu azken urteetan: lehen foro zaharretan bildu ohi ziren —batzuek modu aktiboan abian jarraitzen dute—, baina gaur egun Discord eta bestelako plataformak erabiltzea izaten da normalena.
Kasu batzuetan, aipatutako erremintekin joko propioak sortzen dituzte; beste batzuetan, ordea, zerotik hasita garatutako kode irekiko proiektu bikainak ere ikusi izan ditugu; bukatzeko, dagoeneko kaleratutako titulu komertzial bat oinarritzat hartuta joko guztiz desberdinen jaiotza ere eman da.
Azken hauetako batzuk lan benetan ezagunak eta arrakastatsuak izatera iritsi dira: askotan, gainera, titulu komertzialetan bilakatu izan dira, nortasun eta mekanika propioekin.
Bideojoko hauetatik ezagunenak eta interesgarriak ezagutzeari ekin nahi diogu artikulu honekin: gaurko testuan kode irekiko tituluetan fokuratuko gara. Dena dela, hainbat eta hainbat izango dira kanpoan geratuko direnak: baten bat gomendatu nahi baduzu, aurrera!
Kode irekiko tituluak
Bideojoko hauen kodea askea da; hau da, kode irekiko programekin sortutakoak dira, eta aldi berean kode irekiko programak dira berauok. Hori dela eta, komunitateak modu errazean parte har dezake hauen garapenean: pertsona bakar batek sortutako lana izan arren, nahi duen edonork erabil dezake egindakoa hau aldatzeko, hobetzeko zein edozein txorakeri egiteko.
Funtzionatzemendu eta egitura horri esker, arrakasta eduki duten kode irekiko bideojokoak hilezinak direla esan daiteke: askok eta askok hainbat urte dituzten arren, gaur egun eguneratzen eta handitzen jarraitzen dute. Esan bezala, kodea nahi bezala ikusi eta aldatu daitekeelez, askotan proiektu hauek zatitzen eta gero berriz elkartzen joan daitezke.
0 A.D.
- Garatzailea: Wildfire Games
- Generoa: Estrategia
- Argitaratze data: 2010-04-01
- Plataformak: Windows, GNU/Linux eta Mac
- Webgunea
Estrategia joko ikaragarri honen garapena 2001ean hasi zuten Wildfire Games taldeko garatzaileek. Hasiera batean Age of Empires II: Age of Kings maitatuaren mod bezala jaio zen, baina 2003ean joko propioa izatera igaro zen, baina hainbat urte beranduagora arte kaleratu gabe egon zen. Zalez osatutako estudioak 0 A.D. kode irekikoa izatea nahi zuen: modu horretara, edonork eraldatu dezake kodea. Ez dago esan beharrik titulua guztiz doakoa dela.
Hamabi urteko garapen prozesuaren ostean, alfa bertsioan jarraitzen duela esan beharra dago; horrek ez du esan nahi, baina, ez dutela lanik egin. Izan ere, alfaren 25. bertsioa kaleratu zuten iaz —eta ordu hartatik 26.ean dabiltza lanean—: adabaki handi bakoitzarekin dozenaka berritasun gaineratzen dizkiote Microsoft-en estrategia sagaren pausoak jarraitzen dituen titulu honi.
Zibilizazio mordoa —hamahiru guztira, bakoitza bere berezitasunekin—, armaden arteko guduak bizitzeko kokalekuak eta biomak, mekanika propioak, fideltasun historikoa mantentzen duten unitateak, tresnak zein eraikinak, online jokoa, modak sortzeko aukera eta askoz ezaugarri gehiago dira 0 A.D.-ren garatzaileek prestatutakoak. Are gehiago, euskaraz joka daiteke, lokalizazioak burutzea ahalbidetzen baitute: euskal bideojokozaleen komunitateko hainbat kide arduratu ziren itzulpenaz 2017an.
