Gaur egungo gizartea garatzeko (zerbitzu hobeak izateko, adibidez) behar beharrezkoa da telekomunikazio zerbitzu onak izatea. Zoritxarrez, hainbat tokitan konexio onak izatea oso zaila da: alde batetik, behar diren azpiegiturak zabaltzea oso garestia delako; eta, beste alde batetik, bezero kopurua oso txikia delako.

Kontuan izan behar dugu ere, gaur egungo 39/2015 Legeak[1] ezartzen duena kontuan hartuta, gero eta gehiago erabiliko direla baliabide telematikoak. Beraz, komenigarria da herritarrek Interneteko konexio azkarra eta segurua izatea, administrazioarekin egin behar dituzten izapideak edota eguneroko lana egin ahal izateko.

Hori dela eta, Europako Administrazioek beharrezkoak diren azpiegiturak ezarri eta zabaldu nahi dituzte, informazio- eta ezagutza-gizartea ahalik eta gehien zabaltzeko. Eta horretarako, oso aproposa da Banda Zabala edo NGA (ingelesezko «Next Generation Access networks», Belaunaldi berriko sarbide sareak) izeneko konexioak erabiltzea.

Euskadiko 2020ko Agenda Digitala (AD@2020), Eusko Jaurlaritzak Euskadin Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartea egoki sustatzeko diseinatu duen plan estrategikoa da, eta horretarako hainbat neurri traktore eta bultzatzaile antolatu ditu, adibidez, edozein eremu bizi diren pertsonen arteko eta enpresen (industrialdeak) arteko konexioa (telekomunikazioak) hobetzea. Ekimen horren helburua lurralde adimendun eta kohesionatua lortzea da.

Europako Batzordeak, «Europako agenda digitalean» 2020 urterako ondorengo bi helburu nagusi ezarri ditu:

  1. 2020an herritar guztiek Banda Zabala (gutxieneko 30 Mbps) zerbitzua eskuragarri izatea
  2. 2020an biztanleen %50ak Banda Zabala ultra azkarra (100 Mbps-ko abiadura baino gehiago) zerbitzua eskuragarri izatea.

Egoera

Aldez aurretik eskualde bakoitzaren gaur egungo egoera aztertu behar da abiapuntua zein den ezagutzeko eta etorkizunean eman beharreko pausoak zeintzuk izango diren jakiteko. Horretarako, telekomunikazioen azpiegiturak kontuan hartuta, normalean hiru kategoriatan sailkatzen dira herrialde baten eremuak:

  • Gune zuria: kategoria honetan Banda Zabala ez duten herritarrak/eremuak eta hurrengo hiru urteetan edukitzeko aukera gutxi dutenak sartzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, adibidez, 86.000 biztanle inguru bizi dira halako eremu batean (herritarren %5a).
  • Gune grisa: atal honetan telekomunikaziotako sare bakar bat dagoenean (edo datozen hiru urteetan sare bat ezartzea aurreikusten denean) eta beste telekomunikazio operadore batek beste NGAko sare bat ezartzeko asmoa ez duenean. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, biztanleen %25a bizi da halako eremu gris batean, adibidez.
  • Gune beltza: eremu honetan telekomunikaziotako bi operadorek gutxienez eskaintzen dute zerbitzua (edo datozen hiru urteetan bi operadore egotea aurreikusten da). Beraz, nolabaiteko konpetentzia egongo da bien artean. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, esaterako, biztanleen %70a bizi da halako eremu batean.

Hasieran aipatu dugun moduan, arazoa da gune zurietan Banda Zabala ezartzea ez dela telekomunikaziotako operadoreentzat ekonomikoki interesgarria: alde batetik, eremuak oso zabala direlako, eta, beste alde batetik, bertan biztanleen kopurua (bezeroak) oso txikia delako. Beraz, operadoreek inbertsio handia egin beharko lukete zuntz optikoa gune horietara eraman ahal izateko eta, azkenean, lortuko luketen onura oso txikia izango litzateke. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 800 auzo baino gehiago daude eremu hauetan, gehienak Araban (eta denak landa eremuak dira).

Arrakala digital hau apurtu edo gutxitu ahal izateko, eta Europak agintzen duena bete ahal izateko, Administrazioek diru-laguntzak ematen dituzte. Laguntza hauek gehienez inbertsioaren %90 izan daiteke eta PEBAPlan de extensión de banda ancha», Banda Zabal zabaltzeko Plana) izenez ezagutzen da.

Espainiak, adibidez, aurten PEBA Plana argitaratu berri du. Kasu horretan, diru-laguntza inbertsioaren %50ekoa izango da (650.000 euro, guztira). Horri esker, gune zurietan dauden herri edo auzoak Banda Zabala izango dute denbora gutxi barru eta gune zuritik gune beltzera pasako dira laster.

Eusko Jaurlaritza, berriz, landa eremuetarako bere PEBA Plana prestatzen ari da, uda ondoren prest egongo dena.

[1] 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena