PuntuEUS fundazioan Behatokiak betetzen du nire lan jardunaren zati handi bat. Ezagutzen ez duzuenontzat, PuntuEUS Behatokian Euskal Herri digitalean euskarak eta domeinuek (.EUS batez ere, zer bestela!) duten presentzia neurtzen ditugu, beste hainbat adierazlerekin batera. Bildutako informazioarekin txosten bat osatzen dugu urtero eta informazio hori guztia ikusgarri dago gure webgunean, urteak pasa ahala izandako bilakaerarekin.

Estatistika baina zerbait gehiago

Edozein kasutan, PuntuEUS Behatokian egiten dugun azterketa ez da estatikoa, edizio bakoitza aurrekoa baina osoagoa eta zehatzagoa izaten saiatzen gara. Horretarako, bi hobekuntza mota egiten ditugu: domeinuen edukien azterketan egiten direnak, eta domeinu horien jabeen sailkapenean egiten direnak. Lehenengo ataleko aldaketak Elhuyar Fundazioarekin adosten ditugu, domeinuen edukien azterketa egiten duen azpiegitura beraiek garatu eta mantentzen dutelako. Bigarren atalean, berriz, domeinuaren banaketa geografikoa edota domeinuaren titularra tipologiaren arabera sailkatzen dira, adibidez.

Azken bi horiez gain, .EUS domeinu-izenen titularren azterketa ere egiten dugu, .EUS domeinu-izen bat erregistratu duten pertsonen generoa zehazte aldera. Honen helburua emakumeek domeinuen munduan duten presentzia aztertzea da.

Izan ere, azken urteetan arlo digitalean emakumeek duten presentzia indartzeko saiakerak egiten ari dira hainbat esparrutan, urte askotan zehar gizonezko gehiago izan duen sektore bat orekatzeko. Horretarako, eta adibide bat jartzearren, Donostiako Informatika Fakultatean unibertsitate ikasketak hasten dituzten emakumezkoek Informatika ez hautatzeko dituzten arrazoiak aztertzen ari dira, horiei aurre egin ahal izateko.

Domeinuak

Domeinuak ingurune digitalaren azpimultzo direla kontutan izanda, bertako presentzia aztertu nahi dugu, lanketa horrek dituen emaitzen bilakaeraren jarraipena egiteko. Azterketa egiteko umap.eus-en erabiltzen den metodoa jarraitzen da: domeinu-izenaren titularraren izen-abizenak hartu eta bertatik izena erauzi, ohikoenak diren ponteko izenekin konparatzeko. Konparaketak emaitzarik eman badu, titularraren generoa ezarri dezakegu.

Beno, ohiko izenak esan dut baina, egia esan, Euskaltzaindiak onartutako izen zerrenda hartu da oinarri bezala. Bertan Parmenides edota Klitemnestra izenak onartzen direla ikusita, ‘ohikotasuna’ erlatiboa da… Zerrenda hori osatzeko benetan ohikoak diren beste euskal (eta ez-euskaldun) izen batzuk ere gehitu dira.

Hala ere, kontutan hartu behar da azterketa automatikoak ezin dituela titular guztiak sailkatu: batetik, izen guztiak identifikatzea ezinezkoa delako eta, bestetik, batzuetan domeinu-izenak erakunde baten izenean erregistratzen direlako. Kasu horietan, eskuzko azterketa egingo da periodikoki eta azterketa horren emaitza oinarri bezala hartuko da algoritmoa identifikazio berriak bere kabuz egiteko gai izan dadin. Horri esker, gero eta kasu gehiago identifikatu ahalko dira automatikoki.

Tresna honekin genero banaketaren argazki eguneratua eduki ahalko dugu une oro, orain arte urtean behin egin izan dugun azterketa maiztasun handiagoarekin eginez eta datuak sarriago eguneratuz.

Azkenik, azterketa honetan ez da bere burua identifikatzeko etiketa ez-binarioak erabiltzen dituen jendea kontuan hartzerik izan, baina eztabaida dago gai honen inguruan gizarte mailan eta ea eztabaida horretatik sortzen den aukeraren bat guk ere gure sailkapen hau osatu eta hobetzeko.