0 A.D. Windows, GNU/Linux eta MacOS sistema eragileak erabiltzen dituzten ordenagailuetarako prestatuta dago.
FlightGear
Garatzailea: FlightGear
Generoa: Simulazioa
Argitaratze data: 1997-07-17
Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac
Webgunea
Gaur egun Microsoft Flight Simulator-ek sekulako arrakasta badu ere, 1997. urtetik hegazkinen simulagailuen kode irekiko alternatiba daukagula gogoratzea beharrezkoa da. FlightGearren proiektua David Murr garatzaileak abiarazi zuen ordu hartan: pilotuak entrenatzeko zein ingeniaritza tresna bezala jaio zen titulu hau, baina, nola ez, hegazkinen zaleek gozatzeko aitzakia aparta da baita. Are gehiago, hegazkinez gain espazio ontzietan aritzea ere ahalbidetzen digu.
Fisika errealistak, eguraldi dinamikoa, multijokalaria eta dozenaka ezaugarri gehiago biltzen ditu hainbat garatzailek elkarlanean sortutako proiektu honek. Grafikoki zaharkituta geratu bada ere, agian Flight Simulatorren gaur egungo bertsioa mugi ezin ditzaketen horientzat aproposa izan daiteke.
Hainbat eta hainbat hegazkin eta hangar eskaintzen dituzte bertsio ofizialetan; hala eta guztiz ere, modak sartzeko aukera dago. Horrela, hauen kopurua biderkatu egiten da.
Veloren
Garatzailea: Veloren Community
Generoa: Abentura, RPG
Argitaratze data: 2019-05-28
Plataformak: Windows, GNU/Linux eta Mac
Webgunea
Veloren voxel-ekin eratutako atal grafikoa daukan RPG abentura da; multijokalarira bideratuta dagoenez, adiskideekin batera gozatzeko pentsatuta dagoen lana da. Garatzaileen arabera Cube World, Legend of Zelda: Breath of the Wild, Dwarf Fortress eta Minecraft bezalako jokoetan oinarritu dira joko propioa sortzerakoan.
Atal grafikoko elementu guztiak, musika eta gainerako baliabideak komunitateak sortutakoak dira: “Garatzaileek, jokalariek, artistek eta musikariek elkarrekin sortzen dute Veloren”, diote arduradunek. Obra hau sortzeko erabilitako oinarria ere komunitatearena da: Rust programazio hizkuntzarekin prestatu dute.
2018an hasi zuten garapena, eta oraindik ere jokoak eguneraketa erraldoiak jasotzen jarraitzen du. Guztira 20 bat garatzaile aktibo dabiltza lanean, baina era guztietako ekarpenak jasotzen dituzte: azken urteotan 150 bat kideren laguntza eduki dutela azpimarratzen dute.
Game Erauntsiako lagunak euskarazko itzulpenean lan egiten dabiltzala nabarmentzekoa da: asko dago lokalizatzeko, eta, aipatu modura, Velorenek eduki berriak jasotzen jarraitzen du, beraz ez da batere erraza eguneratuta edukitzea. Laguntzeko prest bazaude, idatz iezaguzu, itzulpen proiektura gehi zaitzakegu-eta!
Veloren PC-an joka daiteke: Windows, GNU/Linux eta MacOS sistema eragileetarako bertsioak ditu.
RVGL Project (Re-Volt)
Garatzailea: RVGL
Generoa: Lasterketak
Argitaratze data: 2015-05-01
Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac, Android, Odroid, Open Pandora
Webgunea
Kasu benetan bitxia eta interesgarria dugu hau. Kode irekiko proiektua da, bai, baina 1999an argitaratutako Re-Volt joko komertziala berregitea du helburutzat. Kontrakoa badirudi ere, ez da legez kanpoko proiektua: orain pare bat hamarkada filtratutako Xbox kontsolarako alfa bertsioaren kodea hartuta eratutako jokoa da. Kodea abandonware kategorian sartzen denez, ez dago hau berrerabiltzeko arazorik —edo hori diote garatzaileek!—.
Gaur egun Re-Volt saltokietan eskura daiteke, ordea: zer da zaleek RVGLrekin lortu nahi dutena? Jatorrizko jokoa hartu, bertsio desberdinetako ezaugarririk onenak batu eta are aukera hobeak nahiz anitzak eskaintzea. Hori horrela, 4K bereizmena, zatitutako pantaila, aginte modernoen euskarria, online bidezko P2P partidak eta askoz gehiago biltzen ditu bertsio honek.
