Noizbait domeinu-izenen bat erregistratu baduzue, edo domeinu-izen bat kudeatu behar izan baduzue, WHOIS-a ezagutuko duzue ziurrenik. Protokolo horrekin domeinu-izen bat erregistratuta dagoen ikus daiteke eta, erregistratuta badago, domeinu horren iraungitze-data, titularraren kontaktu-datuak eta beste hainbat informazio kontsultatu.

Protokolo horrek 1982. urtetik darama martxan eta orduko beharrak eta oraingoak aldatu egin direnez, WHOIS-a ordeztuko duen Registration Data Access Protocol (edo RDAP) protokoloa aurkeztu dute, abuztuaren 26tik aurrera domeinu guztiek inplementatu beharko dutena. Helburua epe luzera RDAP-ek WHOIS-a ordeztea izan arren, oraingoz bi protokoloek batera biziraungo dute, WHOIS-a ixtea erabakitzen den arte. Jarraian datoz bien arteko ezberdintasun nagusiak:

 

Segurtasuna

RDAP protokoloa erabiltzeko beharrezkoa da HTTPS konexio bat erabiltzea. HTTPS konexioak soilik onartzea oso zabaldua dagoen praktika bat da, gero eta ohikoagoa dena, eta horri esker RDAP eskaera eta erantzuna modu seguruan transmitituko dira, eta hirugarren pertsonek ezingo dute komunikazio hori atzeman.

 

Erabilerraztasuna

WHOIS kontsulta bat egiteko bi modu daude, erregistratzaile/erregistroak eskainitako kontsulta tresna erabilita, edota terminaletik whois komandoarekin 43. portu zenbakia erabilita. PuntuEUS Fundazioan, adibidez, bi WHOIS kontsulta tresna ditugu, whois.eus (euskaraz dagoena) eta whois.nic.eus. RDAP-en kasuan, berriz, kontsulta egiteko bidea bakarra da, HTTPS bidez.

Horretaz gain, WHOIS kontsulta bat egitean erantzuna testu formatuan itzultzen da, gizakientzat pentsatutako formatuan. Horrek, baina, kontsulta horien erantzuna automatikoki prozesatzea zailtzen du, intereseko informazioa kontsulta horretatik erauztea zailtzen delako. RDAP-ek kontsultaren erantzuna JSON formatuan itzultzen du, programazio bidez eremu horiek erraz atzitu ahal izateko, gizakientzat ere ulergarri mantentzen delarik.

 

Sarbide mailak

WHOIS-arekiko historikoki egon den kexarik handienetako bat domeinu-izenen titularren datu pertsonalak edonoren eskura egotea da. Izan ere, WHOIS bidez kontsulta bat egitean edonork domeinu-izen baten titularraren izen-abizenak, helbidea, kontaktu datuak, etab. lor litzake. Erabiltzaile askok horren aurrean WHOIS pribatutasun zerbitzua kontratatu behar izaten zuten, domeinu-izenaren kontsultetan bere datuak ager ez zitezen.*

RDAP-ek arazo horren aurrean beste ildo bat landuko du. Kontsulta egiten duten guztiek informazio berdina eskuratu ordez, sarbide mailak ezartzeko aukera ematen du, eta kontsulta egiten duenaren motibazioen araberako emaitza eman. Esate baterako, marka babeserako agentzia batek edota segurtasun agentzia batek eskatzekotan datu-pertsonal batzuk eman ahal izatea, eta erabiltzaile anonimo batek eskaera egitean datu-pertsonalik ez ematea. Horrela, beharrezkoa den kasuetan soilik emango litzateke informazio pertsonal hori.

 

* Hori 2018ko maiatzean Europa mailan martxan jarri zen GDPR araudiarekin konpondu egin zen eta geroztik domeinu-izenaren titularraren datuak ez daude ikusgai.