Gainera, plataforma desberdinetarako prestatu dute RVGLko kideek: Gaur egun Windows, GNU/Linux eta MacOS bidez PCan, Android gailuetan zein Odroid eta Open Pandora bezalako tresna bitxietan erabil daiteke.
Bukatzeko, euskaraz joka daitekeela azpimarratu behar dugu! Game Erauntsiako kideek itzuli zuten 2018an, eta ondoren garatzaileek hizkuntza proiektura gehitu zuten.
OpenTTD
Garatzailea: OpenTTD
Generoa: Simulazioa, estrategia
Argitaratze data: 2004-03-14
Plataformak: Windows, GNU/Linux
Webgunea
1994ko Transport Tycoon Deluxe bideojokoaren doako kode irekiko eraberritzea dugu OpenTTD. Izenak dioen bezala, negozio simulagailu honetako protagonista nagusia garraioa da: errepideak, trenbideak, itsasoak eta zerua kontrolatu beharko ditugu gure inperioa zabaltzeko.
Bideojoko originalaren ezaugarriak eta mekanikak hartu, eta dozenaka berritasun gehitzen dizkio. Jokatzea errazagoa eta gozagarriagoa izateaz gain, 255 jokalarirentzako multijokalaria nabarmentzekoa da.
Modak gaineratzako aukera ere ahalbidetu dute garatzaileek, hizkuntzak barne: euskaraz jokatzea posible da, besteak beste. Horretarako, jokoa instalatu baino ez dugu egin behar; izan ere, hizkuntza aukeretan izango duzu gure hizkuntza.
Garatzaile taldearen webgune ofizialetik jaisteaz gain, Steam saltokian ere aurki daiteke OpenTTD. Nola ez, Windows, GNU/Linux zein MacOS sistema eragileetarako dago eskuragarri. Euskaraz joka daitekeen beste tituluetako bat da.
SuperTux
Garatzailea: SuperTux Development Team
Generoa: Plataformak, abentura
Argitaratze data: 2004-05-11
Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac
Webgunea
Bata bestearekin antzik ez duten bi jokorekin gatoz. Bietan, baina, GNU/Linux sistema eragilearen maskota da protagonista: Tux pinguinoari gabiltza.
Lehen jokoa SuperTux dugu: Bill Kendrick garatzaileak sortutako eta SuperTux Development Team eguneratutako plataforma abentura da. Irudiak zein bideoak ikusita argi geratzen da lehen Super Mario Bros jokoak hartzen dituela oinarritzat: jauzika ariko gara gehienbat, horretarako hainbat indartzaile edo power-up erabilita.
Lehen bertsioa 2003an zabaldu zen, baina egun ere adabakiak jasotzen ditu: azkena, 0.6.3, pasa den urte bukaeran argitaratu zen. Igerian aritzeko eta hormetatik jauzi egiteko mugimenduak, animazio eta efektu berriak nahiz akats zuzenketa mordoa ekarri zituen, beste hainbat berritasunen artean.
Izotz irlan sakabanatutako mundu desberdinak eta istoriotxo propioa eskaintzen ditu SuperTuxek. Ez da zerrenda honetako jokorik itxurosoena izango, baina plataforma abentura dibertigarri baten bila bazabiltza, aproposa izan daiteke. GNU/Linuxen maskotari buruz gabiltzanez, argi dago sistema eragile honentzat pentsatutako jokoa dela; hala ere, Windowsen zein MacOSen ere joka daitete. Eta bai, euskaratuta dago!
SuperTuxKart
Garatzailea: SuperTuxKart
Generoa: Lasterketak
Argitaratze data: 2007-08-06
Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac, Android
Webgunea
Tuxekin jarraitzen dugu, baina oraingoan generoz erabat aldatuta. Nintendo-ren iturginak egin bezala, pinguinoa kart lasterketetara igaro zen SuperTuxKart-ekin. Proiektua Steve eta Oliver Baker garatzaileek 2004an hasi zuten arren, gaur egun talde guztiz desberdina ari da garapenean lan egiten.
Kode irekiko proiektu desberdinetako maskotak hartu eta lasterketa zoroetan parte hartzea proposatzen digu jokoak: Tux eta Gnu, Gimp programaren Wilber, Emule eta Pidgin bezalako maskotak ikusiko ditugu. 21 zirkuitu prestatu dituzte arduradunek, eta horietan parte hartzeko txapelketak, istorio joko mota zein online partidak antola ditzakegu.
Ez hori bakarrik: Rocket League-n antzera, futbol eta hockey partidak joka daitezke autoen gainera igota. Banderaren harrapaketa, erlojupekoak eta beste hainbat joko mota ere biltzen ditu, gainera.
Blender erabilita sortutako hiru dimentsioko atal grafiko itxurosoarekin, kode irekiko proiektuen artean ikusgarrienetakoa da SuperTuxKart; hala eta guztiz ere, ordenagailu zaharretan jokatzeko pentsatuta dago. Azken bertsioa, 1.3 adabakia, joan den urte bukaeran argitaratu zuten.
GNU/Linux, Windows, Mac zein Android plataformetarako bertsioak dituzte garatzaileek webgune ofizialean. Berriz ere, aupa kode irekiko proiektuak: SuperTuxKartera euskaraz jokatzeko aukera dugu.
Pixel Wheels
Garatzailea: Aurelien Gateau
Generoa: Lasterketak
Argitaratze data: 2007-08-06
Plataformak: Windows, GNU/Linux, Mac, Android
Webgunea
Komunitateak nahi duen edozer egin dezake kode irekiko Pixel Wheelsekin. Momentuz, baina, pertsona bakar batek garatutako proiektu txikia da. Aurelien Gateau frantsesak retro estiloko lasterketa jokoak gogora ekarri nahi ditu joko honekin: ikuspegi zenitalarekin arkade mekanikak biltzen dituzten zirkuituetan ariko gara.
Autoak automatikoki azeleratuko dute; hortaz, gure lana biratzea bakarrik izango da. Tira, ez da egia, kaxetan ezkutatutako objektuak erabiliko ditugu-eta: misilak, minak, laserrak eta gehiago izango ditugu eskura.
Zirkuituak eta kopak, autoen zerrenda luzea —eta asko, desblokeatu beharrekoak— zein bi jokalarirentzako partidak proposatzen ditu Gateauren lanak.
Windows, GNU/Linux eta Mac ordenagailuetan zein Android gailu mugikorretan ibili ahalko gara Pixel Wheelsen. Nahita egiten gabiltzala dirudi, baina ez: joko hau orain gutxi euskaratu du Josu Igoa bideojokozale euskaldunak.
Aukerak barra-barra
Mota honetako proiektuak abiaraztea ez da batere erraza izango, baina argi geratu da horretarako prest dauden komuniteak badaudela. Genero guztietako jokoak ikusi ditugu modu horretara, gauza berriak eta desberdinak eginez zein aurretik argitaratutako jokoak moldatuz eta hobetuz.
Komunitateen funtzionamendua dinamikoa eta eraberritzailea dela ere azpimarratu beharra dago: bai, joko hauek gehienbat talde finko batek garatzen ditu, baina beti dago ekarpen berezi bat egitera animatzen den sortzaileren bat. Batzuetan mod bidez egiten dute —eta askotan gero horiek ofizialki gehitzen dira proiektura—, baina besteetan elkarlan puntualak ikusi izan ditugu.
Gehienak baliabide urriekin egindako proiektu txikiak izango dira, baina begirada bat emateko bezalakoak, zalantzarik gabe. Esan bezala, aipatu gabe utzi dugun kode irekiko jokoren bat nabarmendu nahi baduzu, idatz ezazu iruzkinetan!
____________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________________
Erlazionatutako edukiak:
Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (II): komunitatea saga ezagunak hobetzen
Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (III): obra arrakastatsuenetan bilakatu diren mod-ak